Gutxieneko soldataren igoera bultzatzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari

Gutxieneko soldata «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errealitate sozioekonomikoarekin bat etortzea» nahi dute. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk babestu dute mozioa.

Emakumezko garbitzaile bat, enpresa bat garbitzen. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena - Iñaut Matauko Rada
2023ko martxoaren 23a
09:02
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lanbide arteko gutxieneko soldata (SMI) Espainiako Gobernuak urtarrilean ezarritakoa baino handiagoa izateko eskatuko diote EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari. Lau alderdiek adostutako akordioan azaltzen denez, «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errealitate sozioekonomikoarekin bat datorren» soldata bat ezartzeko eskatuko diote alderdiek Lakuari.

EH Bilduk aurkeztutako mozio batetik dator Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari egindako eskakizuna. EAJk eta Elkarrekin Podemos-IUk osoko zuzenketak aurkeztu zizkioten koalizio abertzalearen hasierako testuari, baina azkenean lau alderdiek batera aurkeztutako erdibideko zuzenketa onartzekoak dira gaurko saioan.

«Jarrera proaktiboa» izan dezala eskatu diote Jaurlaritzari: bai helburu hori erdiesteko beharrezko neurriak hartzeko, baita «enpleguko eta elkarrizketa sozialeko esparru guztietan» lan baldintza nahiz soldatak «defendatu eta sustatzeko» ere. Igoera horrek 50.000 langile baino gehiagori eraginen die, baina oraindik ez dute zehaztu zer kopuru proposatuko duten.

Gutxieneko soldata igotzeko eskatu zuen jada EH Bilduk hilabete hasieran. Madrilek 1.000 eurotik 1.080ra igo zuen (+%8), baina koalizioak adierazi zuen hori ez dela nahikoa Hego Euskal Herrirako: «Batez besteko soldata Espainiakoa baino %20 handiagoa da, eta bizitza, %20 garestiagoa». Eusko Jaurlaritzari eskatu zion gutxieneko soldata 1.400 euro izateko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Eskumen gehiagoren beharra

Arkaitz Rodriguez EH Bilduko eledunak mozioa defendatu du Legebiltzarrean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batez besteko soldata handiagoa eta bizitzaren kostua garestiagoa dela gogorarazi du Rodriguezek, eta, beraz, ondorioztatu du Espainiako Gobernuak ezarritako 1.080 euroko gutxieneko soldata hiru lurraldeetan motz geratzen dela. Izan ere, Europako Gutun Sozialak estatuei gomendatzen die gutxieneko soldatak batez besteko soldataren %60 izan behar duela, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan behetik dago nabarmen.

Hala ere, Rodriguezek gogorarazi du hiru lurraldeetan gutxieneko soldata handitzeko eskumenik ez dutela bertako erakundeek, eta SMIa igotzeko bi bide daudela uste du: lanaren inguruko eskumenak bertako erakundeek bereganatzea, edo lanbide arteko itun bat egitea, sindikatu, patronal eta botere publikoen arteko adostasunaz hitzartua.

«Mozioaren helburua garbia da: EAEko errealitate sozioekonomikoari moldatuko zaion gutxieneko soldata bat behar dugu», adierazi du Rodriguezek. Horretarako «lan harremanei buruzko eskumen guztiak» behar direla esan du, «subiranotasuna» lortzeko.

Elkarrekin Podemos-IUko Jon Hernandezek adierazi du akordio «ona» dela, eta gogorarazi du antzeko proposamen bat egin zuela koalizio moreak 2019an. Hala ere, Hernandez ez dago ados Rodriguezek eskumenen inguruan esandakoarekin, eta uste du gutxieneko soldata handitzeko «oztopo handiena» euskal patronala dela. Hernandezek uste du gutxieneko soldata handitzeko bidea aldeen arteko akordioa dela, baina Eusko Jaurlaritzak lidergo handiagoa behar duela ere adierazi du, eta Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa jarri du adibide gisa. Bestalde, Hernandezek gogorarazi du administrazio publikoak azpikontratatutako enpresa askorentzat lan egiten duten langileek irabazten dutela gutxieneko soldata, eta hor Jaurlaritzak gehiago egin dezakeela uste du.

Jon Aiartza EAJko legebiltzarkideak ere akordioa defendatu du, eta gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak urteak daramatzala gai horretan urratsak egiten. EH Bilduko Arkaitz Rodriguezi esan dio EAJk ere eskumen hori nahi duela EAEko erakundeentzat, baina gogorarazi du ez dela azkar batean lortzen den zerbait.

Neurri «hutsala», ELArentzat

ELA sindikatuak kritikatu egin du lau alderdiek onartutako erdibideko zuzenketa. «Propagandistikoa» eta «hutsala» dela adierazi dute. Sindikatuak gogorarazi du 2019an LABekin batera gutxieneko soldata handitzeko lanbide arteko akordioa egiteko eskatu ziotela Confebaski, eta gogorarazi dute Eusko Jaurlaritzak ez zuela urratsik egin haien ezetzari aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.