Udal politikak

Epaile batek dio euskaraz paratu behar dela Iruñeko Konstituzio plazako plaka

Urtarrilean administrazioarekiko auzien lehenbiziko epaitegiak ebatzi zuen izena gaztelaniaz bakarrik idatzi behar dela.

Konstituzio plazako plaka. IRUñEKO UDALA
Isabel Jaurena.
2023ko martxoaren 20a
12:07
Entzun

Iruñeko Konstituzio plazako plaka euskarara itzuli behar dela adierazi du administrazioarekiko auzien bigarren epaitegiak. Argudiatu du hori jasotzen duela Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilera arautzen duen ordenantzak. Ebazpen horrek, baina, kontra egiten dio joan den urtarrilean administrazioarekiko auzien lehenbiziko epaitegiak errandakoari, zeinaren arabera plaka gaztelaniaz soilik paratu behar den.

Joan den urteko urtarrilean aldatu zioten izena lehen Baluarteko plaza zenari, eta orduan hasi zen izen berriaren inguruko eztabaida. Izan ere, inaugurazio ekitaldian plaka gaztelania hutsean zegoela ikusi ahal izan zen. Hori ikusirik, EH Bilduk helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian. Organoak alderdiari arrazoia eman bazion ere, udalak errekurtsoa aurkeztu zuen administrazioarekiko auzietarako lehenbiziko auzitegian. Azken organo horrek udalari arrazoia eman zion, argudiatuta Constitución (Konstituzioa) izen propioa dela, eta ezinezkoa dela euskarara itzultzea. Eta, gainera, ezin zaiola aplikatu euskarari buruzko ordenantza.

Gaur jakinarazi den sententziak, baina, Administrazio Auzitegiaren lehenbiziko ebazpen hura berresten du. Adierazi du Constitución hitzak (Konstituzioa) Espainiako Konstituzioari erreferentzia egiteak ez duela izen propio bihurtzen. «Konstituzio terminoak, Iruñeko Udalean euskararen erabilera arautzen duen ordenantzan jada transkribatuta dauden aginduetan ezarritakoaren arabera, ele bitan agertu behar du espazio publikoaren izena agertzen den errotuluan, eta ez dago arrazoirik hori horrela ez izateko», ebatzi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.