Albistea entzun

Gehituk salatu du «biktimen soslaiak» ikerketari eragin diola Bilboko hilketen auzian

Elkarteak herri akusazio gisa dihardu 2021ean izandako homosexual eta bisexualen ustezko hilketei buruzko prozedura judizialetan. Zazpi kasu ikertzen ari dira, eta elkarteak eskatu du guztiak bateratu ditzatela. Gehituk gogor kritikatu du fiskaltza, ez baitu uste «egoki diren eginbide guztiak» egin direnik orain arte.

Gehituko kideen agerraldia, gaur, Donostian.
Gehituko kideen agerraldia, gaur, Donostian. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko martxoak 24 15:42

Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkarteak herri akusazioa gisa aurkeztea erabaki zuen iazko uztailean, komunikabideek ezagutarazi zutenean ikerketa polizialak eta judizialak abian zeudela Bilbon gizon gay eta bisexualen aurka egindako ustezko hilketa eta ustezko hilketa saio batzuk zirela eta. Elkarteak gaur eman du erabaki horren berri, eta azaldu du zergatik dagoen herri akusazio gisa prozedura horretan. «Larriturik» frogatu du, Saul Castro Perez abokatuaren bidez, auzi bakoitza bere bidea egiten ari dela, eta fiskaltzak ez duela haiek metatzeko eskatu, «nahiz eta patroi komun bat» dagoen guztietan.

Horiek horrela, iazko uztailean Gehitu herri akusazio gisa aurkeztu zen Bilboko instrukzioko zenbait epaitegitan bideratutako zazpi prozeduratan. Zehazki, bi hilketa saiakeraren eta ustezko bost hilketa egin eta ondorengo delitu ekonomikoen harira. Heriotzak naturaltzat jo dituzte, baina, pixkanaka, eta hori da Gehituren tesia, «zantzuak azaldu dira susmatzeko heriotza horiek itotze mekanismo baten bidez eragin direla». Castro abokatuak uste du badela tesi hori objektiboki peritatzea, «lesiorik uzten ez duen itotze mota bat» tarteko.

2021ean aurkitutako gorpuak heriotza naturaltzat jo ziren, eta, denen artean «antzeko patroia» egiaztatu arte, ez ziren atzera ikerketak zabaldu. Gehituko kide Maitane Arzalluzek azaldu duen patroi horren arabera, hildako guztiak ziren «adin jakin bateko gizonak»; «gainera, bakarrik bizi ziren; gizonen arteko harreman aplikazioak erabiltzen zituzten; eta haien banku kontuetan, hil ondoren, pertsona berarentzako diru mugimenduak hauteman ziren». Arzalluzek «ikerketa bide guztiak agortu beharra» azpimarratu du, eta uste du autopsiaren jatorrizko txostenak zabaldu behar direla horretarako.

Izan ere, Oskar Arroyuelo Gehituko kideak ez du baztertu oraindik ere ustezko hiltzaile berarekin lotutako kasu gehiago azaltzea. 25 urteko pertsona horrentzat ia hemezortzi urteko kartzela zigorra eskatu du Gehituk epaiketa fasera iritsitako kasuetako batean, eta fiskaltzak, berriz, bederatzi. Iazko maiatzean, Irungo polizia etxe batera joan zen, eta han atxilotu zuten zenbait hilketaren susmagarri gisa.

«Erantzun judizial kontrajarriak»

Edonola ere, Gehitu «larrituta» dago antzekoak diren kasu batzuetan «erantzun judizial guztiz kontrajarriak» egon direlako, Castro abokatuaren arabera. Esaterako, zazpi kasu horietatik hiru artxibatu egin dituzte, eta elkarteak helegiteak jarri ditu epaitegietan. Horietako bat Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarri du, babes helegite moduan. Castro «baikor» azaldu da helegite horiek izango duten erantzuna dela eta, baina hausnarketa egitera deitu du gizartea: «Biktimen soslaiak kalte egin dio ikerketari, biktimen eskubideei. LGTBIfobia islatu da». Eta galdera bat egin du: «Harremanetarako aplikazioak erabiltzen zituzten adin bateko homosexualak izan beharrean neska gazteak izan balira, erakundeek halako pasibotasunez jokatuko zuten?».

Horiek horrela, Castrok «harrigarritzat» jo du «benetako babeserako oinarrizko eskubidearen aurka» aritu izana zenbait epaitegitan eta fiskaltzan. Gehituko kide Arzalluzek, berriz, exijitu du «instrukzio epaitegiek eskatutako froga eginbideak egin ditzatela eta fiskaltzak egoki diren eginbide guztiak gauzatzeko eska dezala, ikerketa ahalik eta zorrotzena izan dadin eta egitateak guztiz argitu daitezen».

Senideei informaziorik eman gabe

Hildakoen senide eta lagunei «besoak zabaldu» dizkie Gehituk, «ikusirik zenbait prozeduratan ez zaiela akzio eskaintzarik egin, ezta garrantzizko ebazpenak jakinarazi ere», nahiz eta horien berri izateko eta helegitea jartzeko eskubidea duten. «Gehituk borrokatzen jarraituko du, egia lortzeko duten eskubidearen alde eta, hilketak izan badira, egoki diren erantzukizun penal eta zibilak zehazteko eskubidearen alde», esan du Arzalluzek.

Hala, elkarteak galdegin du gizon gay eta bisexual horien heriotzen eta heriotza saiakeren inguruko ikerketa judiziala «zehatza» izan dadila, eta ikertzeko «aukera guztiak» balia daitezela, hipotesi guztiak aintzat hartuta. Erantzukizun penalak zehaztea nahi du elkarteak, «biktimei dagozkien erreparazioak» egin daitezen, eta «LGTBIfobia prebenitzeko eta lesbiana, gay, bisexual, transexual eta intersexualen funtsezko eskubideak babesteko neurriak, protokoloak eta politika publikoak» hobetu daitezen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mugimendu feministak deitutako elkarretaratzea, atzo, Gasteizen. ©ARGAZKILARIA

Ertzaintzak urtarriletik zekien bikotekideak urruntze agindua urratzen zuela

Edurne Begiristain Arantxa Iraola

Erkorekak esan du Ertzaintza maiatzaren 18tik ari zela biktimak zenbateko arriskua zuen «aztertzen». Mugimendu feministak «neurri integralak» galdegin ditu
EHUren fakultate bat, artxiboko irudian ©Jaizki Fontaneda / FOKU

Eusko Jaurlaritzak %16 handituko du unibertsitateen finantzaketa

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritzak zuzenean 1.642,4 milioi euro emango dizkie EHUri, Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari. Agerraldian ez dute argitu unibertsitate bakoitzak zenbat jasoko duen.

Apirilaren amaieran Ankerkeriari Stop plataformak egindako mobilizazioa, Gasteizen. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Anakronismoa eta krudelkeria» salatzeko, kalera irtetera deitu dute

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ankerkeriari Stop plataformak «agerraldi masibo bat» egingo du igandean Amurrion, Barbadori eta Zelaiari elkartasuna erakusteko
Suhiltzaile batzuk, artxiboko irudi batean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Oposizioak euskaraz egiteko aukerarik ez die eskaini Arkautik suhiltzaileei

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Arartekoak ebatzi du oposizioetako partaideen hizkuntza eskubideak «urratu» zituztela, eta ELA sindikatuak auzi eske bat jarri du epaitegietan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.