Udal politika

Etxebizitza publikoko akordioa hautsi du Iruñeko Udalak

Nafarroako Gobernuarekin eta Nasuvinsarekin zuen hitzarmena bertan behera utzi du eta 20 orube inguru saltzeko enkantea iragarri du Maiaren udalak. Oposizioak kritikatu du «hauteskunde kutsua» duela eta interes alderdikoiak lehenetsi dituela.

Enrique Maia Iruñeko alkatea prentsaurreko batean. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2023ko martxoaren 24a
17:45
Entzun

UPNk ez du hitza bete. Udala agurtu baino bi hilabete lehenago, Enrique Maiak akordioa hautsi du. Nasuvinsa sozietate publikoarekin hitzarmena izenpetua zuen, hark alokairu publikoko etxebizitzak egin ditzake. Orubeak Nasuvinsari eman ordez, enkantean saltzea erabaki du udalak.

Goizean emandako prentsaurrekoan, Juan Jose Etxeberria etxebizitza arloko hautetsiak gobernuari bota dio errua. Etxeberriaren esanetan, ez da posible izan 2021ean hitzartutako akordioa sinatzea. Aurretik, udal gobernuaren batzarrak erabaki du formalki itun hori bertan behera uztea. Enrique Maia alkateak gaineratu du «erabat ezinezkoa» izan dela akordiora heltzea. «Horregatik erabaki dugu akordioa bukatutzat ematea».

Aitzakia bat dela agerian dago, akordioa hautsi eta berehala 20 orube inguru enpresa pribatuen artean salerosteko enkantea iragarri duelako. Orubeok Arrosadia-Sadarren, Etxabakoitzen eta Txantrean daude, eta merkatuan 23 milioi euro inguruko balioa izan dezakete. Enrique Maiak aipatu duenez, kontu ekonomikoak koadratuko dituzte diru sarreren bidez.

Udalak kalkulatzen duenez, orube horietan 635 etxebizitza eraikiko dira, eta horietatik 304 babes ofizialekoak izango dira. Horietatik 104 alokairukoak izango dira, halaber.

Nafarroako Gobernuak susmatzen zuen Iruñeko Udalaren benetako asmoa, nahiz eta 2021ean akordioa izenpetu. Izan ere, Nafarroako Parlamentuan Jose Maria Aierdi presidenteorde bigarrenak eta Etxebizitza kontseilariak salatu zuen udalak ez ziela jaramonik egin Nasuvinsa sozietate publikoaren eskaerei.

Izan ere, Nafarroako 14 udalekin akordioa izenpetua du, eta herri horietan etxe sustapenak abian dira: «Iruñekoa da abian jarri ez den alokairurako etxebizitza publikoaren plan bakarra. Ez da arazo tekniko edo administratiboa. Borondate politiko falta da», esan zuen parlamentuan.

Oposizioaren kritika

Enrique Maiaren eta bere udal gobernuaren mugimendua kritikatu du oposizioak. EH Bilduren irudiko, etxebizitza arloan ez du ezer egin udalak lau urtetan eta orain «hauteskunde kutsuko espekulaziozko prozesu bat iragarri du». Koalizioaren arabera, etxebizitza politika egiteko oruberik gabe utziko du hurrengo udala: «Deskapitalizazio oso bat da eta izugarrizko zorra uzten digu iruindarroi».

Alokairu publikoaren onuradun ziren heinean, kaltetu nagusiak errenta apaleko familiak eta gazteak direla uste du. Gogora ekarri du, gainera, Navarra Sumaren udal gobernua ez dela gai beste alderdiekin akordiora heltzeko eta ezgaitasun handia erakutsi duela. «Alderdiaren interesak lehenesten dituzte eta Nafarroako Gobernuari oposizio egitea nahiago dute, interes orokorraren eta herritarrenonurarako akordioen gainetik».

PSNren arabera, udal ondarea hustu du Maiaren udalak eta arriskuan jarri du etxebizitza publikoa eraiki ahal izatea. «Maiak UPNren interes alderdikoiak lehenetsi ditu eta hauteskunde kutsuko haustura antzeztu du. Iruñearentzat kostu handia izango du», salatu du.

Geroa bairen irudiko, «zentzugabekeria» da Iruñeko Udalak egindakoa. Salgai jarriko diren orubeak higiezin arloko Iruñeko ondare nagusia dira. Koalizioaren ustez, Nafarroako Gobernuari oposizio egin nahi dio eta horregatik baliogabe utzi dute Nasuvinsarekin hitzartutako akordioa. Geroa Baik gogora ekarri du alokairuko babes ofizialeko 238 etxebizitza egin nahi zirela Iruñean akordio horri esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.