Martxoaren 8a eta Azaroaren 25a jaiegun bilakatzeko aukera baztertu du Emakundek

Efemeride feministen zerrenda bat aurkeztu du, 2024an jaiegun bat ezartzeko. Oraingoz, onespen handiena lortu duen eguna azaroaren 5a izan da. 1933ko egun horretan, emakumeek aurrenekoz bozkatu zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Emakunderen aurtengo Martxoaren 8ko kanpainaren aurkezpena, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko martxoaren 21a
12:04
Entzun

2024ko Martxoaren 8a jaieguna izatea proposatu zuen joan den hilabetean Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak. Horren harira, Eusko Legebiltzarrak erabaki zuen Jaurlaritzari galdetuko ziola Martxoaren 8a jaiegun bilakatzeko egokitasunaz. Emakundek adierazi zuen aztertuko zuela, eta hartu du erabakia: baztertu egin du Martxoaren 8a eta Azaroaren 25a jaiegun bilakatzeko aukera. Egun horien «izaera aldarrikatzailea» babestu nahi dutela adierazi dute.

Datorren urtean jaiegun bat ezartzeko, Emakundek efemeride feministen zerrenda bat aurkeztu du. Eta, orain, emakumeen elkarteek martxoaren 31ra arte izango dute egun bat proposatzeko. Oraingoz, onespen gehien jaso duen eguna azaroaren 5a izan da. Izan ere, Espainiako Bigarren Errepublikak 1931n onartu zuen Gorteetan emakumeen boto eskubidea. Hori dela eta, 1933ko azaroaren 5ean, emakumeek aurrenekoz bozkatu zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Autonomia Estatutua bozkatu zuten. Espainiako eta Nafarroako emakumeek bi aste beranduago bozkatu zuten, azaroaren 19an, hauteskunde orokorretan. Egun horretan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakumeek ere eman zuten botoa.

Azaroaren 5arekin batera, beste hamahiru egun eztabaidatu dituzte; besteak beste, otsailaren 18a. 2005eko egun horretan Berdintasun Legea onartu zuten. Eta irailaren 4a beste aukera bat da: 1995eko irailaren 4an Emakumeen Nazioarteko 4. Konferentzia egin zuten Pekinen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.