1978ko sanferminen 40. urteurrena. German Rodriguezen oroitarria. 

Asfaltoan loratu zen krabelina

German Rodriguezen omenezko oroitarria borroka antifrankistaren ikur bihurtu da. Eskuin muturraren erasoak eta UPNko agintarien erdeinua sufritu ditu hainbat urtez.

German Rodriguezen omenezko ekitaldia, 1988. urtean, hilketaren hamargarren urteurrenean. PELLO H.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Hasieratik izan zuen esanahi berezia. 1978ko uztailaren 8an, German Rodriguez zerraldo erori zen unean, muturreko emozioen topaleku bihurtu zen Orreaga etorbideko kantoi hura. Tristurak, beldurrak eta batez ere amorruak gainezka egin zuten hasieran. Uztailaren 8an bertan, lehen lore sortak eta kandelak jarri zituzten LKIko kideek. Ondoan aparkatutako Renault zuriaren atean odol zipriztinak ikus zitezkeen oraindik, erabat lehortu gabe. Hemen erail dute German gure kamarada. Gogoan zaitugu, idatzi zuten hildako gaztearen alderdikideek pankarta batean. Aste gutxiren buruan paratu zuten lehen oroitarria ere, German Rodriguezek tiroa jaso zuen tokian bertan. Sinbolo bihurtu zuten espaloia.

Ordutik, mina eta amorrua ez dira Orreaga etorbidetik desagertu, baina beste sentimendu batzuk ere batu zaizkie azken hamarkadetan: elkartasuna, errespetua, malenkonia eta maitasuna, besteak beste. Horien guztien lekuko izan da oroitarria.

Herri ekimenari esker altxatutako ikur horrek, baina, eskuin muturreko talde parapolizialen gorrotoari eta udal agintari erregionalisten erdeinuari egin behar izan die aurre. Asfaltozko eta porlanezko ahanzturari gailendu zaio, urtez urte, herritarrek gordetako oroimena.

Lehen egunetik, beilatoki inprobisatuaren aurkako erasoek ez zuten etenik izan. Hasieran, German Rodriguezen alderdikide eta lagunek toki hartan espazio ireki bat uztea erabaki zuten; belargune txiki bat. Etengabe ureztatzen zuten, baina ez zuen asko iraun: norbaitek gai kimikoak bota zizkion, belar guztia hondatu arte. Orduan, peñek burdinazko hilarri bat jarri zuten.

Handik gutxira, baina, mailu batekin hondatu zuten oroitarri hura ere. Lurrean botata agertu zen, hainbat puskatan birrinduta. Peñak saiatu ziren alanbre batekin zatiak lotzen, baina ezinezkoa zenez, hilarri berri bat egitea beste erremediorik ez zitzaien gelditu. Iruñeko eskultore anonimo batek egin zuen lana. Brontzezkoa, oraingoan, kolpe eta erasoei eutsi ahal izateko. Lau zentimetroko lodiera zuen piezak. Diseinatzeko, moldea egiteko eta galdatzeko denbora behar izan zen, baina jarri zuten. Kostuak beren gain hartu zituzten sanferminetako peñek, bizilagunek eta kultura elkarteek.

Oroitarri berriaren sustatzaileek espero bezala, brontzezko eskulturak ongi eutsi zien kolpeei eta pintura potoei. Ez, ordea, lehergailuei: 1980ko hamarkadaren hasieran, bonba bat jarri zioten. Lurrean ongi bermatua zegoen hilarria, baina hala ere, okertu eta beheko aldea hondatu egin zitzaion, eztandaren ondorioz. Bonba nork jarri zuen ez zen inoiz argitu, baina lehergai karga handiak eta erasoaren kutsu «profesionalak» susmoak piztu zituen Hilarria batzordeko kideen artean. «Asteko gau zehatzetan gertatzen ziren eraso guztiak. Gau haietan, oroitarria zaintzera ateratzen ginen, eta Poliziak berak atxilotu gintuen. Euren burua nabarmentzen zuten, gu beldurtzeko», azaldu zion BERRIAri batzordeko kide batek, bere izena eman gabe [BERRIA, 2007-03-01]. Bospasei urtez, erasoek ez zuten etenik izan, eta beste bi bonba jarri zituzten Orreaga etorbideko iskin horretan. Oroitarriak zutik iraun zuen hala ere.

Barcinak kendu zuen

Eskuin muturreko talde espainolisten erasoez gain, ordea, German Rodriguezen memoria gorde eta 1978ko sanferminetan gertatutakoa salatu nahi zuten eragileek beste oztopo bati egin behar izan zioten aurre: udal agintarien jarrera. 1995ean, Javier Chourraut alkate zela, oroitarriari izaera «ofiziala» emateko aukera planteatu zuen CDNk, PSNk eta EBk osatutako hirukoak, baina proposamenak ez zuen aurrera egin. Gerora, UPN agintera iritsita, okerrera egin zuen egoerak, eta axolagabekeria ezinikusi bihurtu zen: hainbat urtez, udalak aparkalekuak jarri zituen Orreaga etorbide osoan. Oroitarritik zentimetro gutxira aparkatzen zuten ibilgailuek, ia ukitzeraino. Are: peñakideek zenbait auto pultsuan jaso eta apartatu behar izaten zituzten, uztailaren 8an German Rodriguezi omenaldia egin ahal izateko.

Egoera zentzugabe horrek goia jo zuen 2005ean. Karlos III.a etorbidean lur azpiko aparkaleku bat egiteko aitzakiarekin, Yolanda Barcina alkate ohiak oroitarria kendu eta soto batean gorde zuen. Oposizioko indarrek zazpi mozio aurkeztu zituzten udalbatzan, hilarria bere tokian berrezartze aldera, eta eragile sozialek ere protesta ugari antolatu zituzten. Alkatearen erantzuna: entzierroaren monumentu erraldoia paratzea oroitarria zegoen toki berean. 2007ko azaroan itzuli zen hilarria Orreaga etorbidera. Barcinak gehiengoa galdua zuen udalbatzan, eta Nafarroa Bai, PSN eta EAEren udal taldeek behartu egin zuten egoera lehengoratzera.

Ordutik, aldatu egin dira gauzak: 2015etik, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak era ofizialean parte hartzen dute German Rodriguez gogoratzeko ekitaldian, eta haren omenezjartzen dituzten krabelin gorriek belarra zapaltzen dute. Ez asfaltoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.