Israel

Israelgo presidenteak «berehalako elkarrizketa prozesu bat» galdegin du

Protesta gehiago izan dira gaur goizean, lehen ministroak atzo iragarri arren erreforma judiziala etengo duela behin-behinean. Herzogen negoziazio taldea opozisioko Lapid zentristarekin eta Gantz liberalarekin biltzekoa da gaur. 

Israelgo Gobernuaren erreforma judizialaren kontrako manifestazio bat, atzo, parlamentuaren parean. ABIR SULTAN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi - Mikel O. Iribar
2023ko martxoaren 28a
13:48
Entzun

Israelgo krisi politikoa lehenbailehen amaitu nahi du Isaac Herzog presidenteak, eta helburu horrekin hitz egin zuen atzo gauean Benjamin Netanyahu lehen ministroarekin, batetik, eta oposizioko Yair Lapid zentristarekin eta Beny Gantz liberalarekin, bestetik. «Berehalako elkarrizketa prozesu bat» abiatzeko eskatu die Herzogek, herrialdean inoizko protestarik jendetsuenak piztu dituen erreforma judizialaren gaineko «akordio zabal bat» lor dezaten. Netanyahuk erreforma etetea erabaki zuen atzo, behin-behinean.

Presidenteak lantaldeak izendatzera deitu ditu gaur alderdiak, eta elkarrizketetan parlamentuko indar guztiek, gizarte zibileko eragileek eta «beste alde interesatu batzuek» parte hartzearen alde agertu da. Herzogek oposizioarekin negoziatzeko eskatu zion aurretik Netanyahuri, birritan, baina hark ez zion jaramon egin. Bada, presidentearen negoziazio taldea oposizioko Lapid zentristarekin eta Gantz liberalarekin biltzekoa da gaur, 18:30ean hasita, Herzogek Jerusalemen duen egoitzan.

«Legedia egiaz eta erabat gelditzen bada, prest gaude benetako elkarrizketa bat hasteko presidentearen egoitzan», adierazi du Lapidek. Hala ere, gaineratu du Netanyahuren azken mugimenduak «iruzur bat» izan daitezkeela. Presidentetzaren bulegoak jakinarazi du «giro onean» aritu direla ordubetez negoziatzen, eta bihar direla jarraitzekoak.

Lehen ministroak protesta indartsuek behartuta gelditu du erreforma. Azken hamabi asteotan behin eta berriz izan dira manifestazioak, baina parte hartzeak goia jo zuen igande gauean: ehunka mila pertsona irten ziren kalera gobernuaren egitasmoaren aurka. Atzoko mobilizazioak ere jendetsuak izan ziren, eta hainbat azpiegitura garrantzitsu geldiarazi zituzten; autobideak, portuak eta Tel Aviveko Ben Gurion aireportua, besteak beste. Manifestariek salatu zuten lege aldaketak botere banaketa urratu eta demokrazia arriskuan jarriko lukeela.

Kalean protestan ari ziren bitartean, lehen ministroak orduak eman zituen bere koalizio gobernuko kideekin bilduta, erreforma eteteko erabakia hartu aurretik. Eskuin muturreko indar batzuk koalizioa apurtzearekin egin zioten mehatxu, manifestarien aurrean amore emanez gero. Baina Netanyahuk erreforma izoztea erabaki zuen. Gobernuburuak uztailera arteko epea ezarri du egokitzapenak egiteko, oposizioko alderdiekin adostasunak bilatuta. Lehen ministroak ohartarazi zuen Israel bide «desegoki» baterantz doala, «gero eta banatuago» dagoelako. Hala ere, argi utzi zuen egitasmoarekin aurrera egiteko erabakia. «Botere judiziala erreformatzeko beharra dugu, eta ez dugu etsiko».

Erreformaren behin-behineko etena iragarri osteko orduetan, protestak ez ziren baretu, eta istiluak izan ziren atzo gauean Tel Aviven, Poliziaren eta erreformaren aurkako manifestarien artean. Jerusalemen, eskuin muturreko taldeek eraso egin zieten gobernuaren kontra protestan ari zirenei eta herritar arabiarrei.

Histadrut herrialdeko sindikatu nagusiak, berriz, bertan behera utzi du Netanyahuk jarreraz aldatu ezean deitzekoa zuen greba orokorra, baina gaur goizean mobilizazio gehiago izan dira gobernuari erreforma guztiz baztertu dezala exijitzeko. Manifestari batzuen ustez, egitasmoa eteteko erabakiaren atzean dagoena mobilizazioak ahultzeko estrategia bat da: kaleak hustea, giroa lasaitzen denean aurrera jarraitzeko. «Gobernuak ez du kolpe judiziala erabat gelditu. Beraz, protestek aurrera jarraituko dute», adierazi du Diktaduraren Kontrako Aterkien Mugimenduak, erreformaren aurkako hainbat gizarte eragile biltzen dituenak.

Lehen ministroaren erabakia berehala txalotu zuen Etxe Zuriak, akordioak lortzeko tartea ematen duela nabarmenduta. Gaur goizean, berriz, Tom Nides AEBek Israelen duten enbaxadoreak jakinarazi du Joe Biden AEBetako presidenteak Washingtonera gonbidatuko duela aurki Netanyahu, eta aurrez aurre bilduko direla Etxe Zurian. Azken asteetan, Israelgo zenbait hedabidek adierazi dute Bidenek ez duela Netanyahu Washingtonenera gonbidatu nahi izan, bere irudia ez dezaten zipriztindu Israelgo agintariak eskuin muturrarekin eratu duen gobernuaren polemikek.

«Inflexio puntu bat»

Israelen indartu den protesta mugimendua ez da «gertaera politiko soil bat» Yohanan Plesner IDI Israelgo Demokraziarako Institutuko zuzendariak Efe albiste agentziari adierazi dionez. «Inflexio puntu bat» dela uste du, herrialdearen etorkizuna «atzera-bueltarik gabe» aldatzeko gaitasuna duena. «Guztiz apartekoa da lortu dutena eta erakusten ari diren konpromisoa».

Ikerlariak nabarmendu du inor gutxik pentsa zezakeela duela hiru hilabete mugimenduak halako indarra lortuko zuenik, sektore ekonomikoa eta militarra ere erakarriz. Plesnerren esanetan, protesten arrakasta izan da gai izan dela demokraziaren aldeko aldarriarekin gero eta publiko zabalago batengana hedatzeko: Tel Aviv liberal eta sekularrean hasi, eta, pixkanaka, identitate erlijioso eta kontserbadorea duten herritarrengana iritsi da.

IDIren inkesten arabera, Israelgo biztanleen %68 daude gaur egun Netanyahuren kudeaketaren aurka, eta Likud haren alderdiko boto emaileen %55 ere kontra daude.

Palestina, haserre

Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro ultraeskuindar Itamar Ben-Gvirren agindupean guardia nazionala eratzeko asmoak kritika ugari eta haserre olatua eragin ditu palestinarren artean. Hain zuzen, Palestinako Atzerri Ministerioak guardia nazional hura «milizia talde armatu baten» pare ezarri du, eta, atzo ohar bidez ohartarazi zuenez, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk erreforma judiziala atzeratzearen truke, koalizio gobernuko Botere Judua eskuin muturreko alderdiarekin lortutako akordioak «Palestinako herri babesgabeari eraso egiteko, hiltzeko eta torturatzeko baino ez du balioko».

Bide horretan, Palestinarentzat «beharrezkoa» da zigorra ezartzea Ben-Gvirren «terrorismo arrazistaren miliziaren aurka», eta dei egin dio Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresi, Palestinari babesa eman diezaion. Atzerri Ministerioaren arabera, «funtzionario israeldarren etengabeko kriminalitatea», zehazki, «supremazista juduaren, zapalkuntzaren, arrazakeriaren eta apartheidaren sistema antidemokratiko eta sozial batek» sostengatzen du.

Horrekin lotuta, Israelgo eskuin muturreko taldeek eraso egin zieten gobernuaren kontra protestan ari ziren herritar arabiarrei, atzo, Jerusalemen. Tokiko zenbait hedabidek Poliziako iturriak aipatuta jakinarazi zutenez, hiru pertsona atxilotu zituzten palestinarren kontra «bortizki» oldartzeagatik.

Bestalde, hainbat kolono juduk palestinarrei eraso zieten atzo gauean, Zisjordania okupatuan, Hawaran. Wafa agentziaren arabera, sei lagun zauritu zituzten. Eta erasoa gertatu baino ordu batzuk lehenago, palestinar bat hil zen, duela hilabete Israelgo armadak jaurtitako balak eragindako zaurien ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.