Etxebizitza

Kolektiboaren indarrak josita

Iruñeko Haritu etxebizitza sindikatuak eta bertze zenbait kolektibok manifestazio bat antolatu dute, etxebizitzaren egoera salatzeko. Maiatzaren 13an eginen dute, Iruñean. Erdigunean jarri nahi dituzte etxe bat alokatzeko dauden zailtasunak; umeak dituzten andre arrazializatuek dute arazo gehien.

Haritu kolektiboko kideen protesta bat etxebizitzaren egoera salatzeko. BERRIA
edurne elizondo
2023ko martxoaren 17a
13:36
Entzun

Egoerarik zaurgarrienean direnentzat gero eta zailagoa da egunerokoari aurre egitea; jakien prezioek gora egin dute nabarmen, eta etxebizitza bat alokatzea ezinezko bilakatu da anitzentzat. Gela bat partekatzea da aukera bakarra, askotan. «Haurrak dituzten emakume arrazializatuek dute etxe bat lortzeko zailtasun handien», nabarmendu dute Harituko kideek. Etxebizitza sindikatu bat da Haritu, eta duela bi urte jarri zuten martxan, Iruñean. Egoera zaurgarrienean diren horiei helduleku bat eskaini nahi diete, elkartasun sare bat ehundu, erantzun kolektibo bat emateko asmoz. «Etxebizitzarena gizarte osoaren arazo bat da». Auzi hori erdigunean jartzeko, manifestazio bat antolatu dute, bertze hainbat kolektiborekin batera; maiatzaren 13an eginen dute, Iruñean.

«Kapitalismoak, arrazismoak eta patriarkatuak egiten dute bat», erran du Harituko Oihana Idoatek, haur txikiak dituzten andre arrazializatuek etxebizitza bat lortzeko dituzten zailtasunak azaltzeko. Idoateren hitzak berretsi ditu Aichak. Marokoarra da, eta 3 urteko alaba bat du. Asmatutako izen bat da Aicha, nahiago baitu berea ez erran. Pisu bat alokatzea lortu du, bost urterako kontratu bat sinatuta, baina hori lortu arteko bidea «hagitz gogorra» izan da harentzat, eta egoera berriz okertuko den beldur da. Garbi erran du: “3 urteko alaba bat dut, eta haren ongizatea da nire lehentasun”.

Aichak oroitu du Iruñean etxebizitza bat alokatu zuen lehen aldian jabeak «dirua lapurtu» ziola: «Kontratua sinatu, eta bermea eta alokairua ordaindu nituen; etxean sartzeko eguna ailegatu zenean, baina, ezin izan nuen, sarraila aldatu zuelako».

Iruñeko Alde Zaharrera mugitu zen azkenean. Gela bat alokatu zuen etxe batean, eta hiru hilabetez egon zen han. «Dena ongi joan zen, egun batean etxera ikasle batzuk sartu ziren arte», azaldu du Aichak. «Ikasle horiek erran zidaten etxe osoa alokatua zutela; nire gela barne! Etxetik kanpo egon nintzen denbora horretan nire gelan sartu ziren».

Kudeatzaile baten esku

Etxebizitza turistikoak kudeatzen dituen norbaiten bidez lortu zuen Aichak Iruñeko Alde Zaharreko etxe hori. «Koronabirusaren krisia gertatu zenean, etxe turistikoak zituzten jabeak bertzelako bezeroen bila hasi ziren, negozioari eusteko asmoz», aipatu du Idoatek. Kudeatzaileen bidez alokatzen dituzte etxebizitzak, eta, anitzetan, maizterrek dituzten eskubideak kontuan hartu gabe.

Are gehiago maizterrak zaurgarriak direnean. «Egun, etxebizitzarena arazo handia da, baina egoerak okerrera egiten du alokatu nahi duena migratzaile bat bada, edo paperik ez badu. Eskubideen urraketa nabarmena da halakoetan, eta gela bat partekatu bertze aukerarik ez dute. Hori egiteko baliabiderik ez dutenak karrikan gelditzen dira», kontatu du Harituko kide Jesus Villarok.

Ikasleek Aicha bizi zen etxea alokatu eta gero, kudeatzaileak pisu horren gaineko solairuko bertze bat alokatzeko aukera eman zion marokoar emakumeari. «Gauza batzuk konpondu behar zituela erran zidan, eta bitartean bertze toki batera joan beharko nuela. Toki batetik bertzera mugitu ninduen, behin eta berriz».

Egoera hori konpontzeko asmoz, Aichak Harituko kideekin bat egin zuen azkenean, ikasleek alokatutako etxetik bota zutenean zain segitzen baitzuen kudeatzaileak agindutako etxera sartzeko. Gainera, alokairuaren prezioa igo zion. «Ia mila euro eskatu zizkidan, hasieran baino 400 gehiago».

Gaua teilatu baten pean pasatzeko ziurtasunik ezak Aicharen osasunari eragin zion, bestalde. «Gogorra da beti kezka horrekin bizitzea, are gehiago haur bat duzunean». Orain lasaiago dago, baina badaki etxebizitzarena arazo hagitz handia dela jende anitzentzat, eta horregatik nabarmendu du Harituren gisako kolektibo baten babesa hagitz inportantea dela.

«Denon artean ari gara lanean», nabarmendu dute Idoate eta Villarok. Izan ere, sindikatuaren laguntza behar izan duten anitzek taldean gelditzea erabaki dute, laguntza behar duten bertze pertsonak artatu ahal izateko. Berdinen arteko harremanak ditu oinarri sindikatuak, ez baitu laguntza emate hutsaz arduratzen den kolektibo bat izan nahi. «Denon artean eraiki behar dugu; ez da erraza, baina horretan ahalegindu nahi dugu», berretsi dute.

Jabego pribatua

30 pertsona inguruk osatzen dute Haritu gaur egun. Kolektiboak duela bi urte hasi zuen bidea. Koronabirusaren krisia gogor jotzen ari zen orduan, eta aurretik egoera kaskarrean ziren herritarren egunerokoak okerrera egin zuen. Harituk eta maiatzeko manifestaziora deitu duten gainerako elkarteek erdigunean jarri dituzte zenbait datu, egoera horren adierazgarri: batetik, herrialdeko biztanleen %10ek ezin dietela aurre egin etxebizitzaren gastuei, eta ezin diotela tenperatura egoki bati eutsi etxe barruan; eta, bertzetik, %20k ekonomia «hagitz ahulak» dituztela, eta, ondorioz, ezin diotela aurre egin ezusteko gastuei.

Harituko kideek garbi dute zaila dela sistemari aurre egitea. Etxebizitza, ustez, oinarrizko eskubide bat da, «baina jabego pribatua ere bai», zehaztu du Villarok, eta, ondorioz, «sistemak jabeen alde egiten du» bi eskubide horien arteko talkan.

Jokaleku horretan, sistemak bazter utzitakoak erdigunean jarri nahi ditu Harituk, hain zuzen, eta herritarren arteko sare bat ehundu, erantzun kolektibo bat emateko. Aholkularitza juridikoa eskaintzen die etxebizitzarekin arazoak dituzten herritarrei, eta lortu dute, gainera, «modu isilean» hamaika etxegabetze gelditzea.

«Gaur egun, anitzek ia soldata osoa baliatu behar dute etxebizitza ordaintzeko», erantsi du Oihana Idoatek. Hau da, lana izateak ere ez du bermatzen prekaritatea bazter utzi ahal izatea. Horregatik, etxebizitza sindikatuarekin batera, despentsa solidario bat dute. «30 familia daude proiektu horretan; 120 pertsona inguru, denera. Autogestioa da gure helburua». Hori lortzeko, zenbait baratze dituzte, bai eta olibondoak ere, utzitako zenbait lursailetan.

Etxebizitza sindikatuko eta despentsako lana egiteaz gain, eta herritarrak mugitzeko asmoz, protestaren arloa sustatzeko urratsa egin nahi izan du Harituk orain. Eta dinamika horren barruan deitu dute maiatzeko manifestaziora. Gainera, Iruñeko auzoetan hitzaldi sorta bat eginen dute, sarea ehuntzen segitzeko. Hurrengo ortzegunean, Etxabakoitzen izanen dira Haritukoak, 18:30ean, zentro komunitarioan.

Datua

25.000 etxebizitza huts daude Nafarroan. Nafarroan 25.000 etxebizitza huts daude, ELA sindikatuak etxebizitzari buruz egindako txosten baten arabera. Gainera, urtean 350 etxegabetze egiten dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.