Giza eskubideak

Azken urtean giza eskubideen urraketak ugaritu egin direla salatu du AIk

Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak urteroko txostena plazaratu du. Bertan salatu du nazioarteak oso jarrera desberdina hartzen duela gatazka gertatzen den tokiaren arabera, eta Ukraina eta Palestina jartzen ditu adibide gisara.

Protesta bat Manilan, iazko Giza Eskubideen Nazioartko Egunean. FRANCIS R. MALASIG, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko martxoaren 28a
18:03
Entzun

Aurten beteko dira 75 urte Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpena onartu zutenetik. Biarren Mundu Gerra amaitu berritan onartu zen adierazpena, 1948ko abenduaren 10ean. Borroka hotsak isildu berriak ziren, eta zauriak sendatzeke zeuden. Urte batzuk igaro dira geroztik, eta, mundu mailako beste gerrarik piztu ez den arren, gerrek mundua hartu dute. Hala jaso du AI Amnesty International erakundearen azken txostenak.

Munduan izandako giza eskubideen urraketak jasotzen ditu txostenak, eta, besteak beste, salatzen du nazioarteak horien inguruan zer jarrera hartu izan dituen. «Pandemia garaian, lehenik, eta Ukrainako gerrarekin, ondoren, argi geratu zen zenbaiten jarrera bikoitza.Mendebaldea, esaterako, nabarmen geratu zen Saudi Arabiako eta Egiptoko giza eskubideen urraketen aurrean izandako jokabidearekin», adierazi du Agnes Callamardek, AIko idazkari nagusiak.

Gatazkak

Gatazka berriak sortu ziren iaz —Errusiaren erasoaldia, kasurako— eta beste batzuk luzatu egin ziren, adibidez, Etiopiakoa edota Kongoko Errepublika Demokratikokoa. Horietan guztietan urratu zituzten nazioarteko giza eskubideak, bai miliziek, baita gobernuen indarrek ere, eta, batzuetan, gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak ere salatu zituzten.

Gatazka horien guztien inguruan Nazioarteko Zigor Auzitegiak hartutako jarrerak ere kritikatu du AIk. Izan ere, dokumentuak zalantzan jartzen du Hagak berdin erantzuten ote duen kasu guztietan, batetik jendaurrean eskatu zuelako Ukrainako egoera sakon ikertzea; baina, aldi berean, askoz ere baliabide gutxiago bideratu zituelako beste ikerketa batzuetara, esaterako, Nigeriara eta Palestinara.
Herrialde aberatsek gatazka horietatik ihesi zihoazenekin izandako jarrerak ere kritikak eragin ditu. Zehazki Europari eskatzen dizkio azalpenak erakundeak, hark Ukrainako desplazatuei etxeko ateak zabaldu baitizkio, baina kontrakoa egin baitu beste herrialde batzuetako migratzaileekin, haien atxilotzeak eta kanporatzeak azkartuz.

Adierazpen askatasuna

Eskubide urraketen artean gehien salatzen direnetakoak dira oraindik ere adierazpen askatasunaren aurkako neurriak. Errusian, esaterako, Ukrainako gerra kritikatzea debekatzen zuen araudia onartu zuten, erasoaldiaren aurka kalera irten ziren milaka lagun atxilotu zituzten eta dozenaka komunikabide itxi zituzten. Beste kasu batzuetan, aldiz, boterera armen bidez heldu ziren gobernuek bultzatu zuten errepresioa, Afganistanen kasurako. Han talibanek torturak eta tratu txarrak baliatu zituzten haiekiko kritikoak ziren kazetarien aurka.

Baina estatuek horren nabarmenak ez ziren baliabideak ere baliatu zituzten protestak isilarazteko. Australian, Indian, Indonesian eta Erresuma Batuan, esaterako, manifestazioak mugatzeko arauak onartu zituzten; Iranen eta Myanmarren, berriz, Interneterako sarbidea eten zuten, protestak gelditzeko asmoz.

Orduan ere nazioartearen erantzuna ez zen bera izan salaketa guztiekin. Esaterako, Israelen aliatuek ukatu egin zuten gobernuz kanpoko hainbat erakunderen salaketa —tartean AIrena—, zeinaren arabera Tel Avivek apartheid sistema bat ezarria zuen palestinarren aurka. Aldi berean, NBE Nazio Batuen Erakundearen zutabe nagusietako batek giza eskubideak babesteko nazioarteko sistemak lan egiteko funts nahikorik gabe jarraitzen zuen.

Genero indarkeria

Gatazka armatuetan gertatu ziren sexu indarkeria kasu asko, baina ez gehienak. Amerikan, Mexiko da adibiderik nabariena. Han ehunka emakume hil zituzten, «emakume izate hutsagatik». Venezuelako emakume errefuxiatuak ere genero indarkeriaren biktima izan ziren Kolonbian, Ekuadorren, Perun eta Trinidad eta Tobagon. Iparraldean, Kanadan, emakume indigenek salatu zuten bortxaz antzutu zituztela, eta AEBetan bortxaketa kasuek goranzko joerari eutsi zioten.

Hala ere, egin ziren zenbait urrats. Europan lege berriak onartu zituzten emakumeen eskubideak babeste aldera. Antzeko bidea egin zuten Afrikako eta Asiako zenbait estatutan ere; horietan emakumeen eta nesken aurkako sexu indarkeria amaitzea izan zuten xede. Herrialde horietako batzuk izan ziren Txina, Kongo edota Indonesia.

Aldiz, eta AEBetan eta Europan batez ere atzerakada nabarmena izan zen abortuaren alorrean. Amerikerako Estatu Batuetan indargabetu egin zuten aborturako eskubidea bermatzen zuen lege federala, eta hainbat estatuk debekatu egin zuten haurdunaldia etetea. Europan ere izan zen antzeko kasurik: Eslovakian, Hungarian eta Polonian mugatu egin zuten aborturako eskubidea; eta Andorran ekintzaileak zigortu zituzten, abortu eskubidea defendatzeagatik.

Eskubide ekonomiko eta sozialak

Pandemiari lotutako krisi ekonomikoak, gatazkek eta klima larrialdiak igo egin zuten bizitzaren kostua, eta elikadura segurtasunik eza eragin zuten hainbat eskualdetan. Nazioarteko Diru Funtsaren urriko datuen arabera, irabazi gutxiko herrialdeen %60k ezin izango diote zorrari aurre egin. Krisi horren adibide zehatzak ere biltzen ditu txostenak: Afganistango herritarren %97 pobrezia egoeran zegoen iaz —2020an, %47 ziren—; eta Sri Lankan arazo larriak izan zituzten elikagaiak, erregaia eta botikak eskuratzeko.

Klima larrialdiak ere zuzeneko eragina izan zuen pobrezian eta desplazatuetan. Itsasoaren mailaren gorakadak uholdeak eragin zituen Bangladeshen, Hondurasen eta Senegalen; aldiz, tenperaturen igoerak eta energia sortzeko azpiegituren eraikuntzak ondorio larriak izan zituen Kanada eta Errusiako herri indigenentzako. Horrek guztiak, ordea, ez ditu potentzia ekonomiko nagusiak mugiarazi, eta isuriak murrizteko neurririk ez dute oraindik hartu, dokumentu horretan salatzen denez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.