Albistea entzun

Literatura

Julen Apellak irabazi du Donostia Kultura poesia lehiaketako seigarren saria

'Postal bat desertuan' lanagatik jaso du aitortza. Balea Zuriak maiatz aldera argitaratuko du liburua.

Julen Apella Santamaria idazlea (erdian), Imanol Larrinagaren margolana eskuetan, alboan Arantza Urkia eta Felipe Juaristi dituela, Donostian.
Julen Apella Santamaria idazlea (erdian), Imanol Larrinagaren margolana eskuetan, alboan Arantza Urkia eta Felipe Juaristi dituela, Donostian. Idoia Zabaleta / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2023ko martxoak 21 09:49

Poesiaren Nazioarteko Egunean jakinarazi dute Donostia Kultura poesia lehiaketaren seigarren aldiaren irabazlearen izena. Julen Apella Santamaria (Berriz, Bizkaia, 1998) saritu dute aurten, Postal bat desertuan lanagatik. Epaimahaiaren iritzian, «ahots gazte baina sendo bat dago liburuaren atzetik, erreferentzia eta eragin ugari erakusten duena. Trebeki uztartzen ditu metaliteratura eta kritika soziala, hizkera landuz eta irudi iradokigarriak erabiliz, gogoetari bideak irekiz». Halaber, «belaunaldi baten ahots gisa» ere altxatzen dela iritzi dio epaimahaiak, «baina aldarrikapena eta munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera lirismoz lantzen du». Haren poema askotan «egunerokotasunaren ajeek eta paisaiak» bat egiten dutela gaineratu du epaimahaiak, eta, liburuari osotasuna emateko, hainbat osagai baliatu dituela Apellak, hala nola zapatak, oinak, bidea, hegoak, mugimendua, denbora eta erlojuak.

Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak elkarrekin antolatzen dute sariketa, euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazleen lanei bultzada emateko asmoz. Arantza Urkia Donostia Kulturako liburutegi zerbitzuko zuzendari teknikoak jakinarazi duenez, hamabi parte hartzailek aurkeztu dituzte aurten beren lanak lehiara —lau gizonezkok eta zortzi emakumezkok—, eta, sei urteren ondotik, sariketa «osasuntsu» dagoela iritzi dio. Antzera mintzatu da Felipe Juaristi Balea Zuria argitaletxeko kidea ere. Haren hitzetan, idazle gazteak idaztera animatzeko ere balio du haiei beren lanak argitaratuta ikusteko aukera emateak, eta, orain arte plazaratu dituzten liburuei erreparatuta —Estibaliz Martinez Diaz de Zerio, Gorka Salces, Lizar Begoña, Maialen Berasategi eta Izaskun Igoaren poesia bildumak eman dituzte gaur arte—, sariketa ibilbide oparoa egiten ari dela iritzi dio.

1.000 euroko saria ez ezik, Imanol Larrinagaren margolan bat jaso du Apellak. Halaber, Balea Zuriak haren liburua argitaratuko du; Juaristik iragarri duenez, maiatz aldera argitaratuko dute poesia bilduma. Eta ekainean, berriz, Poesia eta Pentsamendua zikloan bere poemak errezitatzeko aukera izango du.

Tentsioa eta desira

EHUn Euskal ikasketetan graduatua da Apella, eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak masterrak egin ditu. Euskara irakasle ari da gaur egun lanean, eta hau izango du literaturaren arloan argitaratuko duen lehen liburua. Bertan garai desberdinetako poemak bildu dituela azaldu du idazleak, baina azken urtebetean ondu dituela gehienak.

Izenburuak biltzen dituen bi elementuei ere egin die erreferentzia. «Desertua betidanik interesatu izan zaidan elementu edo eremu bat izan da ikuspuntu literariotik. Askotan erlazionatu izan da gabeziarekin, hustasunarekin, eta uste dut zentzu horretan eduki ahal duela gaur egungo errealitatearen oihartzun bat. Baina bestalde, uste dut askotan erlazionatu dela barne bilaketa batekin, bidaiaren ideiarekin, abenturaren ideiarekin, eta uste dut horregatik badaukala anbibalentzia moduko bat, niretzat oso interesgarria zena, baita liburua definitzeko orduan ere. Batetik, badagoelako errealitate latz bat, baina, bestetik, baita eremu horretan leku bat, zentzu bat, kolektibotasun bat bilatzeko kezka bat ere».

Bestalde, gaur egun postala hitzean pentsatuz gero, haren ustez «faltsukeria edo itxurakeria» bezalako ideiak etorri ohi zaizkio jendeari gogora, eta idazlearentzat kontzeptu horrek balio dezake islatzeko garaiotan zer nolako garrantzia hartu duen irudi fisikoak norbere identitatea eraikitzeko orduan. Baina baita partzialtasunaren ideia iradokitzeko ere, postal batek leku zehatz baten zati txiki bat besterik erakusten ez duen neurrian. «Eta uste dut poesia ere, poema bera, hizkuntza bera, hori dela gutxi gorabehera; poema adierazpide literario partzial bat dela kasu honetan, eta poema liburu bat, partzialitate txiki horiek guztiak batuta sortzen den halako mezu bat, diskurtso bat».

Gai horiek eta beste hainbat ez ezik, liburuan «tentsio moduko bat nahiko presente» dagoela uste du idazleak; gizartearekiko, norbere buruarekiko, kolektibotasun bat bilatzearekiko... «geruza askotan» azaleratzen den tentsio bat. Baina hori desirarekin, bizi-minarekin ere lotuta doala adierazi du, eta hala, bi elementuen artean «oreka bat» dagoela liburuan barrena.

Halaber, azaldu du poemetan «eguneroko hizkuntzatik aldentzen» saiatu dela; ez idazkera ilun edo kriptiko baten alde, ezpada jendeak hizkuntzarekin izan dezakeen harreman «naturalizatu edo automatizatu» hori zalantzan jartzeko, eta irakurlearengan «efektu bat» lortzeko. Horretarako, erreferentzia ugari biltzen ahalegindu dela gaineratu du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iruñeko Gazteluko plaza, 2022ko uztailaren 6an, Carlos Jean DJa ari zelarik. ©Rodrigo Jimenez, EFE

Merina Gris, Olaia Inziarte, Skabidean eta ETS Iruñeko sanferminetan arituko dira

Uxue Rey Gorraiz

Uztailaren 6tik 13ra izanen diren kontzertuak iragarri ditu Iruñeko Udalak: kontzertuak Gazteluko plazan eta Konpainia plazan izanen dira. Foruen plazan DJak ariko dira, arratsaldez eta gauez.

Josu Penades idazlea, atzo, Donostian, eleberria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

Egarriak asetzeko hiru motibo

Naroa Torralba Rodriguez

Josu Penadesen 'Egarria' eleberria eman du Alberdaniak. Aita-seme batzuk ditu protagonista
 ©JON URBE / FOKU

«Tokiko zinema bat pentsatzeak mesede egingo luke»

Andoni Imaz

Zinemaren industriatik aparte dabil Costa eroso, eta bide horren balioa defendatzen du, autore zinema «ustelaren» aurrean. Miresten dituen zinemagileak ekartzen ditu ahotara maiz: «Poesia galtzen ari da».
Maïwenn zinema zuzendaria, duela bi aste, Cannesen. ©MOHAMMED BADRA / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.