Mugikortasuna

Gasteizko tranbia apirilaren 11n iritsiko da Salburura

Lehen egunean doakoa izango da. Tarte berria 2,5 kilometro luze da, eta bost geltoki berri izango ditu.

Gasteizko tranbia bat, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko martxoaren 20a
12:44
Entzun

Jada igaro da pare bat hilabete tranbia Gasteizko Salburua auzora lehen aldiz sartu zela, baina Euskotrenek gaur iragarri du erabiltzaileek noiz erabili ahal izango duten: apirilaren 11n. Adar berria martxan jarriko den lehen egun hori, gainera, doakoa izango dela jakinarazi du, «erabiltzaileak ibilbidera ohitzeko».

Frogak urtarrilaren 10ean hasi zituzten, denak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko. Azkenengoak apirilaren 1etik aurrera egingo dituzte: orduan jarriko dute martxan tranbia, baina bidaiaririk gabe. Hala jakingo dute, besteak beste, ibilbide berriak denborak behar bezala betetzen ote dituen.

Adar berriak eragingo die gaur egun martxan dauden ibilbide batzuei. Horregatik, apirilaren 1etik aurrera tranbiek Abetxukotik Unibertsitatera egingo dute, eta Ibaiondotik Salburura. Gaur egun egiten dutenaren alderantzizkoa, beraz. Azaldu dutenez, aldaketa horrek «aldaketa txikiak» eragingo ditu ordutegietan, baina 15 minutuko maiztasuna mantendu egingo da.

30.000 erabiltzaile

Floridatik Salbururako adar berriak 2,5 kilometro ditu, eta bost geltoki berri eraiki dituzte han: Santa Luzia, Iliada, Nikosia, La Union eta Salburua.

Tranbia Salburura iristea ahalbidetu duen obra egiteko 70.000 metro karratu lur publiko berritu behar izan dituzte, eta 25 milioi euro inguru inbertitu. Tranbiaren bideekin batera bizikletentzako bideak ere egin dituzte. Euskotrenen kalkuluen arabera, 30.000 lagunek erabiliko dute adar berria martxan jartzen denean; auzo horretan 20.000 lagun inguru bizi dira gaur egun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.