Politika

Urkulluk «ahotsa eta erabakia» nahi ditu EBn estaturik gabeko nazioentzat

Jaurlaritzako lehendakariak beste gobernantza eredu bat eskatu du Europan, gaitasun legegilea duten eskualdeen «aniztasuna islatu dadin».

Iñigo Urkullu RLEG ekimeneko ordezkariak agurtzen, gaur, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2023ko martxoaren 22a
11:45
Entzun

RLEG Lege eskumenak dituzten Europako Eskualdeen Ekinaldiko kideak Bilbon elkartu dira gaur, estreinakoz aurrez aurre, eta, bilkura horretan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk beste gobernantza eredu bat eskatu du Europako Batasunerako, gaitasun legegilea duten eskualdeek eta nazioek «ahotsa eta erabakitzeko gaitasuna» izan dezaten. Europa «heterogeneoa eta askotarikoa» islatuko duten erabakitze organoak eskatu ditu EBn.

Eusko Jaurlaritza da RLEG ekinaldiko sustatzaile nagusia, eta, haren lehen batzarrean, Urkulluk «aitortza handiagoa» eskatu du lege eskumenak dituzten nazio eta eskualdeentzat. Bilboko RLEG Adierazpena onartu du batzarrak, eta estaturik gabeko nazio eta eskualde hauek sinatu dute hura: EAE, Katalunia, Korsika, Flandria, Sardinia, Azoreak, Behe Austria, Madeira, Piamonte, Salzburgo, Tirol, Valentzia eta Balear Uharteak. «Eskatzen dugu Europako gobernantzan rol berezi batekin aitor daitezela formalki lege-eskumenak dituzten eskualdeak eta nazionalitate konstituzionalak», adierazi du Urkulluk.

Jaurlaritzako lehendakariak gogora ekarri du 1947an Jose Antonio Agirre lehen Jaurlaritzako lehendakariak parte hartu zuela Nazioarteko Talde Berrietan; Europako Demokrazia Kristauaren aitzindarian, alegia. Europako integrazio politikoaren sustatzailetzat jo ditu demokrata kristauak. Azaldu du handik urtebetera Eusko Jaurlaritzak parte hartu zuela Hagako Biltzarrean, eta ordutik «Euskadi Europako Batasuneko eta haren balioen defendatzailea» izan dela; balio horiek zerrendatu ditu, halaber: «Askatasuna, demokrazia, bakea, berdintasuna eta giza eskubideen defentsa».

«Inoiz baino beharrezkoagoa»

Adierazpena sinatu duten nazio eta eskualdeek helburu komuna dutela esplikatu du Urkulluk: «Posible da, eta inoiz baino beharrezkoagoa, Europako beste gobernantza eredu bat sortzea; eredu bat zeinak ahotsa eta erabakitzeko gaitasuna emango dien herrialde txikiei, nazioei eta lege gaitasuna duten eskualdeei, ez bakarrik estatu kideei. Denok gara Europako proiektu honen kide. Beharrezkoak gara; gure ekarpena egin behar dugu».

Gasteizko gobernuko buruak uste du egungo eredua «eraginkorragoa» izango dela «aktore gehiago» sartzen baditu barrura, «aniztasunak aberastasuna ekartzen duelako Europara, apur bat txikiagoa dena baztertu ezin duen Europara».

2018an jarri zuten martxan RLEG, Europa «heterogeneoa eta askotarikoa» dela uste dutelako taldeko kideek, eta «Europako politikan zuzenean parte hartu» nahi dutelako. Gaur egun, EBko zazpi estatu kidetan daude «gobernuak eta parlamentuak dituzten eskualdeak, herritarrek zuzenean aukeratuak». 71 dira guztira, eta horiek denek dute ahalmen legegilea konstituzio batek jasoa. «Europako Batasuneko herritarren %45ek konfiantza dute gobernu horiengan politika sozioekonomikoak eta ingurumen politikak gara daitezen», esan du Urkulluk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.