Albistea entzun

Osasungintza

Osasunbideko lan baldintzen legea onartu dute Nafarroako Parlamentuan, ia aho batez

11/1992 Foru Legea moldatzearen alde egin dute talde gehienek. Ezkerrak abstentziora jo du, «mahai orokorraren oniritzirik ez duelako».

SAE, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, gaur, Nafarroako Parlamentuaren aurrean.
SAE, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, gaur, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. jagoba manterola / foku Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2023ko martxoak 23

Nafarroako osasun sistema «indartzeko» xedez, neurri sorta bat diseinatu du Osasun Departamentuak, Osasunbideko langileen erregimen berezia arautzen duen 11/1992 Foru Legean txertatzeko. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Duguk adostu dute proposamena, eta, gaur parlamentuan eztabaida mikatza eragin duen arren, ia erabateko adostasuna lortu du: aldeko botoa eman dio Navarra Suma koalizioak; Ezkerrako ordezkariak, berriz, abstentziora jo du, «ez lege proposamenaren edukiengatik, baizik eta tramitatzeko moduengatik, sindikatuen adostasunik gabe». Aldeko 49 boto jaso ditu lege proposamenak, beraz, eta kontrakorik ez.

Langileen soldatei eta ordainsariei buruzko hobekuntzak jasotzen ditu lege proposamenak, nagusiki: bai Nafarroako Gobernuak SMN Sindikatu Medikoarekin adostutakoak —hilean 400 euroko soldata igoera, eta guardiak egiteagatik edo egoiliarren tutoretzengatik jasotzen diren ordainsarien eguneratzea, besteak beste—, bai LABekin eta UGTrekin aste honetan sinatutako batzuk ere —jaiegun berezietan lan egiteagatik jaso beharreko ordainsarien igoera langile guztientzat, irisgarritasun eskaseko tokietara desplazatu behar duten lehen arretako langileen baldintzak, esklusibotasunari eustea...—.

Lege proposamenaren aurkezpenean, «osasun publikoaren indartzea» nabarmendu du PSNko Inma Juriok. Haren esanetan, medikuen soldata ez ezik, «beste langile askoren baldintzak ere» hobetuko dituzte, «gobernuaren jarrera proaktiboari esker». Haren esanetan, COVID-19aren izurriak agerian utzi zituen «osasun sistemaren ahuleziak, ez soilik Nafarroan, baizik Europa osoan». Hortaz, Nafarroako Gobernuak erabaki du «oina paretan jartzea eta, adabakiak alboratuta, begirada luzeko neurriak hartzea», azpimarra Lehen Arretan jarrita.

UPNren lehendakarigai Cristina Ibarrolak hitz egin du Navarra Suma koalizioaren izenean. Haren esanetan, PSNk «ez daki kudeatzen», eta «egoera ezin txarragoan utziko du Osasunbidea, hurrengo gobernuak konpondu dezan». Kritika gogorra egin dio Nafarroako Gobernuaren jardunari. Besteak beste, adierazi du Maria Txibiteren gobernuak «txikizioa» eragin duela lehen arretan, eta «itxaron zerrendak hirukoiztu» dituela: «Gaur egun, 8.577 pertsona daude ebakuntza baten zain». Hala ere, lege proposamenaren alde egin du koalizio espainiazaleak, «osasun langileen soldaten igoera dakarrelako».

Geroa Bairen izenean, Ana Ansa parlamentariak esan du «aho zapore gazi-gozoa» eragin diola lege proposamenak: «Gai garrantzitsuak jasotzen ditu lege honek, baina lehenago jorratu behar ziren, ez orain: hauteskundeen bezperan eta greba baten eraginpean». Ansaren ustez, «zilegi da» SMN Sindikatu Medikoak eskaerak egitea, baina azaldu du aldarrikapen horiek «sistemaren beharrekin nahastu» direla azken asteetako eztabaida politikoan.

EH Bilduko Txomin Gonzalez harrituta azaldu da Navarra Sumak agertutako jarrerarekin: «Ibarrola andereak kudeatzaile bikain gisara aurkeztu du bere burua, baina gogoratu behar dugu Osasun Departamentuko arduraduna izan zela lau urtez, 2011tik 2015era, eta zeintzuk izan ziren bere lorpenak? Osasun langileei arrisku osagarria kentzea, lanaldia handitzea, 2.000 langile kaleratzea, mikro-guardiak sortzea, jarduera asistentziala amiltzea, itxaron zerrendak %300ean handitzea... Hondamendia ikaragarria izan zen». Hala ere, Gonzalezek esan du Osasun Departamentuko egungo kudeatzaileek ere «hobetzeko askotxo» dutela. Adierazi du gaur aurkeztutako lege proposamenak «langileen aldarrikapenetako batzuk» jasotzen dituela soilik, eta lehentasuntzat jo ditu, besteak beste, «behin-behinekotasuna murriztea, zerbitzu publikoak eta lehen arreta indartzea eta langileen erosahalmena berreskuratzea». Lege proposamenak eta sindikatuekin adostutako beste neurri osagarriek «helburu horiek lortzeko bidea ematen» dutela.

Ezkerra koalizioko Marisa de Simonek, azkenik, «ezkor» hartu du lege proposamena. «Ez nator bat prozedurarekin, ezta lege proposamena tramitatzeko prozesuarekin ere, bizkarra eman baitiozue sindikatuen mahai orokorrari. Ez da negoziaziorik egon. Legealdiaren bukaeran heldu diozue gaiari, presaka, eta Sindikatu Medikoaren lobbyaren presiopean». Hori dela eta, abstentziora jo du.

Sindikatuen protesta kanpoaldean

Legebiltzarrean osasun langileen soldatei buruzko lege proposamena eztabaidatzen ari ziren bitartean, kanpoaldean protesta egin dute SAE, ELA eta CCOO sindikatuetako zenbait ordezkarik. Osasunbidea denok gara. Diskriminaziorik ez irakur zitekeen pankarta nagusian. Sindikatu horiek kritikatu dute LABek eta UGTk Nafarroako Gobernuarekin sinatutako ituna, eta mobilizazioei eusteko asmoa berretsi. Grebara deitua dute Osasunbidean, apirilaren 4rako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indarkeria matxistaren aurka, sanferminak hasi aurreko manifestazioa, Iruñean, artxiboko irudi batean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Bortxaren harea mugikorretan

Jone Arruabarrena

Gasteizko azken hilketa matxistaren harira, eztabaida piztu da babes neurrien eta biktimen gaineko arriskua neurtzearen garrantziaren inguruan. Egungo protokoloak «hutsuneak» dituela diote adituek
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Andre askok ezin dute harreman hori moztu»

J. Arruabarrena

Mendekotasun emozionala sortzea da indarkeriazko harremanen ezaugarrietako bat. Norma Vazquezek azpimarratu duenez, garrantzitsua da hori kontuan hartu eta emakumea errudun ez bihurtzea.
 ©GORKA RUBIO / FOKU
Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkoreka, Tourrarekin lotutako plana azaltzen. ©IREKIA

Erkorekak esan du Ertzaintzako lan gatazkak ez duela Tourra baldintzatuko

Iosu Alberdi

Uztailaren 1etik 3rako «segurtasun publikoaren gida plana» aurkeztu du Segurtasun sailburuak: 1.700 ertzainek parte hartuko dute egunero. Ertzainak Borrokan plataformak, berriz, Urkulluri leporatu dio gatazkari konponbide bat bilatzeko aukera galtzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...