Ingurumena

Trantsizioaren korapiloak aztergai

Energia berriztagarriei ertz askotatik heldu zioten atzo EHUko Ekopol taldeak antolatutako mahai inguruan. Trantsizio energetikoari buruzko desadostasunak azaleratu ziren.

EHUko Letren Fakultatean egin zuten EHUk antolatutako mahai ingurua, atzo. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko martxoaren 24a
17:42
Entzun

Ez dago formula magikorik gizarteak aurrean duen krisi ekologiko eta sozialari irtenbide bat emateko. Askatu beharreko korapiloak asko dira. Dena ez da zuri edo beltz. Badira grisak. Bide egokiena aukeratzea da gakoa —halakorik baldin badago–, baina hori ere ez da samurra. Energia berriztagarrien eta trantsizio energetikoaren inguruan askotariko ikuspegiak baitaude Euskal Herrian: elkarrezinak batzuk, bateragarriak besteak. Horietako batzuk entzun ziren atzo iluntzean Gasteizen, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ekopol ikerketa taldeak antolatutako Energia berriztagarriak Euskal Herrian. Gatazka edo aterabidea? mahai inguruan.

Bost solaskide aritu ziren hizketan: Rebeka Gonzalez de Alaiza Araba Bizirik taldeko kidea, Pablo Lorente Sustrai Erakuntza fundazioko ordezkaria, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea, Aritz Otxandiano Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna eta Aitziber Sarobe Mondragon Unibertsitateko irakaslea. Egoeraren diagnostikoan bat egin zuten guztiek: Euskal Herriak menpekotasun energetiko handia dauka, erregai fosilak albo batera utzi behar dira eta premiazkoa da energiaren kontsumoa murriztea. Larrialdi klimatikoari aurre egiteko moduan, ordea, ez ziren bat etorri.

Trantsizioa nola egin
Leire Urkidi Ekopoleko kideak kokatu zuen gaia: Ukrainako gerrak agerian utzi ditu sistemaren ahulezia eta erregai fosilekiko menpekotasuna, eta eztabaidaren erdigunean jarri du trantsizio energetikoaren beharra. Eta trantsizio hori nola egin zehaztu behar da orain. Horra adituei bota zien galdera: «Zein neurri zehatz beharko lituzke Euskal Herriko trantsizio energetikoak?».

Trantsizio energetikoa termino bera zalantzan jarri zuen Araba Bizirik taldeko kideak, elite ekonomiko eta politikoek «negozioa» eta «garapen basatia» egiteko erabiltzen dutela iritzia. Gonzalez de Alaizaren ustez, trantsizioaren izenean, enpresa handiak aberastu egiten dira, eta herritarrei erabakietan parte hartzeko aukera ukatzen diete. «Proiektu horiek eremu komunalak eta laborantza lurrak bereganatzen dituzte, eta gure lurraldea egituratzen duten ekosistemak desagerrarazten dituzte».

Sustrai Erakuntza fundazioko kideak, berriz, egoeraren diagnostikoa egin zuen ezer baino lehen: «Baliabide mugatuak ditu planetak eta jada berandu goaz egungo energia kontsumoari eutsi nahi badiogu». Baina trantsizioaren izenean sistema kapitalistak erabiltzen dituen «gezurrez» ohartarazi zuen segidan: «Sistema kapitalista ez da sekula ekologista izango». Lorentek gogoratu zuen Nafarroan azken urteotan martxan jarritako azpiegitura berriztagarriek «kolapsora» eraman dutela herrialdea, eta berriztagarriak ezartzeak ez duela energia kontsumoa murriztu. «Gizarte ereduan dago gatazka, ez berriztagarrietan».

Helburu zehatzak dituen «ibilbide orri» baten beharra aldarrikatu zuen Otxandianok, egungo energia eredua «doitzeko». Industriaren kasuan, azaldu zuen energia kontsumitzaile handia denez gero, trantsizio energetikoa egitea ezinbestekoa duela. «Eraldaketa propioa egin behar dugu, berriztagarrietan oinarritutako beste eredu batera igarotzeko».

Ideia beretik tiraka azaldu zuen Oterok EH Bilduren estrategia energetikoa, eta horren baitan kokatu zuen trantsizioa egiteko beharra: «Ditugun baldintzetatik abiatuta eta ortzi-muga batekin: eredu energetiko demokratikoagoa eta ekologikoagoa adostea». Oterok argi utzi zuen ezinezkoa dela trantsizioa egitea soilik energia kontsumoa murriztuta, eta berriztagarrien hedapen baten alde egin zuen, eskala guztietan.

Ekuazio horretan biodibertsitatearen aldagaia sartzea ezinbestekoa dela erantzun zion Sarobek. Haren ustez, klima aldaketaren politikek eta biodibertsitatearen aldekoek elkarrekin lerratu behar dute, eta natur ondarearen babesa lehenetsi. «Trantsizio energetikoa ezin da egin biodibertsitatearen galeraren mesedetan», ohartarazi zuen. Energia berriztagarriak ezartzea biodibertsitatea babestuta, hortxe dago «koxka» eta «kezka», unibertsitate irakaslearen iritziz.  
Balantzan jartzea
Energia berriztagarriak bultzatzea eta bioaniztasuna zaintzea bateragarriak direla esan zuen Otxandianok. «Badago biak uztartzeko aukera. Horren alde lan egin beharko dugu, ez dago beste aukerarik». Energia eolikoak edota fotovoltaikoak sortzen duten inpaktu negatiboa beste politika batzuekin konpensatzeko modua badela azpimarratu zuen. Are, aukera baino «halabeharra» dela erantsi zuen, erregai fosilak albo batera uztea premiazkoa delako.

Energia berriztagarriek ingurumenean kalteak sortzen dituztela onartu zuen Oterok, baina trantsizioa egiterakoan hori «balantzan» jartzea funtsezkoa dela erantsi zuen, energia fosiletan oinarritutako sistemaren kalte ekologikoak baino apalagoak izango direlako berriztagarriek eragindakoak. Oteroren ustetan, berriztagarriak hedatzeak ingurumen kalteak eragingo dituela esatera mugatzea ez da soluziobidea, «geldiunea» eragin dezakeelako.

Saroberen iritziz, ostera, energia berriztagarrien aldeko azpiegiturak egitea eta aldi berean energia kontsumoa murriztea planteatzea ez da egokia. «Ezin dute batera joan, lehenbizi kontsumoa ahalik eta gehien murriztu behar dugu, eta orduan ikusiko dugu zein azpiegitura diren beharrezkoak». Bestalde, Gonzalez de Alaizak  nabarmendu zuen «desazkundea» aterabide bakarra dela. Araba Bizirik-ekoak energia ekoizpena eta kontsumoa murriztea hobetsi zuen, eta zentral eolikoak «antropizatuta» dauden tokietan jartzea proposatu.

IPCC munduko adituen taldeak klima aldaketaz egindako azterketak ere gogoan hartu zituzten Oterok eta Otxandianok, ohartarazteko egungo egoeratik abiatuta trantsizio energetikoari heltzea premiazkoa dela. Otxandiano: «Bide errealista eta gauzagarri bat behar dugu». Otero: «Denbora kontra dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.