martxelo otamendi
Analisia

Bakoitzak bere ardura

2023ko martxoaren 24a
18:50
Entzun

Eztabaida terminologikoan sartzeko asmorik gabe, zehaztu beharra dago ez dela gauza bera sakabaneketa eta urruntzea. Urruntzearen aurka lan egin duten taldeek, historikoki, sakabanaketa deitu izan diotela urruntzeari, eta horren ondorioz bat zein bestea erabili dela presoak urrutiko espetxeetara eramateko erabaki politikoa izendatzeko.

Ñabardurak garrantzia dauka, Espainiako Gobernuek bana zitzaketelako preso horiek, elkarrengandik bereizi, baina urrutira bidali gabe. Urruntzeak arrazoi bat eta justifikazio bat eduki zuen.

Justifikazioa (eta aitzakia). Joan den mendeko 80ko hamarkadaren bukaeran preso gehienak Madril inguruko espetxetan zeuden –Herrera de la Mancha eta Alcala Meco–, eta zeukaten antolaketa kolektiboak erraztu egiten zien taldeko buruei presoen erabakimena murriztea. Aitzaki horren arabera, ETAko zuzendaritzak, kolektiboko buruen bitartez, ezarri egiten zien presoei zer egin behar zuten: ETAren jardunarekin kritikoa ez izatea, gizarteratzeko aukerari uko egitea, espetxe onurak errefusatzea, gose grebak egitea... ETAren aginduak bete nahi ez zituzten presoak, edo gogoz kontra betetzen zituztenak, askatu egin behar ziren presio horretatik. Hori izan da urruntzea bultzatu dutenek erabilitako argudioa.

Benetako arrazoia. Espainiako Gobernuak, kosta ahala kosta, pitzadura sortu nahi zuen presoen kolektiboan, eta zigor erantsi bat ezartzea erabaki zuen: presoak urrutiko kartzeletara bidaltzea. Bidez batez, presoekin batera presoaren senide eta lagunak ere zigortzea bilatu zuen estrategia horrek.

Zigor erantsi hori erabaki politikoa zen, presoak urruntzea ez delako sekulan epaileek emandako sententzietan agertu, eta ez dagoelako aurreikusia Zigor Kodean. Espainiako Gobernua ez zegoen horretara behartuta.

«Presoen urruntzea borroka antiterroristaren tresna bat gehiago da». Hori da presoen muturreko urruntzea 1989an abiatu zenetik –Enrique Mugica Herzog zen Barne ministroa eta Felipe Gonzalez PSOEren gobernuaren presidentea– askotan entzun eta irakurri dugun zuriketa. Bakarrik falta zitzaien esaldia honela hastea: «GAL, tortura, gehiegikeria judizialak, metrailaketa sumarisimoak bezala, presoen...».

Sozialistek ez zuketen urruntzea aktibatuko, edo zailago edukiko zuketen, hasieratik EAJk bat egin ez balu. Orduko buruzagi jeltzaleen adierazpen asko daude estrategia horrekin bat eginez.

Sakabanatu zitezkeen presoak urrundu gabe? Bai, noski. Baina ez zen hori bilatzen, zigorra bilatzen zen. Nahikoa izango zatekeen presoak Hego Euskal Herriko eta inguruko lurraldeetako espetxeetara eramatea. Are gehiago, espetxe berean ere sakabana zitezkeen, moduluka, orduka... Baina helburua epaileek jarritako zigorra areagotzea zen, eta urruntzea zen helburu hori betetzeko tresna. Urruntzea nahikoa ez eta gogortu egin zizkieten bizi baldintzak presoei: ziegetan eta patioetan bakartu, ikasketak eragotzi, funtzionarioen jipoiak, etengabeko miaketak ziegetan, bisitak zaildu... Dena «borroka antiterroristaren» izenean.

Presoen senideak eta lagunak ziren estrategiaren beste jomuga. Presoak, egora jasanezinean egonda ere, ez bazuen amore ematen, presioa senideengan eta lagunengan jarri beharra zegoen. Presoa bisitatzera joan behar zuten aldiro milaka kilometro egitera behartuta zeuden senideak – Kanariar Uharteetara joaten zirenenen kasuan, 2.000 km. joan eta beste 2.000 itzuli–. 16 senide hil dira urteotan edukitako auto istripuetan, eta dozenaka zauritu egon dira.

Urrunketaren zigorra jasaten zuten senideek presoari presioa sartzea bilatzen zuen erabakiak: kilometroak, gastuak, ezin bateratu bidaiak eta lana, adineko senideek ezin bidaia luzeak egin.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak euskal auziko hainbat kasutan sententzia dezente dauzka helegitea jarri duen herritarraren alde. Ez du horrela jokatu urrunketarekin. Nahiz legelari eta giza eskubideen aldeko erakunde askorentzat erabat bidegabea izan presoen urrunketa, delako auzitegiak ez zuen bat egin salaketa horrekin, eta bidezkotzat jo zuen hiru kasutan Espainiako eta Frantziako gobernuen erabakia: hiru Frantziako Gobernuarekin eta bat Espainiakoarekin.

Orain presoak leloarekin manifestazio handia egin zen Parisen 2017ko abenduan, eta lelo horri beretzat hartu zuen herri dinamikak 2019an. Espetxe politikaren aldaketaren bi puntuetako bat bete da. Bigarrena, eta zailena izango dena, falta da: presoak askatzea. Mingarria izango da ETAren biktima askorentzat, torturaren biktimentzat torturatzaileak eta haien arduradun politikoak kalean zigorrik jaso gabe ikustea bezain mingarria.

Presoak kaleratzea ohiko erabakia izan da erreferentziazkoak izan diren eta mundu guztiaren txaloak jaso dituzten Ipar Irlandako eta Kolonbiako prozesuetan. Bi prozesu horiek porrot egingo zuketen presoen kaleratzea adostu ez balute.

Urrunketarekin bukatzea ez bada erraza izan, presoak gradualki kaleratzea ez da errazago izango, nahiz 12 urte pasatu diren ETA bukatu zenetik.

Kontsentsu zabala ehuntzeko abilezia beharko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.