Musika

Al di Meola, Jazzmeia Horn eta Marc Ribot ariko dira Getxo Jazz jaialdian

Ekainaren 28tik uztailaren 2ra egingo dute jaialdiaren 46. aldia.

Jazzmeia Horn musikaria. GETXO JAZZ
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko martxoaren 23a
13:46
Entzun

Getxo Jazz jaialdia hasi da pixkanaka aurtengo egitaraua osatzen. Oraingoz, hiru musikariren izenak iragarri dituzte: Al di Meola, Jazzmeia Horn eta Marc Ribot. Ekainaren 28tik uztailaren 2ra egingo dute jaialdiaren 46. aldia, eta sarrerak maiatzaren 2tik aurrera jarriko dituzte salgai.

Zehazki, Jazzmeia Horn musikariak irekiko du jaialdia. Thelonious Monk lehiaketa irabazi zuen 2015ean, eta, ordutik, nazioarteko jazz ahotsik entzutetsuenetako bat da. 2017an kaleratu zuen aurreneko diskoa, A Social Call, eta, horri esker, Grammy sarietan izendatuta egon zen. Handik bi urtera, berriro ere izendatu zuten, Love & Liberation bigarren lanari esker. Dear Love da, oraingoz, kaleratu duen azken lana.

Ekainaren 30ean Marc Riboten txanda izango da. 40 urtetik gorako ibilbidea du musikaren munduan, eta hirukote formatuan iritsiko da Getxora, Shahzad Ismaily baxu jotzailea eta Ches Smith bateria jotzailea alboan dituela.

Al di Meola, berriz, uztailaren 1ean igoko da oholtza gainera. Musikariak Bostongo Berklee College of Music eskolan ikasi zuen, eta 1974an, Chick Corea eta Stanley Clarkeren orkestran parte hartu zuen. Handik bi urtera hasi zen askotariko jazz-rock izarrekin kolaboratzen. Besteak beste, Jan Hammerrekin, Steve Winwoodekin, Jaco Pastoriusekin eta Mingo Lewisekin. Orduz geroztik, hainbat musika estilotako artistekin kolaboratu izan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.