Albistea entzun

Okindegi eta gozotegi artisauen kontsumoa %12 jaitsi da hamar urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

COVID-19aren pandemia, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerra eta gizartearen kontsumo ohituren aldaketa dira beherakada horren eragile nagusiak.

Ezkerretik eskuinera, Lorena Gomez Gozoako presidentea, Bittor Oroz sailburuordea eta Mikel Garmendia Okinakeko presidentea, gaur goizeko prentsaurrekoan.
Ezkerretik eskuinera, Lorena Gomez Gozoako presidentea, Bittor Oroz sailburuordea eta Mikel Garmendia Okinakeko presidentea, gaur goizeko prentsaurrekoan. Gorka Rubio/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Iztueta Olano -

2023ko martxoak 17 15:13

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako okindegi eta gozotegi artisauen sektorea «ez dago garai gozoan». Horixe adierazi du Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek, gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Izan ere, azken hamar urteotan %12 jaitsi da produktu horien kontsumoa. Azken hiru urteotan, berriz, %7ko beherakada izan du.

Gipuzkoako Okinak Gipuzkoako Okindegien Elkarteko presidente Mikel Garmendiaren esanetan, COVID-19aren pandemia piztu baino lehen hasi zen behera egiten ogi eta gozo artisauen kontsumoa. Prezioen aldakortasuna —nabarmen igo dira azken urtean— kontuan hartu beharreko eragilea den arren, azpimarratu dute gizartearen kontsumo ohiturak aldatu direla, eta, horren ondorioz, «nabarmen» murriztu dela okindegi eta gozotegi tradizionalen negozioa.

Kontsumo ohituren aldaketaz gain, sektorean «ondorio latzak» izan dituzte pandemiak eta Ukrainako gerrak. Batetik, pandemian okindegiak irekita egon ziren arren —ogia oinarrizko elikagaia izateagatik—, Gozoa Gipuzkoako Artisau Gozogileen elkarteko presidente Lorena Gomezek azaldu du gozotegiek «beren ateak itxi behar» izan zituztela. Bestetik, Ukrainako gerraren albo kalteak pairatu dituzte sektorean: garestitu egin dira ekoizpenerako beharrezkoak diren oinarrizko lehengaiak, baita ordaindu beharreko argindar eta gas fakturak ere.

Prentsaurrekoan, gainera, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean abian jarriko duten kanpaina aurkeztu dute. Okintza eta gozogintza artisaua, bihotzez egina izena du, eta gaurtik aurrera izango da abian. Kanpainak xede du okintza eta gozogintza artisauei «balioa ematea» eta kontsumitzaileak sektorera hurbiltzea.

Helburu hori lortze aldera, bi ildo nagusiri ekingo diete: batetik, Orozek iragarri du Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoa bideratuko duela sektorera, baina ez du zehaztu laguntza horren inguruko xehetasunik; bestetik, asmoa litzateke ekoizpen tradizionala egiten duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gozotegien eta okindegien produktuak zigilu baten bidez identifikatzea.

Etorkizuna kolokan

Hiru lurraldeetan 5.600 pertsona inguruk egiten dute lan sektorean, eta 2.300 establezimendu inguru daude. Baina horietako askok ez dute segidarik izango, belaunaldi gazteen erreleboaren gabezia baita sektorearen arazo handienetako bat. Horregatik, Gozoa Gipuzkoako Artisau Gozogileen Elkarteko presidente Lorena Gomezek uste du «beharrezkoa» dela sektorean lan egiteko formakuntza sustatzea. Hala ere, esan du formakuntza hori «beste ikuspegi batetik» eskaini behar litzatekeela.

Gomezen arabera, ofizioan «ezinbestekoa da bihotzarekin lan egitea eta sormena izatea». Harekin bat egiten du Garmendiak: «Labeen bihotzetan bizi gara, eta gure produktuak ere horrela egiten ditugu, bihotzez».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tentsio uneak erretreten erreformaren aurkako mobilizazioetan

Hainbat lagun bildu dira Baionako komisaria aitzinean, lau atxilotuak askatzea galdegiteko

Ekhi Erremundegi

Frantziako Polizia oldartu egin zaie protestariei, sindikatuek deituriko erreformaren aurkako mobilizazioan. Baionako autobus geltokia blokeatu dute manifestariek, eta Txik Txak autobus zerbitzua gelditzea lortu.

Emakumezko garbitzaile bat, enpresa bat garbitzen. ©Gorka Rubio / Foku

Gutxieneko soldataren igoera bultzatzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari

Isabel Jaurena - Iñaut Matauko Rada

Gutxieneko soldata «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errealitate sozioekonomikoarekin bat etortzea» nahi dute. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk babestu dute mozioa.

Itsasontz bat, Mahongo portuan (Herrialde Katalanak) ©David Arquimbau Sintes / EFE

Itsasoko kutsadura are gehiago murriztea adostu dute Europako Parlamentuak eta Kontseiluak

Iñaut Matauko Rada

2050erako itsasontzien isurien murrizketa helburua %75etik %80ra handitu dute. Salbuespenak izango dituzte uharte txikietako eta periferiako uhartediek.

Etxebizitza batzuen eraikuntza, Bilbon. ©LUIS TEJIDO / EFE

Babes ofizialeko prezioak igotzeak etxebizitzen eraikuntza suspertu du

Olatz Silva Rodrigo

Ascobi Bizkaiko eraikuntza patronalaren arabera, ekoizpena areagotu dute, baina ez da nahikoa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.