Albistea entzun

Seme-alabak eta bizikideak zaintzeko baimen gehiago emango dituen legea onartu du Madrilek

Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak gaur onartu du Familien Legea. 8 urte baino gutxiago dituzten haurren gurasoek zortzi asteko ordaindu gabeko baimena izango dute.

Haur batzuk, artxiboko irudi batean
Haur batzuk, artxiboko irudi batean jon urbe / foku Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2023ko martxoak 28

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Familien Legea onartu berri du. Bertan, kontziliazioa indartzeko neurriak jaso dituzte: esaterako, zaintzarako hiru baimen gehiago aitortu dituzte. Gainera, familia ugariak «haurrak hazteko laguntza handiagoa behar duten familiak» izango dira aurrerantzean, eta familia gehiagori aitortuko diete kategoria hori izateagatik dituzten eskubideak. Aldiz, azkenean, «gurasoen betoa» ez dute debekatuko. Voxek egindako proposamena da «gurasoen betoa», eta gurasoei baimentzen die seme-alabei debekatzea eskolan feminismoari eta sexu aniztasunari lotutako jardueretan parte hartzea, esaterako. Behin Ministroen Kontseilutik igarota, legea oraindik ez da behin betikoa, eta tramiteekin jarraitu beharko dute. Dena dela, zehaztu dute bidea, eta hauek dira legearen proposamen nagusiak:

Kontziliazio neurriak

Testuak zenbait neurri jasotzen ditu, kontziliazioa errazte aldera. Adibidez, senideren bat edo bizikideren bat zaintzeko ordaindutako bost eguneko baimena onartzen du, «istripu, gaixotasun larri, erietxeratze eta etxean zaintza behar duten kirurgia kasuetarako». Gainera, urtean lau egunez baimen bat hartzeko aukera egongo da «ezinbesteko kasuetan», eta zortzi asteko ordaindu gabeko baimenerako eskubidea ere aitortzen die 8 urte baino gutxiago dituzten umeen gurasoei. Azkenik, diruz ere lagundu nahi dituzte familiak. Horretarako, 3 urte baino gutxiagoko umea edukitzeagatik emakume langileek hilean kobratzen duten ehun euroko laguntza langabezian daudenei edo erditzetik 30 egun kotizatu dituztenei ere ordainduko diete.

Familia ugariak

Aurrerantzean, familia ugariak «haurrak hazteko laguntza handiagoa behar duten familiak» izango dira. Gainera, orain artekoek ez ezik, beste familia batzuek ere kategoria hau lortuko dute: bi seme-alaba edo gehiago dituzten guraso bakarrekoek, indarkeria matxista jasan duten eta bi seme-alaba edo gehiago dituzten emakumeenak, zaintza eta jagoletza osoa lortu duten eta mantenu pentsiorako eskubiderik ez duten pertsonek; bi ume eduki eta guraso edo seme-alabetako batek elbarritasunen bat dutenenek; eta gutxienez bi umek eta urtebetean baino gehiagoan ospitalean dagoen edo kartzelan sartu den guraso batek osatutakoek. Horietaz aparte, «kategoria berezikoak» izango dira lau ume baino gehiago dituztenak, eta hiru seme-alaba eduki eta erditze anizkoitza izan dutenak edo diru sarrera txikiak dituztenak.

Izatezko bikoteak

Izatezko bikoteen erregistro bat egingo dute, eta zenbait eskubide aitortuko dizkiete: adibidez, hamabost eguneko baimena izango dute erregistratzeagatik. Gainera, ezkondu gabe dauden bikoteen kasuan, haurdun egon ez den pertsonak ere izango du aukera haurrak erregistratzeko.

Bestelako eskubideak

Beste zenbait eskubide ere jasota daude dokumentuan. Hala nola aitortu eta babestu egiten dituzte LGTBI kolektiboko pertsonek osatutako familiak, kideren batek elbarritasuna duten familiak, harrera familiak... Gainera, haurrak harreran hartzen dituzten familiek ere baimenak eta laguntzak izango dituzte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Gorka Rubio /  FOKU

Eskola publikoko eragileek «ezezko borobila» eman diote legeari kalean

Irati Urdalleta Lete

Euskal Eskola Publikoaz Harro-k deituta, manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Gaitzetsi dutenez, Hezkuntza Lege proiektuak ez du eskola publikoa sistemaren «muinean» jartzen
Sorionekuak egitasmoaren agerraldia, Iruñeko Basotxo kalean. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Eskura nahi dute euskara

Ion Orzaiz

Iruñeko kaleak hartzera deitu du Sorionekuak egitasmoak, «euskararen etorkizunari ongietorria egiteko». Arratsaldeko manifestazioaz gain, egun osoko festa prestatu dute gaurko.

Bilboko itsasadarra. ©Bilboko Udala.

Gizonezko baten gorpua aurkitu dute Bilboko itsasadarrean

Berria

10:20 aldera aurkitu dute hilotza. Bilboko Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egiteko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuak euskara eta euskal kultura al ditu ardatz?

Lausotasunak ilundutako asmoak

Jone Bastida Alzuru

'Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuak euskara eta euskal kultura al ditu ardatz?'. Galdera horri erantzuten saiatu dira Idurre Eskisabel, Asier Etxenike eta Iratxe Retolaza.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...