Ingurumena

Urre koloreko txakal bat aurkitu dute Araban; auto batek harrapatuta hil da

Euskal Herrian atzeman duten lehena da; ibilgailu batek harrapatu eta hil egin du.

Urre koloreko bi txakal. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Julen Otaegi Leonet.
2023ko martxoaren 29a
13:11
Entzun

Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, urre koloreko txakal bat aurkitu zuten joan den urtarrilaren hasieran. Otsoaren antzekoa da urre koloreko txakala edo Canis aureus delakoa, eta ohikoa da Eurasiako hegoaldean eta Afrikako iparraldean. Azken hamarkadetan, beste eremu batzuetara hedatzea lortu du Europan barrena, eta urtarrilekoa Euskal Herrian ikusi den lehena da —baita Iberiar penintsula osoko lehena ere—. Halere, auto batek harrapatu zuen A-1 errepideko 379. kilometroan, Aguraindik gertu. Hilda dago. Horrela egin zuten aurkikuntza.

Aldundiaren menpeko Martiodako Faunaren Suspertegian egin zioten nekropsia, zer espezietakoa zen aztertzeko. Izan ere, hasierako hipotesia zen otso iberiarra izan zitekeela, edo txakurrarekin nahastutako hibrido bat. Dena dela, tamainari, itxurari eta datu biometrikoei erreparatu ostean, baieztatu zuten urre koloreko txakala zela errepidean aurkitutakoa.

Azterketa hori DNA analisi batekin osatu zuten EHUko Gasteizko Farmazia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailekoek; belarriaren eta ilearen laginak hartu zituzten, espeziea identifikatzeko.

Urre koloreko txakalek moldatzeko gaitasun handia dute, eta aurrera egiten dute gizakia nagusi den inguruneetan. Batez ere animalia hilen haragiaz elikatzen dira. Ugaztun txikien harrapariak eta orojaleak direnez, haien presentzia ez da askorik nabarmentzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.