Donostiako 58. Jazzaldia

Village People, Fred Wesley, Ezra Collective eta Zetak izango dira Zurriolan

Tiken Jah Fakoly, Viva Suecia, Arde Bogota eta Blue Lab Beatsek osatuko dute Keler guneko programazioa, uztailaren 21etik 24ra.

Village People taldea. BERRIA
mikel lizarralde
2023ko martxoaren 23a
12:24
Entzun

Donostiako Jazzaldiak gaur iragarri ditu 58. ekitaldian Zurriolako hondartzako Keler gunean ariko diren artistak. Uztailaren 21ean, hasiko dira emanaldiak, eta 24ra arte iraungo dute. Bi taldek joko dute gau horietako bakoitzean.

Village People disco musikaren talde historiko ezagunarekin hasiko dira Zurriolako kontzertuak. 1970eko hamarkadaren amaieran sortu zen taldea New Yorken, eta berehala arrakasta izugarria lortu zuen. Jacques Morali eta Henri Belolo konpositore eta ekoizleen kantuak interpretatzeko beren-beregi sortutako taldea izan zen Village People, eta hasieratik izan zuen helburu hiriko gay komunitatearekin konektatzea. Y.M.C.A., In the Navy, Go West, Macho Man eta beste hainbat kantu ezagunek, ordea, arrakasta izugarria izan zuten, ez bakarrik komunitate horretan, baizik eta mundu osoan. Taldeak 1980ko hamarkadaren erdialdera arte atera zituen diskoak, baina oihartzuna txikituz joan zen, eta gerora zuzeneko emanaldietara mugatu zuen jarduna.

Lehenengo egun horretan bertan, Fred Wesley & The New JBs-ek hartuko du Village Peopleren lekukoa hondartzako oholtzan. Wesley tronboi jole estatubatuarra funkaren eta musika afro-amerikarraren historiako konpositore eta moldatzaile ezagunenetako bat da, eta musika beltzaren ikono handienekin egin du lan: James Brown (haren zuzendari musikala izan zen), George Clinton, Ike and Tina Turner, Ray Charles, Maceo Parker, Count Basie, Van Morrison, Earth Wind & Fire, Pee Wee Ellis, Vanessa Williams, The S.O.S. Band, Cameo, De La Soul, Curtis Mayfield, Usher,…

Blue Lab Beats Londresko jazz eszena modernoan nabarmendu den taldearekin hasiko da uztailaren 22ko gaua. Bandaren musikan, jazzarenaz gain, hip-hoparen eragina ere antzematen da. Ondoren, azken urteetan Espainian arrakasta handia lortu duen taldearen txanda izango da: Viva Suecia. Haren musikan pop melodiak eta soinu epikoa batzen dira.

Uztailaren 23an, igandearekin, Arde Bogota talde espainiarra eta Tiken Jah Fakoly Boli Kostako musikaria ariko dira Keler Gunean. Azken horren musikan, dub eta soukouss oinarriekin gurutzatzen da reggaea, eta instrumentu afrikar tradizionalak berreskuratzen dira: kora, ngonia eta balafoia, besteak beste.

Azkenik, 24an, Zetak euskal taldeak Zurriolako hondartzako kontzertuei amaiera eman aurretik, Ezra Collective Londresko boskotearen musika dantzagarriaz gozatzeko aukera izango dute bertara azalduko direnek. Jazza, afrobeata, afrokubatar musika, funka, salsa, grimea, hip-hopa, R&Ba, samba… taldearen estilo nahasketak bizitasuna eta alaitasuna transmititzen du beste ezeren gainetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.