GERRA UKRAINAN

Txinak Europari eskatu dio jokatu dezala «dagokion rola», Ukrainan su etena gertatzeko

Pekinek uste du «adostasun estrategiko bat» lortu beharko lukeela Europarekin, horretarako oinarritzat hartuta menia bat bideratzea eta Ukrainako gerrari «irtenbide politiko bat» ematea. Von der Leyen eta Macron elkarrekin joango dira Txinara, apiril hasieran

Xi Jinping Txinako presidentea, asteon, Moskun. EFE
Igor Susaeta.
2023ko martxoaren 24a
13:34
Entzun

Europako herrialdeek ez dute interes handirik agertu Ukrainako auzia konponbidean jartzeko Txinak egindako planteamenduaren aurrean. Aliatuak izaki, eta proposamenean jasotakoa gorabehera, Bruselari iruditzen zaio Pekinek Mosku babestuko duela. Erreakzio hori ikusita, Pekinek uste du «adostasun estrategiko bat» lortu beharko lukeela Europarekin, horretarako oinarritzat hartuta su eten bat bideratzea eta Ukrainako gerrari «irtenbide politiko bat» ematea.

Pekingo iturri ofizialen arabera, Wang Yi Txinako Atzerri Gaietarako Batzorde Zentralaren zuzendariak hori esan zion, atzo gauean, telefonoz, Frantziako presidentetzaren aholkulari diplomatiko Emmanuel Bonneri. «Txinak espero du Frantziak eta beste herrialde batzuek dagokien rola jokatzea horri dagokionez», nabarmendu zuen Txinako diplomazialari gorenak, eta berretsi «bake elkarrizketak» sustatu nahi dituztela. Otsail amaieran plazaratutako planak hamabi puntu ditu, eta horietako batek nazioarteari dei egiten dio, sor ditzan «baldintzak eta plataformak» elkarrizketei horiei bide emateko.

Horren harira, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Txinara bidaiatuko dute elkarrekin, apirileko lehen astean. Hori iragarri du Von der Leyenen bozeramaileak, gaur. Eliseoko buruak azpimarratu du, gaur, EB Europako Batasuneko estatu kideetako liderren bilera bukatu eta gero, ahalegindu direla Txina Europarantz erakartzen, Errusiari «presio» egiteko.

Paraleloki, Eslovakiak, EBko herrialde batek, lau gerra hegazkin entregatu zizkion, atzo, Ukrainari —guztira hamahiru ematekoa da—, eta Bruselak txalotu egin du, gaur. «Elkartasun keinu handi bat da», idatzi du, Twitterren, Peter Stano Europako Batzordearen Atzerri bozeramaileak. Polonia ere, klub komunitarioko beste kide bat, Kievi dozena bat abioi ematekoa da.

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideak ere badira bi estatu horiek, eta, hain zuzen ere, Dmitri Medvedev Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteordeak esan du, Interfax berri agentziak gaur jaso zuenez, Errusiak ez duela Mendebaldeko aliantza militarrarekin zuzenean gatazkan sartzeko asmorik, eta elkarrizketa bidez konpondu nahi duela auzia. Hain zuzen, Medvedev izan ohi da, Kremlineko buruzagien artean, tonu gerrazaleena erabili ohi duena.

Hungariaren bermeak

Nord Stream gasbideen ondoan joan den martxoaren 15ean Danimarkako Gobernuak topatutako objektua identifikatzea «garrantzitsua» dela nabarmendu du, gaur, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero egiten duen agerraldian. Gaineratu du ikerketak «gardena» izan behar duela.

Bestalde, Hungariak adierazi dio Suediari ez duela atzeratuko NATOko kide bihurtzeko egindako eskaeraren berrespena. Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek bermeak eman dizkio gaur Suediako bere homologo Ulf Kristerssoni, EBko estatuburuek eta gobernuburuek Bruselan egindako bileran.

Putin eta NZA

BRICS (Brasil, Errusia, India eta Hegoafrika) taldea goi bilera bat egitekoa da datorren abuztuan Hegoafrikan, eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak oraindik ez du erabaki joango den ala ez. Hori jakinarazi du, gaur, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak. Aintzat hartu behar da NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiak Putin atxilotzeko agindu duela, gerra krimen bat leporatuta, eta Hegoafrika auzitegi horretako kidea dela.

Hain zuzen ere, Hegoafrikako Nazioarteko Harremanetako ministro Naledi Pandorrek baieztatu zuen, atzo, Putin bilerara gonbidatu dutela. «Dena den, iruditzen zait NZAren [atxilotze] agindua arduratzeko modukoa dela». Auzitegi horretako estatu kideek dute kolaboratzeko obligazioa. Baxar al-Assad Siriako presidentea Hegoafrikara joan zen 2015ean, eta NZAk bere kontrako atxilotze agindua emana zuen arren, ez zuten atxilotu.

NZAk adingabeak deportatzea egozten dio Putini. Horrekin lotuta, organo horrek eta Kievek jakinarazi zuten, atzo, adostu dutela Ukrainan bulego bat irekitzea. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearentzat, modu horretan nazioarteko justizia «are aktiboagoa» izango da «Errusiaren krimenak» ikertzerakoan.

Gerra frontea

Errusiako indarrek aurreko 24 orduetan egindako erasoen ondorioz hamar zibil hil dira eta hogei zauritu, Ukrainako Gobernuak gaur jakinarazi zuenez. Kostiantinivkan, Donetsk eskualdean, sorospen gune batean zeuden bost pertsona hil ditu Errusiak jaurtitako misil batek. Sumi eskualdean, bestalde, herrialdearen ipar-ekialdean, Errusiak suziriekin eta artilleriarekin eraso egin dio Bilopillia herriari, eta bi zibil hil ditu. Eta Kherson eskualdean —atzo han egon zen Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea—, herrialdearen hegoaldean, bonbardaketek pertsona bat hil dute hiriburuan, eta beste bat Bilozerka hirian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.