Palestina

Zisjordanian hustutako lau kokagune berriz baimendu ditu Israelek

2005ean hustu zituzten kokaguneak, Ariel Sharon lehen ministroaren aginduz. Haietako bat palestinarren jabetza pribatua da.

Gush Etzion kokagunea, Zisjordanian. ABIR SULTAN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko martxoaren 21a
11:55
Entzun

Israelgo Legebiltzarrak bart gauean onartu du kolonoei Zisjordania iparraldeko lau kokagunetara itzultzea ahalbidetuko dien emendakina. Egitasmoak atzera botatzen du 2005ean, Ariel Sharon lehen ministro zela onartutako lege bat. Arau hura baliatu zuten duela ia hamar urte Gazan zeuden 21 kokaguneak husteko.

Benjamin Netanyahurekin koalizioan den eskuin muturrarena izan da egitasmoa, eta aldeko 31 boto eta aurkako 18 jaso zituen bozketan. Hori onartuta, kolono juduak Jenin eta Nablus hirien inguruan dauden Homesh, Sa-Nur, Kadim eta Ganim kokaguneetara itzuli ahal izango dira, betiere, Israelgo armadaren onespena jaso ondoren.

Orotara 650.000 eta 700.000 kolono bizi dira legez kanpoko kokagune juduetan, eta haietatik gehienak edo ia guztiak palestinarren jabetza pribatuetan daude eraikiak, Zisjordaniako lurralde okupatuetan eta Jerusalem ekialdean. Netanyahuren gobernuko hainbat ministro ere eskuin muturreko kolonoak dira, besteak beste, Finantza ministro Bezalel Smotrich edota Segurtasun ministro Itamar Ben-Gvir. Iaz gobernu akordioa hitzartu zutenean, eskuin muturrak iragarri zuen bere lehentasunen artean zeudela bederatzi kokagune legeztatzea eta aurrez eraikitakoak handitzea.

Nazioarteko legediaren arabera, kokagune guztiak dira legez kanpokoak, baina Homeshek ez ditu betetzen Israelgo legeak ere, Gorenaren arabera, kokagunea dagoen lurrak Burkako palestinarrenak direlako. Hala ere, Israelgo armadak base militar bat du bertan, eta eskola judu bat ere badago; hala, kolonoak arazorik gabe sar daitezke kokagunea zegoen eremura, militarren onespenarekin.

Gazara ere bai

Eskuineko legebiltzarkide Limor Son Har-Melechentzat ez da nahikoa Zisjordaniako lau kokaguneetara itzuli ahal izatea, Gazan hustutako guneak ere berreskuratu nahi ditu. «Ez dugu lokartu behar, eta urratsak egiten jarraitu behar dugu; terroristen habia bilakatu den gure etxera itzuli behar dugu», esan du Har-Melechenek, Gazako Gush Katif kokaguneari erreferentzia eginez.

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentetzarako eledun Nabil abu Rudeinak gogor gaitzetsi du Israelgo legebiltzarraren erabakia, eta gogorarazi du NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak legez kanpokotzat dauzkala lurralde okupatuetako kokagune guztiak. «Israelgo Gobernuak etengabe botatzen dio erronka nazioarteko legediari, eta ahalegintzen da tentsio giroa baretzeko saioak indargabetzen», salatu du Abu Rudeinak, eta eskatu dio nazioarteari har dezala estu Israelgo Gobernua, nazioarteko legedia urratzen duten erabakietan atzera egitera behartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.