Italiak elikagai sintetikoak debekatzeko lege proiektua onartu du

Horien inguruko ikerketa zientifikoak falta direla adierazi du, eta nutrizio desorekan eragina izan dezakeela ohartarazi. Europako Batasuneko lehen herrialdea da haragi sintetikoaren salmenta debekatzen.

Laborategian egindako haragia, zelula amen bitartez, artxiboko irudi batean. DAVID PARRY / PA WIRE
2023ko martxoaren 29a
17:21
Entzun 00:00:0000:00:00

Italiako Gobernuak elikagai sintetikoen ekoizpena eta merkaturatzea debekatzen duen lege proiektua onartu du gaur; besteak beste, laborategian hazitako haragia ekoiztea eta merkaturatzea debekatuko luke. Horien inguruko ikerketa zientifikoak falta direla adierazi du, eta nutrizio desorekan eragina izan dezakeela ohartarazi. Europako Batasunean haragi sintetikoaren salmenta debekatzen duen lehen herrialdea da.

Hala esan du Francesco Lollobrigida Nekazaritza ministroak: «Osasun publikoa babestu eta langabezia saihestu nahi dugu. Bidegabekeria sozialerako arriskua dago elikagai sintetikoekin: aberatsek ondo jaten dute, eta pobreek ez».

Orazio Schillaci Osasun ministroaren arabera, lege proiektu «aitzindaria» da, eta halako produktuak «ekoiztea, merkaturatzea eta inportatzea» zigortzen du. «Esanguratsua da elikagai sintetikoen aurkako legea: arretaz jokatzearen printzipioan oinarritzen da. Herritarren osasuna eta gure nazioaren ondarea babestea bermatzen dugu». Oraindik ez dituzte eman testuaren xehetasunak.

Il Sole 24 ore Italiako egunkariak jakinarazi duenez, aurreikusi dute 10.000 eta 60.000 euro bitarteko isunak jartzea elikagai mota hori eskaintzen dutenei.

Coldiretti Italiako nekazaritza sindikaturik handienak gobernuaren erabakia txalotu du. 500.000 sinadura ere bildu ditu laborategietan sortutako elikagaiak ekoiztearen eta merkaturatzearen aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.