Albistea entzun

Analisia

SNP, «sekulako anabasa»

 

Ander Perez Zala -

2023ko martxoak 27

SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren garairik arrakastatsuenaren arrazoia, besteak beste, hau dela esan daiteke: Alex Salmond (2004-2014) edo Nicola Sturgeon (2014-2023) buruzagi zuela ere, alderdi independentistak beti erakusten zuela, kanpora begira, batasun itxura ia hautsezina. Barnera begira ere, sentsazioa antzekoa zen; desadostasunak desadostasun —bigarren independentzia erreferendumerako estrategia, kasurako—, beti egiten zuten bat buruarekin, batez ere diziplina aldetik.

Sturgeonen ordezkoa aukeratzeko primarioek, ordea, agerian utzi dute badela barne zatiketa sakon bat SNPn, eta uste baino handiagoa. Michael Russell alderdiaren presidenteak egin zuen ohartarazpena, hilaren 19an, BBC telebista kateari emandako elkarrizketa batean: «sekulako anabasa» gisa deskribatu zuen barne bozketari begirako kanpaina eta asteotan gertaturikoa. Russellek, azken finean, aitortu zuen SNPren oinarriak ez direla uste bezain sendoak; edo, gutxienez, horietan badirela pitzadura sakonak.

Kate Forbes Finantza ministro eta primarioetako hautagaia izan denaren jarrerak eman zion lehen kolpea Eskoziako alderdi independentistak urteotan eman duen irudiari. Forbes ebanjelikoa da, eta Sturgeonen gobernuak sustaturiko hainbat neurriren eta balio sozialen aurka agertu da kanpainan; kasurako, aborturako eskubidea, Londresek blokeatu zuen trans legearen proiektua, bigarren galdeketa egiteko bide orria eta klima aldaketari aurre egiteko proposamenak. Hau da, Finantza ministroak talka egiten du Sturgeonen ideia progresistagoekin.

Kide kopuruari buruzko eztabaidak eman zion bigarren kolpea SNPri. Hedabideen eta primarioetako hiru hautagaien presioen ondoren, alderdiak, azkenean, aitortu zuen 72.186 direla; hau da, orain arte jakinarazitako 104.000ak baino gutxiago —2019an 125.000 zituen—. Horren ondorioz, SNPren Eskoziako Parlamentuko komunikazioburu Murray Footek dimisioa eman zuen, eta esan zuen «egoitza zentraleko lagunek» behartu zutela kopuru horretaz gezurra esatera.

Hirugarrenik eta azkenik, Eskoziako The Herald egunkariak argitara atera zuen SNPren buruzagitzak ultimatum bat eman ziola Peter Murrell buruzagi exekutiboari —1999tik zegoen kargu horretan—, Sturgeonek talde horretan zuen kontrolarengatik —bikote dira—: dimisioa eman ala zentsura mozio bati aurre egin. Murrellek kargua utzita erantzun zuen, argudiatuta beti izan zuela asmo hori.

Russellek deskribaturiko nahaspila sorta hori egun gutxiko kontua izan zen; hilaren 17tik 19rakoa, ostiraletik iganderakoa. Ondorioa zera izan da: orain, SNP barne gatazka betean dagoela, bataila ideologikoetan murgilduta. Ikusteko dago, beraz, Salmondek eta Sturgeonek alderdia zentro-ezkerrera mugitu izanak egiazko oinarriak dituen, eta bi politikari horiek gabe iraungo al duen, ala Humza Yousafek, buruzagi berriak, norabidea aldatzea lehenetsiko duen. Printzipioz, ez luke halakorik egingo, esan baitu karguan haren aurrekoak egiten zuenaren jarraitzailea izango dela.

Nolanahi dela ere, gidari berriaren lehen helburua alderdia berriz eraikitzea eta elkartzea izango da, eta herritarrak erakartzea ere bai. Ez da erronka erraza izango, are gehiago ikusirik primarioetako emaitzek barne zatiketa utzi dutela agerian; nabarmen, gainera. Bigarren preferentziako botoak kontuan hartuta, Yousafek babesen %52,1 bildu ditu, eta Forbesek, %47,9.

SNP, berez, gauza asko da, baina batez ere independentismoa da; independentista izatea. Azken aldiko joera, ordea, ez du aldeko: pixkanaka-pixkanaka, azken inkestek islatu dute aukera horren aldekoak gutxitzen ari direla, nahiz eta Erresuma Batutik ateratzearen aldekoak oraindik egoera onean dauden, %45 inguruan. Aldiz, boto emaileentzat, lehentasunak beste bi dira: osasun sistema eta egunerokoaren garestitzea.

Oro har, SNPrentzat, primarioak ezohiko prozesu bat izan dira. Eskoziarentzat, garai berri baten abiapuntua finkatu dute, eta agian horrek eragina izango du Erresuma Batuan ere; besteak beste, Alderdi Laboristari komeni zaio independentisten barne krisi hori, Eskozian gora egin eta 2024ko Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozak irabazteko.

Galdera bakarra dago orain Eskoziako alderdi independentistaren etorkizunaz: urteotan goia jo al du, ala badu oraindik are gehiago hazteko tarterik? Eta kontuan hartzeko beste aldaketa bat: Salmond, Sturgeon, Russell eta Murrell gabe, alderdia —edo zuzendaritza— pisu gehien zuten kide beteranoak gabe geratu da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Israelgo espetxeetan preso daudenen hainbat senide, apirilaren 24an, Gazan. ©MOHAMMED SABER / EFE

Preso palestinarrek gose greba mugagabea abiatuko dute hilaren 18an

Mikel O. Iribar

Presoen Batzordearen eskakizun nagusia da Israelek nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzea eta kartzeletako atxiloketa administratiboaren erregimena amaitzea; 4.900 presotik 1.014 daude erregimen horretan.

Gizon bat zabortegi batean lanean, Karatxin, Pakistanen. ©SHAHZAIB AKBER / EFE

AIren arabera, klima aldaketak kolokan jartzen ditu oinarrizko giza eskubideak

Maddi Iztueta Olano

Amnesty Internationalek ohartarazi du klima larrialdiak arriskuan jarriko duela gizartearen iraupena. Giza eta diru laguntzak handitu ditzatela eskatu die herrialde aberatsenei.

Ukrainako soldadu bat Donetsk inguruan, artxiboko argazki batean ©EFE

Errusiak adierazi du Ukrainaren «erasoaldi handi bat» zapuztu duela

Igor Susaeta

Moskuk nabarmendu du Ukrainako armadaren 250 bat soldadu hil dituela Donetsken. «Informazio faltsua» zabaltzea eta «operazio psikologiko bat» martxan jartzea egotzi dio Kievek Kremlini.

 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...