Kuba

Parte hartzea ia %76koa izan da Kubako hauteskundeetan

Agintariek ontzat jo dituzte datuak, eta nabarmendu dute parte hartzea iazko erreferendumean baino sei puntu handiagoa izan dela.

Bozka zenbaketa hautesleku batean, La Habanan. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko martxoaren 27a
08:42
Entzun

Kubako Parlamenturako hauteskundeak egin zituzten atzo, eta abstentzioa izan zen protagonista: azken datuen faltan, hauteslekuetara deituta zeuden kubatarren %75,9k eman dute boza, Kubako Hauteskunde Kontseiluaren arabera. 2018ko hauteskundeetan baino 9,73 puntu gutxiago da hori. 8,1 milioi lagun zeuden deituta botoa ematera, 07:00etatik 18:00ak arte. Hauteslekuak ordubete geroago itxi zituzten, kontseiluak ohar bidez jakinarazi gisa, «bertaratzea gero eta handiagoa» zelako. Dena den, datuak ontzat jo zituzten uharteko agintariek, eta nabarmendu parte hartzea iazko urte bukaeran egindako erreferendumean izandakoa baino sei puntu handiagoa izan zela. «Gure demokraziaren beste garaipen bat da parte hartzea», nabarmendu zuen Bruno Rodriguezek, Atzerri ministroak.

Azken urteetan beheranzko joera hartu du, hala ere, parte hartzeak, nahiz eta oraindik ere handia izan. Kubako Iraultza baino lehen, 1958an egin zituzten hauteskundeak, eta, horietan, parte hartzea ez zen heldu %50era. 2013ra arteko bozak arte —1976an egin zituzten iraultza osteko lehenbizikoak— abstentzioak ez zuen gainditu %5en langa. Orduan, ordea, parte hartzea doi-doi heldu zen %90era; 2018koetan, %85,65ekoa izan zen.

Orotara, 8,1 milioi pertsona zeuden bozkatzera deituta asteburuan; horietatik 13.000 inguru lehen aldiz bozkatzera deitutako 16 urtetik gorako gazteak ziren. Hauteskundeetan aukeratutako parlamentuak bost urterako agintaldia izango du, eta hartako kide izateko hautagaitza aurkeztu dutenen artean dago, besteak beste, Raul Castro presidente ohia. Alderdiko idazkari nagusi eta Kubako presidente Miguel Diaz-Canelek berak ere atzo bozkatu zuen, Santa Clara hirian, bere jaioterrian. «Gaur ospatzeko eguna da, pozteko eguna, sinesmenak berrestekoa; gero eta gehiago gara, eta uste dut iraultzak beste garaipen bat lortuko duela gaur, herriaren garaipen bat», esan zuen botoa eman ostean.

Agintaldiko erronka nagusiez galdetuta, ekonomia arlokoak nabarmendu zituen estatuburuak: «Egungo egoera ekonomiko eta soziala gainditzeko bideak topatu beharko ditugu, eta erabaki nola bultzatuko dugun gure estrategia ekonomiko-soziala». Kubako herritarrak krisi betean daude, AEBetako Gobernuak ezarritako bahimenduaren ondorioz, batetik, eta pandemiaren eraginez, bestetik. Hain zuzen ere, Diaz-Canelek salatu zuen «nazioarteari zer egin behar duen esatea» dela AEBen «helburu bakarra».

PCC Kubako Alderdi Komunistak jarraituko du agintean; hori da herrialdeko alderdi legal bakarra. Hautagaitzak indibidualak dira, eta alderdiko 470 diputatugai aurkeztu dira Kubako Biltzar Nazionaleko eserlekuak lortzeko; %50eko babesa baldin badute lortu dezakete eserlekua parlamentuan, eta, aurreko hauteskundeetan, inor ez zen kanpoan geratu. Gaur egun 605 diputatu ditu legebiltzarrak, horietatik %53 emakumezkoak.

Abstentzioaren alde

Hiru GKE gobernuz kanpoko erakundek salatu dute atzoko hauteskunde orokorrak azken 65 urteotako «irregularrenak» izan direla; besteak beste, Kubako Hauteskunde Defentsa Batzordeak. Diotenez, ez da errespetatu hautesleen «borondatea». Haien arabera, Kubako Hauteskunde Kontseiluak emandako datuak «ez datoz bat hautesleen benetako jokabidearekin».

Erakundeen arabera, hauteskunde erroldak ez zituzten «garaiz» argitaratu zenbait gunetan; beste batzuetan, hautesleek ez zuten zegokien tokian bozkatu edo erroldan egon arren ez zieten bozkatzen utzi. Horrez gain, «ikuskatzaileen aurkako erasoak» ere salatu dituzte erakundeek: «Hauteskunde prozesuaren berri izan nahi zuten ekintzaile eta ordezkarien aurkako errepresioa bultzatu zuten, nahiz eta haiek legea urratu ez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.