Finantza erakundeak
BGAEen dekretu berriak errenta moduan kobratzea sarituko du
Erretiro laguntza osagarriak lan itunetan orokortzea da Jaurlaritzaren helburua, eta langileen %70ek izan ditzatela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BGAEen ondarea %7,6 murriztu zen iaz

«Gure mezua argia da: BGAEetan sarturiko dirua errenta bidez ateratzea saritu behar da, pilaturiko kapital osoa kolpetik ateratzearen aurretik». Hernando Lacalle Eusko Jaurlaritzako Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak horrela laburbildu du zein izango den borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeen (BGAE) dekretu berriaren muina. Eta aurreratu du ildo hori babestuko duela udazkenean iritsi beharko litzatekeen zerga erreformaren negoziazioan.
Lacallek Euskadiko BGAE Federazioaren urteroko balantzearen aurkezpena baliatu du dekretu proiektuaren eta erreformaren inguruko zertzeladak emateko. Azken horren inguruan gutxi zehaztu du, «zuhurtziaren» izenean: «PFEZen edo Sozietate Zergaren inguruko hobariak eztabaidatzen direnean, beren osotasunean begiratu behar zaie, ez arlo jakin batean bakarrik».
Zabalago mintzatu da dekretu berriaz, eta aitortu du atzerapen txiki bat egon dela, baina baieztatu du uda aurretik hasiko dela haren tramitea. Esan bezala, errenta bidez kobratzea lehenetsiko du Jaurlaritzak. Egun, enplegu BGAEen %61 bakarrik kobratzen dira modu horretara, eta BGAE indibidualen %22.
Alde horretatik, nabarmentzekoa da iaz BGAE indibidualen kopuruak %1,83 egin zuela behera. Enplegu BGAEek, aldiz, %2,91 egin zuten gora, 516.810 izateraino. Horiek ugaritu nahi ditu Jaurlaritzak. Egun, biztanleria aktiboaren %27k du pentsio pribatuko formularen bat sartuta bere lan itunean, eta Jaurlaritzaren helburua %70era iristea da. Halakoetan, langileek eta enpresek pentsio plan pribatu bat diruz hornitzea adosten dute, eta bi aldeek hobari fiskalak jasotzen dituzte errenta aitorpena egitean.
Dekretu berriarekin «inbertsio errentagarri eta seguruen esparru berriak» irekiko dituztela aurreratu du Lacallek. BGAEen dirua nola doan bideratu nahi du Jaurlaritzak, kopuru oso handia baita. Ondare osoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGaren %30,69 da. Gauzak horrela, «inbertsio jasangarriak» egin daitezela lehenetsiko dute: bonu berdeak, bonu sozialak... «Merkatu finantzarioetan lorturiko ondasunen berri eman beharko da», zehaztu du.
Eta, egun, nora doa dirutza hori? %38 «barne merkatura» doa —Espainia barne—; %49, eurogunera; eta %13, euroaz kanpoko guneetara, «Amerikako iparraldera bereziki». Sailburuordeak azaldu duenez, aurreko dekretuetan ez zen lehenesten inbertsioen helburuen «fiskalizazioa», eta orain eman nahi den pausoa «pentsaezina» zen. Aitortu du beste dekretu batzuetan «tradizionalki» inbertsioen eta pilaturiko diruaren erreskatearen inguruko xehetasunez hitz egiten zela, eta ez inbertsioen norabideaz.
«Ez da urte ona izan»
Sailburuordearekin batera, Ignacio Javier Etxebarria agertu da: Euskadiko BGAEen Federazioko presidentea. Atzera begira jarrita, onartu du iazko urtea ez zela ona izan, federazioaren ondarea %7,67 murriztu baitzen. 28.242 milioi eurotik 26.076ra jaitsi zen. Mota guztietako BGAEen ondarea jaitsi zen, gainera: %9,6 indibidualena, %5,9 enplegu BGAEena, eta %12,4 elkarte BGAEena. Etxeberriak merkatu finantzarioen egoerari egotzi dio, eta zehaztu du 2023aren hasieran aldatzen ari dela joera hori.
Etxeberriak lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du, eta azaldu du ondarearen bilakaera aztertzean epe luzeagoko lagina behar dela ondorioak ateratzeko. Urte askotako aportazioak izaten dira eta urte txar bat izan arren, inbertsio errentagarriak izaten direla. Ez zaio falta arrazoirik, ondarea %6,7 handitu baitzen iaz; %2, 2020n; eta %8, 2019a.
Datu orokorrei erreparatuta, BGAEek iaz ordaindutako prestazioak 785 milioi eurotik gorakoak izan ziren: 2021ean baino %6,39 handiagoak. Bazkideen ekarpenei dagokienez, 803 milioi eurokoak izan ziren: prestazioak baino gehiago. Datu horrek, baina, behera egin zuen 2021aren aldean (-%1,56).
20.000 eta 22.000 euro artean bezeroko
Nolakoak dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BGAEak oro har? Bada, federazioak aitortu duenez, «txikiak». Edo, beste modu batera esanda, diru gutxi izaten dute. Federazioen datuen arabera, BGAEaren fruituak jasotzeko garaian, batez beste 20.000 eta 22.000 euro artean egon da produktu finantzario horietan. Normalean, pentsio plan pribatuak izaten dira. Federazioaren arabera, 1,1 milioi pertsonak dute horrelako produkturen bat kontratatuta. Nabarmentzekoa da askotan bankuek horrelako produktuak inposatzen dituztela mailegu hipotekarioak edo antzekoak eskatzean. Ekarpen txikiak izaten dira, eta horrek azaltzen du luzaroan mantendu arren diru gutxi pilatzea.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.