Albistea entzun

Frantzia

Macron: «Bortxaz besteko haserre legitimoa entzun behar du gobernuak»

Erretreten erreforma bozketarik gabe onartu ostetik lehen aldiz mintzatu da Frantziako presidentea. Egoera «lasaitzeko» eta «aurrera egiteko» beharra aldarrikatu du, baina ez du aldaketarik iragarri.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, TF1 eta France 2 kateei gaur eman dien elkarrizketan
Emmanuel Macron Frantziako presidentea, TF1 eta France 2 kateei gaur eman dien elkarrizketan BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2023ko martxoak 22 09:46

Manifestazioak kalean, aspaldidaniko haserrerik handiena herritarren artean, gehiengo osorik ez Asanblean, ahulduriko lehen ministro bat eta aldaketarako deiak. Zaila izan zitekeen arren, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak beste krisi bat gehitu du bere agintaldira, Benalla auziaren, Jaka Horien protesten, koronabirusaren pandemiaren eta Errusiaren Ukrainako inbasioaren ostean. Oraingoan, erretreten erreforma bozketarik gabe onartzeak —konstituzioaren 49.3 artikulua erabilita— 2017tik honako buruhausterik handiena eragin dio Macroni, krisialdirik gatazkatsuenean murgildu baitu bere burua. Batzuentzat, Frantziako presidenteak gobernatzeko duen moduaren erakusle da; besteentzat, harago doa, sistemaren ahuleziaren beste adibide bat delakoan. Kasua edozein dela ere, Macronek egoera baretzeko beharra ikusi du berriz ere, eta urteotan ohi duen modura saiatu da, kameren aurrean azalpenak emanda. Eskua luzatu du, atzera egiteko asmorik erakutsi gabe: «Bortxaz besteko haserre legitimoa entzun behar du gobernuak».

Herenegun bi zentsura mozio gainditu ostean —horietako bat, bederatzi botoren aldeaz—, Frantziako Gobernua eta Macron sendotasun eta baretasun irudia transmititu nahian ari dira, kalean dagoen haserrearen aurrean. Bihar manifestazioen bederatzigarren eguna dute erretretaren erreformaren kontrakoek, eta Frantziako presidenteak, besteak beste, horregatik erabaki du bezperan ematea elkarrizketa, TF1 eta France 2 telebista kateetan. «Uste duzue plazer egiten didala erreforma hori egiteak? Ez. Baina erreforma hori beharrezkoa da. Interes orokorraren izenean egin dut. Erreformaren osperik eza nire gain hartuko dut, hala egin behar bada», esan die bi kazetariei. Hutsegiterik egin duen galdetu diotenean, erantzun argia eman du: «Bai, ez dut konbentzitzea lortu».

Ikusteko dago Macronen adierazpenek zer eragin izango duten, batez ere luzera begira, baina oposizioak argi utzi du protestan jarraitzea ezinbestekoa dela —287 lagun atxilotu zituzten herenegun gaueko manifestazioetan, eta 128 atzokoetan—. Behintzat, Frantziako presidenteari gutxi lagunduko diote atzo bere diputatu aliatuei esan zizkien adierazpenetako batzuek, horien berri izan ondoren gaur egon diren erreakzioak kontuan hartuz gero. Besteak beste, Macronek adierazi zuen «jendetzak, edozein dela ere», ez duela «zilegitasunik hautetsien bidez mintzatzen den herriaren aurrean».

Frantziako presidenteak gaurko elkarrizketa baliatu du, hain justu, bezperako adierazpen gatazkatsu horiez aritzeko, eta, bide batez, ordena publikoaren ideian sakontzeko: «Muturreko taldeek indarkeria erabiltzen dutenean ordezkari politikoen kontra egiteko, legerik gabe, hori ez da demokrazia. Ez dugu gehiegikeriarik onartuko». Harago ere joan da Macron, biolentziaz mintzatu denean 2021eko urtarrilean Ameriketako Estatu Batuetako Kapitolioaren kontrako erasoa aipatu baitu.

«Alternatiba politikorik» ez dagoelako ideia ere ekarri du hizpidera gaur Frantziako estatuburuak. Horrekin, agerian utzi du ez duela, oraingoz, parlamentua desegiteko eta bozetara deitzeko asmorik, ezta gobernua aldatzeko nahirik ere. Esan du Elisabeth Borne lehen ministroak bere «konfiantza» duela oraindik ere, erretreten erreforma bozketarik gabe onartu ondoren politikoki ahulduta dagoen arren. Macronen kalkulua zera baita: Asanblean gehiengo osorik ez duen arren, haren kontrako «gehiengo alternatiborik ez» dagoela.

Afera horretaz, deigarria izan da haren aliatu eta lehen ministro ohi izandako Edouard Philippek gaur egin dion ohartarazpena: ezin direla geldirik geratu. Le Figaro egunkariari emandako elkarrizketa batean, esan du «koalizio bat» osatu behar dutela «LRtik [Errepublikanoetatik] NUPESen [Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berrian] ez dauden ezkerreko hautetsietaraino».

«Gehiengoa zabaltzea» helburu

Philippek geldi ez egotearen inguruan esandakoarekin bat egin duen arren, Frantziako presidenteak bestelako ikuspuntu bat du: blokeo politikoa gainditu nahi du, baina aldaketa handirik egin gabe. Ez du arinegi aritu nahi. Horren ordez, aliatuei eta kolaboratzaileei eskatu die proposamenak egiteko, agenda eta gobernatzeko modua aldatze aldera; bi eta hiru asteko epea eman die horretarako. Gaur azaldu du datozen hilabeteetan egin nahi dituen erreformetarako eskua ere luzatuta duela «nahi duenarentzat». Hori da lehen ministroari eskatu diona, «gehiengoa zabaltzea»; eta hori, «agian, testuz testu» izan beharko da.

Macronek argi utzi du gobernatzen jarraitu nahi duela. Egoera «lasaitzeko» eta «bortxazko urratsak eginez aurrera egiteko» beharra aldarrikatu du, eta jakinarazi du datozen asteetan gobernuak lege proiektu gehiagoren berri emango duela. Zenbait lehentasun zerrendatu ditu: «enplegu osoa eta berrindustrializazioa»; «ordena errepublikanoa», Poliziari eta armadari erreferentzia eginez; «hobeto bizitzeko garapena»; osasuna eta, azkenik, ekologia.

Bien bitarterako, oposizioak borrokan jarraitu nahi du erretreten erreforma indarrean ez sartzeko; hori baita, gaur-gaurkoz, borrokarako arrazoi nagusia —baina ez bakarra—. Konstituzio Kontseilura jo dute, batetik, eta neurriari buruzko erreferendum bat egiteko prozesua hasi dute, bestetik. Erabaki horiekin zer gertatuko den zain, kalean protestan segituko dute.

Macronek gaurko elkarrizketan esan du kontseilu horren baiezkoa jaso ostean sinatuko duela erreforma, eta beraz, orduan sartuko dela indarrean, «urtea amaitu baino lehen». Horretaz eta beste hainbat aferaz aritzeko, Frantziako estatuburuak eskua luzatu die sindikatuei ere, aurrez aipatu duen bi eta hiru asteko epe horretako elkarrizketatan izan daitezen.

Halere, gaurko agerraldiaren erreakzioak ez dira positiboak izan Macronentzat. François Ruffin NUPESeko diputatuak, esaterako, galdera ironikoa egin du: «Zer erantzun egungo krisi sozialerako? Ez dago ezer». CGT Lanaren Konfederazio Orokorreko idazkari nagusi Philippe Martinezek, bide beretik, esan du «karikatura bat» bilakatu dela Frantziako estatuburua, hark esan baitu sindikatuek ez dutela «konpromisorik» erakutsi: «Iseka egiten digu. Mespretxua erabatekoa da». LR-ren izenean, Fabien Di Filippo diputatuak ohartarazi du erretretaren afera «itxita egotetik urrun» dagoela, eta Macronek ez duela erreformaren «koherentziarik ezari buruzko ondoriorik atera».

Datorren astelehenean, Macron Erresuma Batuko errege Charles III.arekin bilduko da, Versaillesko jauregian. Frantziako presidentearen ingurukoek hedabideei esan diete hitzordu hori «sinbolo suntsitzaile bat» izango dela harentzat, urteotan jasan dituen autoritario izatearen kritikei erreferentzia eginez.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Karabakh Garaiko eta Azerbaijango ordezkariak, gaurko bilkuran ©ROMAN ISMAYILOV / EFE

Karabakh Garaiak Azerbaijani segurtasun bermeak eskatu dizkio armak utzi aurretik

Ander Perez Zala

Bi aldeetako ordezkariek su etena adostu osteko lehen bilkura egin dute. Armeniako oposizioak lehen ministroaren kontrako protestak hasi ditu.

Libia, beste krisi bat eragozteko premia

Beste krisi bat eragozteko premia

Gorka Berasategi Otamendi

'Daniel' ekaitzak milaka lagun hil ostean, Libiako Derna hirian ia galdua da inor bizirik topatzeko itxaropena. Erreskate lanetan izan diren Accion Norteko kideek azaldu dutenez, epidemiarik ez sortzea dute orain lehentasuna.
Batasun Nazionaleko Gobernuko lehen ministroa, 2021eko irudi batean. ©EFE

Zatiketa amaitzeko deia

Ricard Gonzalez

Libiako egoera politiko kaotikoak zerikusia izan du hondamendiaren larritasunarekin: herrialdea bi gobernutan zatituta dago. Uholdeek berriz utzi dute agerian batasunerako beharra.
Poloniako armadako hiru militar Ukrainako mugatik gertu, Przewodow udalerrian, iazko azaroan. ©WOJTEK JARGILO / EFE

Poloniak iragarri du ez dizkiola arma gehiago bidaliko Ukrainari

Maddi Iztueta Olano

Lehen ministro Mateusz Morawieckiren arabera, Poloniako armada indartzeko hartu dute erabakia. Edonola ere, azken egunotan nabarmen tenkatu da bi aldeen arteko harremana, Ukrainako zerealak inportatzeko debekuaren harira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...