Albistea entzun

Arrantza

Baxurako arrantzak indartsu hasi du antxoaren eta berdelaren kanpaina

Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan 1,1 milioi kilo antxoa deskargatu dituzte, eta 2 milioi kilo berdel, gehiena aste honetan. Eusko Label etiketa eramango du berdelak.

Arrantzale bat Hondarribiko portuan berdela deskargatzen, ostiral honetan
Arrantzale bat Hondarribiko portuan berdela deskargatzen, ostiral honetan Jose Ignacio Unanue (Irekia) Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2023ko martxoak 17 19:32

Egunotan irribarre handi batekin porturatzen ari dira Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaleak. Kofradiek jakinarazi dutenez, harrapaketa handiak egin dituzte antxoaren eta berdelaren kanpainaren lehen egunetan: gehiena aste honetan, asteartetik ostegunera; guztira, 1,1 milioi kilo antxoa deskargatu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan eta 2 milioi kilo berdel. Enkanteak ere ez dira txarrak izaten ari arrantzaleentzat.

Antxoa kiloa iazko kanpainan baino hogei zentimo garestiago saldu dute, batez beste 1,48 euroan. Ohikoa izaten da lehen harrapaketak garesti ordaintzea lonjetan. Dena den, beste urte batzuetako prezioetatik oso azpitik ari da ordaintzen antxoa, azken urteetako joera mantenduz. Horrek eragin du, besteak beste, euskal arrantzaleentzat harrapaketa nagusietakoa izandakoak indarra galtzea azken urteetan.

Berdela, berriz, 1,31 euroan ordaindu da aste honetan, iaz baino hamazazpi zentimo gutxiago. Hala ere, ez da prezio txarra. Iaz, espero baino berdel gutxiago arrantzatu zuten eta azken urteetan baino garestiago saldu zen. Gainera, berdelaren balioa handitzen ari da azken urteetan, eta espezie hori bihurtu da Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaleen harrapaketa nagusia, hegaluzearen aurretik.

Duela urte batzuetatik hona antxoaren prezioan izaten ari den jaitsieraren eta berdelaren prezioan izaten ari den igoeraren artean kofradientzat gakoa den eta eztabaida askoren iturri den auzia bat dago: harrapaketa kuoten banaketa.

Antxoarentzat kuota bakarra dago Kantauri itsasoan aritzen diren barku guztientzat, eta lehia handia sortzen da haien artean, ea nork lehenago eta gehiago harrapatu; horrek espeziearen «debaluazioa» dakarrela uste dute kofradiek. Berdelarekin, aldiz, barku bakoitzak kuota bat dauka esleituta, eta hark nahi duen moduan kudeatzen du.

Berdelari hauspoa

Berdelaren aurtengo aurreikuspenek onak dira. Guztizko kuota %20 igo du Bruselak. Hala ere, espezie horren kontsumoa oso txikia da Hego Euskal Herrian, Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetan deskargatutakoaren %10era baino ez.

Kontsumoa bultzatzeko Eusko Jaurlaritzak Eusko Label produktuen zerrendara batu du berdela —antxoak ere badu kalitate ziurtagiri hori—, eta ostiral honetan eman du horren berri, Hondarribian (Gipuzkoa). Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak nabarmendu duenez, erabaki horrekin arrantza sektoreari tresna berri bat eman nahi zaio bere produktuak «ahalik eta baliorik handienarekin» merkaturatzeko. Hazi fundazioak ezarriko ditu kontrol eta ziurtapen sistemak.

Lehenengo fasean, berdel freskoa bermatuko du bereizgarriak, baina produktu eraldatuetara edo prestatuetara ere irekita egongo da, hala nola Eusko Labeldun izendapenarekin egindako berdel hanburgesetara.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tentsio uneak erretreten erreformaren aurkako mobilizazioetan

Hainbat lagun bildu dira Baionako komisaria aitzinean, lau atxilotuak askatzea galdegiteko

Ekhi Erremundegi

Frantziako Polizia oldartu egin zaie protestariei, sindikatuek deituriko erreformaren aurkako mobilizazioan. Baionako autobus geltokia blokeatu dute manifestariek, eta Txik Txak autobus zerbitzua gelditzea lortu.

Emakumezko garbitzaile bat, enpresa bat garbitzen. ©Gorka Rubio / Foku

Gutxieneko soldataren igoera bultzatzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari

Isabel Jaurena - Iñaut Matauko Rada

Gutxieneko soldata «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errealitate sozioekonomikoarekin bat etortzea» nahi dute. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk babestu dute mozioa.

Itsasontz bat, Mahongo portuan (Herrialde Katalanak) ©David Arquimbau Sintes / EFE

Itsasoko kutsadura are gehiago murriztea adostu dute Europako Parlamentuak eta Kontseiluak

Iñaut Matauko Rada

2050erako itsasontzien isurien murrizketa helburua %75etik %80ra handitu dute. Salbuespenak izango dituzte uharte txikietako eta periferiako uhartediek.

Etxebizitza batzuen eraikuntza, Bilbon. ©LUIS TEJIDO / EFE

Babes ofizialeko prezioak igotzeak etxebizitzen eraikuntza suspertu du

Olatz Silva Rodrigo

Ascobi Bizkaiko eraikuntza patronalaren arabera, ekoizpena areagotu dute, baina ez da nahikoa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.