AEB-ak

Ikasle ohi batek hiru adingabe eta hiru heldu hil ditu tiroz Nashvilleko ikastetxe batean

Poliziak erasotzailea hil du, tiroz. AEBetako banderak haga erdira jaisteko agindu du Biden presidenteak.

Erasotzailea, Nashvilleko ikastetxeo tiroketan. NASHVILLEKO POLIZIA.
Julen Otaegi Leonet.
2023ko martxoaren 28a
10:40
Entzun

Biktimak izan dira berriro ere AEBetan jazotako tiroketa baten ondorioz. Nashvilleko ikastetxe katoliko pribatu batean izan da: 28 urteko gizon trans batek sei lagun hil zituen atzo. Hiru adingabe eta hiru heldu dira biktimak, 8-9 urte eta 60-61 urte artekoak; horien artean, ikastetxeko zuzendaria berau. Ikastetxe horretako ikasle ohia zen erasotzailea, eta poliziek tiroketaren unean hil zuten.

Ezbeharra 10:15 aldera jazo zen —sei ordu geroago Euskal Herrian—. Gizonak bi eraso fusil eta pistola bat zeramatzan, eta, Poliziak agerraldian zehaztu dutenez, horietatik bi behintzat legalki lortu zituen. Ikastetxeko ateak itxita ziren erasoaren unean; sarrerako ate bati tiro egin zion, eta beira apurtu artetik lortu zuen sartzea.

Polizia tiroketa hasi eta ia ordu laurdenera heldu zen. Tiroekin erantzun zuen erasotzaileak, eta polizien autoak hondatu zituen. Behin ikastetxe barruan, tiroz hil zuten gizona. Nashvilleko polizia buruaren arabera, «erremina» izan daiteke erasoa egin izanaren arrazoietako bat, baina aitortu du ez dutela «xehetasun gehiagorik». Erasotzaileak manifestu bat zuen idatzita, baita ikastetxearen mapa bat hara sartzeko argibideekin. Dokumentu horiek aztertzen ari dira orain. Poliziak azaldu duenez, 209 ikasle joaten dira egunero ikastetxe hartara, berrogei langilez gain.

Joe Biden AEBetako presidenteak herrialdeko banderak haga erdira jaisteko agindu du, martxo amaierara arte, «zentzugabeko indarkeriaren biktimei errespetua adierazteko». Halako erasoak gerta ez daitezen «gehiago» egin behar dela ere esan du: «Kongresuari berriro eskatzen diot suzko armen debekua onartzeko». Urte hasieratik 30 gertakari izan dira AEBetako eskoletan. Zortzi biktima eta 23 zauritu utzi dituzte eraso horiek, Everytown for Gun Safety erakundearen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.