COVID-19a

OMEk gomendatu du soilik zaurgarrienei jartzea COVID-19aren aurkako txertoaren indartze dosia

Adinekoei, immunodeprimituei eta osasun langileei baino ez die gomendatu OMEk COVID-19aren aurkako indartze txertoa jartzeko.

COVID-19aren aurkako txertoaren dosi bat. IDOIA ZABALETA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko martxoaren 29a
18:01
Entzun

COVID-19aren aurkako txertatzearen inguruko irizpidea moldatu egin du OME Osasunaren Mundu Erakundeak: herrialde askotan lortu duten immunizazio maila altuaren ondorioz, honezkero ez du gomendatuko herritar guztiei ematea indartze txertoa. Hala ere, arrisku handia duten herritar taldeak dira salbuespena; adineko pertsonak, immunodeprimituak eta osasun langileak, hain zuzen. OMEk azken dositik sei eta hamabi hilabete arteko epera beste indartze dosi bat jartzeko gomendatu die.

«Biztanleriaren zati handi bat txertatuta dago ja, kutsatu da ja COVID-19arekin, edo bi gauzak», azaldu du Hanna Nohynek OMEko Adituen Aholku Talde Estrategikoko —SAGEko— presidenteak. Gainera, lehen aldiz herritarrak hiru multzotan banatu ditu SAGEk, arrisku mailaren arabera. Arrisku handia dutenei gomendatu die indartze txertoa jartzeko, eta arrisku ertaina duten herritarrei —60 urte baino gutxiago duten helduei, eta osasun arazo jakin batzuk dituzten haurrei eta nerabeei— indartze dosi bat baino ez die gomendatu; AstraZeneca edo Pfizer etxeetako dosiak jaso zituztenen kasuan, esaterako, hirugarren dosia. Erakundeak nabarmendu du iaz herrialde askotan bermatu zutela.

Emakume haurdunei ere bai

Arrisku txikiko herritarrak osasun arazorik gabeko haurrak eta nerabeak dira, SAGEren arabera. «Herrialde bakoitzak bere testuinguru zehatza aintzat hartu behar du arrisku txikiko taldeei txertoa ematen jarraitzea erabakitzeko», esan du Nohynekek. Emakume haurdunei indartze dosi bat jartzeko ere gomendatu die, azken dosia jarri eta sei hilabetera.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 18 urte baino gehiago dituzten herritar guztiei gomendatzen die indartze dosia jartzeko, COVID-19agatiko infekzioa eduki duten ala ez gorabehera. Lehentasuna arrisku handiena duten herritarrei emango dietela ere nabarmendu du Osasun Sailak.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak ere biztanle gehienei indartze dosia emateko aukera eskaintzen die, baina nabarmenduta 60 eta 79 urte arteko herritarrek dosi hori hartzea sustatzea izango dela lehentasuna. Izan ere, iazko abenduan Nafarroako 60 eta 79 urte arteko herritarren %37k baino ez zuten hartuta laugarren dosia, Osasun Departementuaren arabera. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aitortu izan dute, ordea, ezarritako irizpideak «etengabe» eguneratzen dituztela.

Bestalde, Espainiako Carlos III Osasun Institutuko Mikrobiologia Saileko zenbait ikertzailek ondorioztatu dute «immunitate hibridoa» lortzeak «eraginkortasuna eta onurak» dituela. COVID-19aren aurkako immunitate hibridoa kutsatu eta txertatu ostean lortzen dela nabarmendu dute, eta gaitzaren zenbait aldaeraren aurrean —bereziki, omikronarekin— erantzun immunitarioa «nabarmen» hazten dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.