Lan osasuna

Mutualitateek langileen osasun arreta osoa euren gain hartzea eskaini diete gobernuei

Langileen patologia guztiak kudeatzeko prest agertu dira, osasun zerbitzu publikoen itxaron zerrendak laburtzeko eta bajak «alferrik luzatzea» eragozteko. LAB sindikatuak baieztatu du Nafarroako Gobernuari iritsi zaiola, eta ziurtzat jotzen du Jaurlaritzak ere jaso duela.

AMAT Espainiako Mutualitateen patronalak bidalitako agiria. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko martxoaren 24a
11:00
Entzun

AMAT Espainiako Lan Istripuetarako Mutualitateen Patronalak haien eragin ahalmena asko handituko lukeen akordio bat eskaini die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. LAB sindikatuak lortu duen akordioaren zirriborroaren arabera, langile batek «kontingentzia arrunt» bategatik baja hartuko balu, Mutualitateak kudeatuko luke osasun arreta osoa.

Kontingentzia arruntak lanarekin zuzeneko harremanik ez duten osasun arazoak dira, eta, Confebask enpresari elkartearen arabera, baja eskakizunen %70 ingururen arrazoia dira. Akordio proposamen horrekin, gaixo edo eri horiek sistema pribatura pasatuko lirateke. Agirian diotenez, horrek «osasun zerbitzu publikoetako itxaron zerrendak laburtu» eta «karga asistentziala murriztuko» luke. Akordio berriaren bidez, halaber, murriztu egingo litzateke osasun publikoko lehen arretako medikuak gaixoaren bilakaeraren gainean duen eragin ahalmena.

Agiria LAB sindikatuak lortu du, eta AMAT Lan Istripuetarako Mutualitateen Patronalak osasun zerbitzu publikoei buruz egindako akordio zirriborro bat da, iazko abenduaren 7ko data duena. Mutualitateak enpresari elkarteak dira, ustez irabazi asmorik gabekoak, baina beren eragin sareetan enpresa pribatu asko dituztenak. Gizarte Segurantzaren babesean jarduten dute, eta dirusarien ordainketa ere kudeatzen dute. Sindikatuak argi du Gizarte Segurantzaren onespenik gabe ezingo litzakeela horrelako eskaintzarik egin.

Zirriborroa Espainiako erkidego autonomoetako agintariei, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari bidali zaie. LABek baieztatu du Nafarroako Gobernuak jaso duela, eta ziurtzat jotzen du Jaurlaritzak ere jasoa duela. Agiria idatzita dago, eta osasun zerbitzuek bete beharreko hutsune batzuk ditu. Oraindik ez dakite Jaurlaritzak edo Nafarroako Gobernuek erantzun dute. Alde horretatik, Igor Arroyo LABeko koordinatzaile nagusiak eskatu die argitzeko haien erantzuna zein izango den: «Duela hiru hilabeteko agiri bat da, eta ez dakigu noiztik duten. Baina ez sindikatuei ezta beste alderdiei ere ez diete honen berri eman, eta hori susmagarria iruditzen zaigu. Euren jarrera zein izango den argitzeko eskatu diegu, ez dezaten atzeko ate batetik onartu».

Pribatizazioa

LAB sindikatuaren arabera, eta xehetasun gehiagoren esperoan, akordio proposamen horren bidez, mutualitateen boterea «handitu» egiten da. «Patologia edozein dela ere» hura kudeatzeko ahalmena izango lukeelako. Langileria aktiboaren %80 edo %90aren —lantokian mutualitate batekin akordioa duen ororen— gaixotasun arrunten kudeaketa: kontsultak, probak, ebakuntzak… esku pribatuetan geldituko lirateke. LABen kalkuluen arabera, gizartearen erdia litzateke gutxi gorabehera. «Pribatizazio prozesu erraldoi bat» litzatekeela ondorioztatu dute, osasun sistema pribatuaren esku inoiz utzi den lan poltsarik handiena, alegia.

Agirian, esanda bezala, akordio posible horren arrazoiak ageri dira. Batetik, itxaron zerrendak murrizteko balio beharko lukeela dio, «hiritarren mesedetan», eta, bestetik, «aldi baterako ezgaitasun prozesuen gehiegizko luzapen ez-beharrezkoa murriztea». Azken azalpen horren atzean, urte hauetan enpresarien elkarteek absentismoaren inguruan hauspoturiko eztabaida ikusten du sindikatu abertzaleak.

Lehen Arretako medikuaren botere galera

Langilearen osasuna esku pribatuetan uztean, murriztu egiten da Lehen Arretako medikuaren botere ahalmena. Sendagiria kudeatzeko prozesuan ikusten da hori. Mutualitateak langilearentzako senda agiria jasotzeko proposamena egiten badu, eta langilea ados ez badago, haren lehen arreta medikuak «aurkako txosten bat» egin beharko du bost egunen buruan. LABen arabera, egungo itxaron zerrendak direla-eta, hori lortzea ezinezkoa da, eta Lehen Arretako medikuaren gain jartzen du aurkako argudioak eman behar izatea. Erantzunik ez balego, Lan Osasun Ikuskaritza publikoko medikuak ebatzi beharko luke, eta, sindikatuaren arabera, hark normalean mutualitateen alde egiten du.

Eta Lan Osasun Ikuskaritzak erantzungo ez balu? Alegia, lan kargarengatik isiltasun administratiboa gertatuko balitz? Mutualitateak senda agiria eskatu ahal izango gu. LABek irakurketa argia du: «Lehen Arretako medikua da langileak duen babes handiena. Bere konfiantzazko medikutik urrundu egin nahi dute, eta haren lana zaildu. Bere lantokiarekin edo osasun zerbitzu pribatu batekin harremana ez duen langilearen solaskide bakarra da».

Proben negozioa

Akordio zirriborroan agertzen den beste puntuetako bat proben kudeaketa da. Mutualitateek nahi beste egin ahal izango dituzte bajak «alferrik» luzatzea eragozteko. Langileak eta Osasun zerbitzu publikoak tratamendu horiek onartu beharko ditu bost eguneko epean, eta, isiltasun administratiboa balego, onartutzat emango litzateke. Hor bi faktore hartu behar dira kontuan: batetik, langileak probei ezetz esan eta bere enplegatzaileari aurre egiteko ahalmena; eta, bestetik ,osasun zerbitzu publikoen lan karga. Mutualitatek eskura dituzten baliabideekin egingo dituzte probak, eta, gero, osasun zerbitzu publikoari kobratuko dizkio.

Probak kudeatzeko eskaintza horren atzean, LABek klinika pribatuen negozio aukera ikusten du. Mutualitateak berez irabazi asmorik gabeko elkarteak dira, baina lortzen dituzten mozkinen %15 haien azpiegituretan inbertitzeko erabili dezakete eta horregatik dute hain patrimonio handia. Halaber, probekin negozio paralelo handi bat sor daitekeela uste du LABek: «Azpian enpresa elkarte handiak egin daitezke, proba horiek kudeatzeko: erradiografiak, analisiak… eta horiek badute irabazi asmoa. Klinika pribatuak dira azken finean».

Sindikatuak logika horri «buelta emateko» deia egin du. Osasun publikoa indartu nahi bada, haren esku jartzea osasun pribatuaren baliabideak. Arroyok zehaztu du 1996ko Espainiako Osasun Legeak mutualitateak «publifikatzeko ahalmena» aitortzen diela osasun zerbitzuak kudeatzeko eskuduntza duten erakunde publikoei. «Auzi publiko bat da hau. Urkulluri eta Txibireri norabide horretan pausoak emateko eskatzen diegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.