Sanferminak 78 Gogoan elkarteak salatu duenez, joan den asteburuan Iruñean German Rodriguezen oroitarrian dagoen plaka kentzen saiatu dira ezezagun batzuk. Ohar batean adierazi dute palanka bat erabili dutela horretarako, eta, eramatea lortu ez badute ere, muturretako batean kaltetu egin dutela. «Germán Rodríguez Saizen oroimenez Poliziak tiroz hil zuen 1978ko uztailaren 8an», dio plakak.
Sanferminak 78 Gogoan taldeak gogoratu du oroitarria Memoria Leku izendatu zuela Nafarroako Memoria Historikoaren Lekuen Legeak 2019ko ekainaren 18an. Lege horren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio leku horiek babestea. Horregatik «dagokionari» eta Iruñeko Udalari eskatu die legeak dionaren arabera jokatzeko erasoaren ondoren.
Oroitarria bera Iruñeko Udalarena da. Herri ekimenari esker, udalbatza batean erabaki zuten Espainiako Poliziak 1978ko sanferminetan hil zuen LKIko gaztearen alde jartzea. Behin eta berriz egin diote eraso, eta eskuin muturreko talde parapolizialen gorrotoari eta udal agintari erregionalisten erdeinuari egin behar izan die aurre. Asfaltozko eta porlanezko ahanzturari gailendu zaio, urtez urte, herritarrek gordetako oroimena.
Mailu bat eta bonba bat, memoriaren aurka
Lehen aldiz mailu batekin egin zioten eraso. Lurrean botata agertu zen, hainbat puskatan birrinduta. Iruñeko Peñak saiatu ziren alanbre batekin zatiak lotzen, baina, ezinezkoa zenez, beste hilarri bat egitea beste erremediorik ez zitzaien gelditu. Iruñeko eskultore anonimo batek egin zuen lana. Brontzezkoa, oraingoan, kolpe eta erasoei eutsi ahal izateko. Lau zentimetro lodi zen piezak. Diseinatzeko, moldea egiteko eta galdatzeko denbora behar izan zen, baina jarri zuten. Kostuak beren gain hartu zituzten sanferminetako peñek, bizilagunek eta kultura elkarteek.
Oroitarri berriaren sustatzaileek espero bezala, brontzezko eskulturak ongi eutsi zien kolpeei eta pintura potoei. Ez, ordea, lehergailuei: 1980ko hamarkadaren hasieran, bonba bat jarri zioten. Lurrean ongi bermatua zegoen hilarria, baina, hala ere, okertu eta beheko aldea hondatu egin zitzaion, eztandaren ondorioz. Bonba nork jarri zuen ez zen inoiz argitu, baina lehergai karga handiak eta erasoaren kutsu «profesionalak» susmoak piztu zizkien Hilarria batzordeko kideei.
Bospasei urtez, erasoek ez zuten etenik izan, eta beste bi bonba jarri zituzten Orreaga etorbideko izkina horretan. Oroitarriak zutik iraun zuen, hala ere. Sanferminak 78 gogoan elkarteak gaur bidali duen oharrean nabarmendu du inoiz ez zutela ikertu nortzuk izan ziren erasotzaileak.
2005ean Barcinak Orreaga etorbidetik kendu zuen, lan batzuk egin behar zituztela argudiatuz. Soto batean gorde zuen. Oposizioko indarrek zazpi mozio aurkeztu zituzten udalbatzan, hilarria bere tokian berrezartze aldera, eta eragile sozialek ere protesta ugari antolatu zituzten. Alkatearen erantzuna: entzierroaren monumentu erraldoia paratu behar zutela oroitarria zegoen toki berean. 2007ko azaroan itzuli zen hilarria Orreaga etorbidera. Barcinak gehiengoa galdua zuen udalbatzan, eta Nafarroa Bai, PSN eta EAEren udal taldeek behartu egin zuten egoera lehengoratzera.
Oroitarritik metro batzuetara 1978ko sanferminetako gertaerak gogoratzeko jarri zuten Gogoan eskulturari ere hainbat aldiz egin diote eraso. 2018ko ekainean jarri zuen Sanferminak 78 Gogoan elkarteak, 40. urteurrenean. Dora Salazarren eskultura bat da, eta Iruñeak gertaera horietan jasan zuen erasoa gogoratzea du helburu. Horrek ere plaka bat du: «1978ko Sanferminetan pairatutako polizia erasoaren biktimen oroipenean», eta horri ere eraso egin diote hainbatetan.