Erreakzioak

EH Bilduren «poztasuna, neurrikoa»

EAJk adierazi du hurbilketak balio behar duela ezker abertzaleak «orain arte eman ez dituen urratsak behingoz ematera animatzeko». Miren Gorrotxategirentzat urrunketaren amaieraren gakoetako bat Elkarrekin Podemosek Madrigo gobernuan egin duen ekarpena izan da. Iturgaizentzat, berriz, Sanchezen «fakturaren lehen ordainketa» da.

Mirentxinen furgonetetako bat, 2020ko urrian, euskal presoei bisita egiteko bidaian. 7. NAGORE ARIN
Jone Bastida Alzuru - Jon Ordoñez Garmendia - Xabier Martin
2023ko martxoaren 24a
15:54
Entzun

Sakabanaketari amaiera emango dioten azken bost presoak Euskal Herriratuko dituela iragarri du Madrilek, eta berehala iritsi dira erreakzioak. EH Bilduk agerraldia egin du espetxe aldaketak iragarri eta berehala. Euskal Herritik kanpo zeuden azken bost euskal presoen aberriratzearekin, «amaiera» eman dio EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik «80ko hamarkadaren bigarren erdialdean abian jarritako sakabanaketa politikari». Koalizioak Donostian duen egoitzan adierazpen bat irakurri du Otegik. «35 urte baino gehiago» iraun duen espetxe politikaren «ziklo bat itxi» dela esan du. Eta ziklo horren «lorpen bakarra» zein izan den zehaztu du: «Sufrimendua modu krudelean luzatzea».

Urruntze eta sakabanatze politikak ez zirela inoiz martxan jarri behar erantsi du, eta ez zirela hainbeste luzatu behar. Horregatik, EH Bilduren «poztasuna neurrikoa» dela helarazi du: «Ezin dugu hainbeste min eta sufrimendu ahaztu». Politika horren arduradunei ere erreparatu die, «erabaki politiko baten ondorio» izan delako: «Estatu erabaki baten ondorio da, gobernu guztiek denboran sostengatu dutena, kontziente izanda modu horretara giza eskubideak larriki urratzen zituztela. Ez zitzaien axola izan ez beren legea urratzea, ez presoen senideei sufrimendu doakoa eta alferrikakoa eranstea».

Otegik zehaztu du Espainiako Estatuari dagokionez gertatu dela sakabanaketaren amaiera, eta horrek eragindako erreakzioei erreparatu die, ohartarazteko ez lukeela «inor eskandalizatu behar, espetxe legezkotasuna eta legedi horrek arautu beharko lituzkeen eskubideak zorrotz betetzearen ondorio baino ez baita». Kolektibo jakin baten aurka «ad hoc diseinatu eta aplikatutako salbuespen politika» izan baita, harentzat. Politika horren amaierak «gizartearen, sindikatuen, politikaren eta herriaren gehiengo zabalarekiko errespetuzko adierazpen bat» da, EH Bildurentzat. Horregatik, «bidelagun» izandako eragile politiko, sozial eta sindikal guztiekin partekatu du «guztion konkista».

Otegik azaldu du «pozgarria» dela euskal presoak Euskal Herriratzea «bizikidetza demokratikoaren eraikuntzaren parte ere badela» uste dutenentzat. Hori dela eta, EH Bilduk, «lehenik eta behin, presoen senideekin» partekatu du poztasuna, «duintasunari eutsi diotelako, nahiz eta milaka kilometro egin behar izan dituzten eta mota guztietako gehiegikeriak eta irainak jasan dituzten». Errepideetako joan-etorrietan hildako senide eta lagunak izan ditu gogoan Otegik: «Beti egongo zarete gure bihotzetan. Ez zaituztegu inoiz ahaztuko».

Ziklo bat itxi bada ere, salbuespen politikak ez dira amaitu, EH BIlduko koordinadoren nagusiak gogoratu duenez. «Bide luzea dugu egiteko. Gaur egun ere salbuespenezko politikak daude presoen aurka, eta horiek ez dira aplikatu behar bizikidetza sendotzeko helburua erdiesteko. Iraganean pairatutako sufrimendu guztiak arintzeko bidea geratzen da, baita oraindik dirauten batzuk arintzeko ere». EH Bilduk «itxaropen eta konfiantza» mezua helarazi ditu.

«Lanean jarraituko dugu, adostasunak ehuntzen jarraituko dugu, zubiak eraikitzen jarraituko dugu eta ez lubakiak.
Gure herriak biktima guztien errekonozimenduko eta erreparazioko etorkizuna merezi du, eta preso, errefuxiatu eta deportatu politikorik gabeko etorkizuna. Gure herriak hori nahi du eta guztion erantzukizuna da errealitate bihurtzea». Lan hori «biktima guztien errekonozimenduko eta erreparazioko etorkizuna» eraikitzeko izango dela gaineratu du; "preso, errefuxiatu eta deportatu politikorik gabeko etorkizuna", nahi du koalizioak.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak txio batean herritarren mobilizazioak nabarmendu ditu: «Estatuak boteretsuak dira baina ez garaitezinak. Herri mobilizazioarekin eta elkarlanarekin lortuko dugu preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herria».

EAJk ere poztasuna adierazi du Espainiako kartzeletan zeuden azken euskal presoen hurbilketa. Poz horri, baina, baikortasuna gehitu dio. Izan ere, ohar batean azaldu duenez, «ETAko presoak euskal espetxeetara hurbiltzeko prozesua» ondo amaitu izanak balio behar luke « Ezker Abertzaleak eta Ezker Abertzalea osatzen duten elkarte politiko eta sozialek orain arte eman ez dituzten urratsak behingoz ematera animatzeko». Horregatik adierazi du presoen hurbiltzea ez dela azken urratsa, eta bere iritziz egin beharrekoak zerrendatu ditu: «Egindako kalte bidegabearen aitorpen unibokoaren norabidean urrats irmoak, ETAren ekintza kriminalaren biktimei laguntza eta erreparazioa emateko urrats sendoak».

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea ere pozik agertu da urruntze politikaren amaierarekin. Esan du albiste on bat dela giza eskubideentzat, bergitzarteratzeko ezinbestekoa dela zigorra bizitokitik hurbil betetzea eta presoei ezarritako zigorrak inoiz ez zituztela bete behar euren senideek.

Gorrotxategik esan du Elkarrekin Podemos-IUk beti defendatu duela euskal presoen hurbilketa, eta Elkarrekin Podemosek Espainiako Gobernuan egin duen ekarpena izan dela urrunketarekin amaitzeko gakoetako bat. «Beti esan dugu [urruntze politika] argudiaezina zela. Gaineratu du koalizio horrek eutsi egin diola baita indarkeria errefusatzeko beharrari, «iraganean eragindako minaren bidegabekeria aitortuz».

«Hurrengo ordainketa, etxeratzea»

Kontrako erreakzioak ere izan dira. Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidenteak sare sozialetan esan du Pedro Sanchezen ordaina dela presoak hurbiltzea: «Fakturaren lehen zatia ordaindu du, damuarekin edo gabe, ETAko gaizkileak Euskadira hurbilduz». Ondoren gaineratu du zein izango den bigarren partea: «Etakideak kalera ateratzea izango da Sanchezen hurrengo ordainketa, EAJren espetxe politikaren laguntzarekin». ETAren biktimei iseka egitea dela ere adierazi du.

AVT biktimen elkarteak eskela baten irudia igo du Twitterreko bere kontura, mezu honekin: «Har beza atseden sakabanaketa politikoak. Pedro Sanchezek eta Fernando Grande-Marlaskak modu zitalean erail zuten. Haren hutsuneak sekulako mina eragiten du terrorismoaren biktimengan».

Ordoñez, «arreta handiz»

Covite biktiman elkarteko presidenteak, berriz, Consuelo Ordoñezek, adierazi du urruntze politikak ez zuela zentzurik. Haren hitzetan, garrantzitsuena ez da presoek zigorrak non betetzen dituzten, baizik eta betetzea. «Koherenteak gara. Sekula ez digu horren axolarik izan. Inoiz ere ez! Ez Zapaterorekin, ez Rajoyrekin, ezta orain ere». Sanchezen gobernua gardena izan dela azpimarratu du, eta «inteligentea», bere ustez, «biktimismoa kentzeko».

Gregorio Ordoñez ETAk hil zuen Donostiako zinegotziaren arrebak ohartarazi du, hala ere, «arreta handiz» jarraituko dutela Covitekoek zer gradu ematen dien Eusko Jaurlaritzak damurik agertu ez duten presoei. «Horren beldur izan naiz beti, baina lasai gaude, [Espainiako] Auzitegi Nazionala ondo egiten ari baita bere lana».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.