Bi urteko espetxe zigorra ezarri diote Rahul Gandhi Indiako oposizioko buruari

Narendra Modi lehen ministroaren aurkako difamazio iruzkinak egitea egozten diote. Lok Sabhatik, hau da, Indiako Parlamentuko behe ganberatik bota dute.

Rahul Ghandi Indiako oposizioko buruaren aldeko protesta isila, gaur goizean, Mumbain. DIVYAKANT SOLANKI / EFE
maddi iztueta olano
2023ko martxoaren 24a
14:06
Entzun

Gujarat (India) estatuko auzitegi batek hala aginduta, Indiako oposizioko lider Rahul Ghandi ez da aurrerantzean Lok Sabha Indiako Parlamentuko behe ganberako kide izango. Gainera, bi urteko espetxealdia ezarri diote, 2019ko hauteskunde orokorretako kanpainan zera esateagatik: «Zergatik da Modi lapur guztien abizena?». Hori da, hain zuzen, herrialdeko lehen ministroaren abizena, eta, hortaz, haren izena belztea egozten diote 52 urteko politikariari.

Halere, aukera izango du bi zigor horietatik bati izkin egiteko. Bada, auzitegiak 30 eguneko bermea eman dio helegitea aurkezteko. Baina, gaur-gaurkoz, men egin beharko dio parlamentuko behe ganbera uztera behartzen dion zigorrari. Izan ere, Indiako legearen arabera, edozein krimenengatik bi urtetik gorako zigorra duen kide oro automatikoki kanporatu behar da parlamentutik.

Lehen ministroaren aurkako iraina izateaz gain, Ghandiren iruzkina Modi abizena duten guztien aurkakoa ere bazela iritzi zioten Indiako Gobernuko hainbat kidek. Izan ere, abizenak lotura du Indiako klase hierarkia tradizionalaren beheko mailekin.

Ghandiren abokatuak berretsi du ez zela haren asmoa iruzkin horrekin «inor iraintzea». «[Ghandiren] asmoa herrialdeko ustelkeria salatzea zen», azaldu du. Ravi Shankar gobernuan agintzen duen BJP Bharatiya Janata alderdiko legegileak iritzi dio, ordea, «erabakia herrialdeko prozesu judizialaren arabera hartu» dela.

Baina INC Indiako Kongresu Nazionala alderdiko buruaren aurkako epaia «okerra eta oinarririk gabekoa» dela salatu dute Ghandiren alderdiko kideek. Are, uste dute epaiak«motibazio politikoak» dituela, eta Modiri eta haren BJP Bharatiya Janata alderdiari leporatu diote «aurkari politikoen kontra» egitea.

Sententzia salatzeko mobilizazioak egin dituzte herrialdeko zenbait tokitan. Manifestazioa egin dute hiriburuan, Delhin, eta alderdiko zenbait jarraitzailek protesta isila egin dute Mumbain. Oihurik egin ez duten arren, Ghandiren aurpegia erakusten duten kartelak izan dituzte esku artean, zera ziotenak: Egiak irabaziko du.

Bide beretik, Ghandik hau idatzi zuen atzo Twitterreko bere kontuan, epaiaren berri izan eta gutxira: «Egia eta bakea dira nire erlijioaren oinarriak. Jainkoa da nire egia, eta bakea harengana iristeko modua».

2024ko hauteskundeei begira

Baliteke Ghandik denbora batez baztertu behar izatea hauteskundeetara aurkezteko aukera. Izan ere, haren aurkako sententzia behin betiko onartzen badute, ezin izango du 2024ko hauteskunde nazionaletara aurkeztu. Legearen arabera, auzipetutako politikari batek ezin du hauteskundeetan parte hartu kartzela zigorra amaitu eta hurrengo sei urteetan.

Kolonia britainiarrak 1947an Indiako lurrak utzi ondoren, urteetan Kongresu Nazionala eseri zen Indiako Gobernuko agintaritzan. Baina, 2014ko hauteskundeetan, Modiren alderdiak alde handiarekin irabazi zuen, eta gehiengoari eutsi zion 2019an egindakoetan. Egun, Kongresuak 10 eserleku ditu Indiako Parlamentuko behe ganberan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.