Albistea entzun

Euskadiko Orkestra

«Anbizio handiko» bira bat egingo du Euskadiko Orkestrak, Polonian

Varsovian, Wroclawn, Krakovian eta Katowicen kontzertu bana eskainiko du Euskadiko Orkestrak datorren astean, Beethoven jaialdian.

Euskadiko Orkestrako antolatzaile zein musikariak, gaur, Miramongo egoitzan (Donostia).
Euskadiko Orkestrako antolatzaile zein musikariak, gaur, Miramongo egoitzan (Donostia). Jon Urbe Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2023ko martxoak 24

Euskadiko Orkestraren nazioarteko dimentsioa gero eta nabariagoa da; hainbat herrialdetan erakutsi baitu bere lana. Nolanahi ere, inora bidaiatu gabe zegoen taldea pandemiaz geroztik. Datorren astean izango dute horretarako parada. Izan ere, Polonian izango dira lehen aldiz, hilaren 28tik 31ra bitarte; musika klasikoaren inguruan antolatzen den Beethoven jaialdi ezagunean. Lau hiritan kontzertu bana eskainiko dute: Varsovian, Wroclawn, Krakovian eta Katowicen, hurrenez hurren.

Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak azaldu du jaialdiko kartelburu izango dela orkestra, eta, beraz, taldearen parte hartzeak «ikusmin handia» sortu duela jaialdian. Are, jakinarazi du lau kontzertuetarako sarrera gehienak salduta daudela dagoeneko. «Gure orkestrarena izango da Beethoven jaialdiko ikuskizun handiena, eta erronka handi bat da hori», adierazi du pozarren. Hortaz, «anbizio handiko» musika programa bat prestatu du taldeak okasiorako —lau hirietarako berbera—. Hain zuzen, Maurice Ravel eta Gustav Mahler konpositoreen musika uztartuko dute emanaldian.

Ravelen lan garrantzitsuenak biltzeko, bi disko monografiko grabatu ditu berriki Euskadiko Orkestrak, Robert Treviñoren zuzendaritzapean. Hain justu ere, horietako batekin abiaraziko dituzte Poloniako lau kontzertuak; Pavane pour une infante défunte izeneko diskoarekin. Aste honetan bertan Kursaal auditoriuma goraino bete duen obra bat interpretatuko dute ondotik: Boléro. «Taldeak azkenaldian aurkeztu duen begirada berritik interpretatuko dugu; Ravelen euskal alderditik».

Kontzertuaren bigarren zatian, Mahlerren 5. Sinfonia izango da protagonista. «Dimentsio eta zailtasun handiko lana da, baina Euskadiko Orkestrak oso ondo prestatuta dauka, duela zenbait aste denboraldiko kontzertuetan eskaini baitu».

Ehun musikarik osatzen dute Euskadiko Orkestra, eta, tartean, badira poloniarrak diren musikari batzuk ere. Horietako bik, Antoni Kosc eta Justyna Janiak-Krymer biolin jotzaileek, adierazi dute bira hau «oso berezia» izango dela eurentzat. Janiak-Krymer: «Hunkigarria izango da nire herrialdera itzultzea, nire sustraietara». Horrexek berak pozten du Kosc ere. «Aukera handi bat da gure bertako lagunei eta senideei erakusteko Euskadiko Orkestran egiten duen lana, eta taldeak duen maila handia. Taldekideei gure hiria erakustea ere plazer bat izango da».

Varsoviarrak dira biak; musika ikasketak ere bertan egindakoak, gainera. Haur zirela, egunen batean Varsoviako Filharmonia Nadorowako auditoriumean jotzeko aukera izatea zuten desio, eta hain justu, areto horixe izango du orkestrak lehen geltoki. «Oso areto ezaguna da, zoragarria. Datorren astean beteko dugu haurrak gineneko amets hura; gure hirian joko dugu, eta zorte handitzat dugu hori», adierazi du Janiak-Krymerrek.

Bira dela eta, pozarren agertu da Treviño, orkestrako zuzendaria. «Biran joatea oso garrantzitsua da kultur erakunde gisa, Euskal Herriko musika erakunde enblematiko gisa. Garrantzitsua da Euskal Herriarentzat balio kulturalak ez ezik, musika balioak ere kanpoan erakustea, eta bertako jendearekin elkarrizketa eta elkartrukea izatea».

Beethoven jaialdia

1997an sortu zen Beethoven jaialdia, orain dela hiru urte hil zen Krzysztof Penderecki konpositorearen eta haren emazte Elzbieta Pendereckaren eskutik. Erakundeko lehendakari da andrea egun, eta harengandik jaso du orkestrak bertaratzeko gonbidapena.

Rochek azaldu duenez, Treviñok Pendereckarekin luzaroan izandako harremana izan da Euskadiko Orkestra jaialdira gonbidatzeko gakoetako bat. «Treviñori zor diogu jaialdian parte hartzeko aukera eduki izana».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zenbait erakundetako ordezkariak, atzo, Bilboko Arriaga antzokian, <em>Kristalezko begi bat</em> liburuaren irakurraldi jarraituaren aurkezpenean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Autobiografia bat, ahots gora

Olatz Enzunza Mallona

Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' liburuaren irakurraldi publikoa egingo dute Bilbon
 ©RON KROON / ANEFO

Ahots leun baten ibilbide arrakastatsua

Miren Mujika Telleria

Abeslari brasildarra bossa novaren ikur nagusietako bat izan zen, eta mundu osoan egin zen ezagun 1960ko hamarkadaren hasieran 'Garota de Ipanema' kantuaren ingelesezko bertsioarekin.
Angeles Cruz zinemagilea. ©ZINEGOAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...