Hezkuntza

EHUko ikasle batzuek salatu dute ikasgai bat gazteleraz ematera behartuko dituztela

Ekonomia graduko bigarren mailako Gastu Publikoa ikasgaiko ikasleek kexa bat aurkeztu dute. Gaztelerazko ikasleak irakaslerik gabe geratu dira, eta 70 ikasle euskaldun eta haien irakaslea behartuko dituzte gaztelaniaz egitera, bi lerroak bateratzeko.

Bilboko Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzian Fakultatea. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
jon ordonez garmendia
2023ko martxoaren 17a
18:12
Entzun

EHUko Ekonomiako euskarazko lerroko ikasle batzuek salatu dute asteazkenetik Gastu Publikoa ikasgaia gazteleraz ematera behartuko dituztela. Sarrikoko fakultateko (Bilbo) ikasleak dira, eta bigarren mailako ikasgaia da Gastu Publikoa. Etxahun Artetxe ikasleak azaldu duenez, gaztelerazko lerroko irakasleak utzi egin du lanpostua, eta EHUk erabaki du, ordezkorik ez duenez, asteazkenetik aurrera euskarazko irakaslea eta bere ikasleak gaztelerazkora pasatzea. Euskarako lerroan 70 ikasle daude, eta gaztelerazkoan, 20 inguru.

Ostegun goizean izan zuten erabakiaren berri ikasleek, euskarazko lerroko irakasleak berak esanda. Behin-behineko irtenbide bat dela esan diete. Ikasleek atzo goizean izan zuten Gastu Publikoa ikasgaia, eta ondoren, idatzi bat adostu dute. Idatzia dekanoari eraman diote, baina une horretan ez zegoen bere bulegoan. Artetxek kontatu duenez, tramitatuko dutela erantzun diete ikasleei. EHUk adierazi duenez, ordea, dekanoak ez du ofizialki idatzirik jaso, eta ez du irakasleekin gertatu denaren berririk. BERRIAri adierazi dio datorren astean aztertu asmo dutela arazoa.

«Lan bikoitza»

Otsailean hasi ziren ikasle horiek Gastu Publikoa ikasgaia ematen. Erdia teorikoa da eta beste erdia praktikoa. Dekanoarenean aurkeztu duten idatzi horretan salatu dute «lan bikoitza» egitera behartuko dituztela orain, hasiak baitziren kontzeptuak euskaraz ikasten: «Orain ikasteaz gain, itzuli ere egin beharko dugu». Sei praktika egin beharko dituzte gazteleraz.

Gainera, euskarazko irakaslearen egoera ere salatu dute ikasleek, ikas material guztia euskaraz emateko zuelako prest. Ikasgai hori ingelesez ikasteko aukera ere badago, eta ikusteko dago ingelesezko ikasleekin zer gertatzen den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.