Euskara

Araban herritarren %23,5 euskaldunak dira; %20, elebidun hartzaileak

Elkarlanean egindako inkesta aurkeztu dute Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak

arantxa iraola
2023ko martxoaren 29a
20:26
Entzun

Doitzen ari da Euskal Herriko egoera soziolinguistikoari buruzko erretratua. VII. Inkesta Soziolinguistikoa aurkezteko saioak egin dituzte hilabete honetan Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, eta gaur Iparraldeko datuen berri emango du EEP Euskararen Erakunde Publikoak. Gaur, halaber, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak elkarlanean ondutako ikerketa bat aurkeztu dute, herrialdeko egoera aztertuta egindakoa: horren arabera, herrialdean elebidunak dira gaur egun herritarren %23,5; elebidun hartzaileak, %20. Elebidun hartzaileek nekez hitz egin edo hitz egin ez arren, ondo ulertu edo irakurtzen dute euskara.
Berriki atera diren gainerako ikerketetan agertzen ari den errealitate bat argi azaldu da berriz ere ikerketa honetan; euskaldun gehienak, hamarretik zortzi, hobeto moldatzen dira gaztelaniaz. VII. Inkesta Soziolinguistikoan ere agerian geratu da euskaraz aritzeko erraztasun urriko euskaldunen talde zabal bat. Han jaso dutenez, egun, euskaldunen %44 errazago aritzen dira erdaraz, euskaraz baino; eta hazten ari da ehuneko hori: %38 ziren 1991n. Atzo aurkeztu zituzten datuetan, Arabako egoerara begira, horra hizkuntza gaitasun eta erraztasunari begira, ehunekoak: %20 elebidun hartzaileak dira, %14,8 erdal elebidunak, %7,2 elebidun orekatuak eta, %1,5 euskal elebidunak. Gainerakoak, erdaldunak dira. Agerikoa da datuen eboluzioa: soslairik euskaldunenak ugaritzen dira adin tarterik gazteenetan.
Euskara Saileko zinegotzia, Iñaki Gurtubai, aski pozik mintzatu da gaur arratsaldean ikerketaren berri emateko egin duten aurkezpenean. «Gasteizko euskaldunen kopuruak gora egiten jarraitzen du. Izan ere, gogoratu beharrekoa da 80ko hamarkadaren hasieran, herritarren % 3,5 zirela euskaldunak», adierazi du: «Eskolako euskalduntzea, erakundeek emandako bultzada, euskaltzaleen kolektiboek egindako lana eta herritarrek hizkuntzaren alde egindako apustua funtsezkoak izan dira ibilbide honetan». Inkestan parte hartu dutenen %12,3k esan dute euskaraz egin dituztela oinarrizko ikasketak: D ereduan. %5,5ek elebitan: B ereduan.%10,5ek esan dute azken bost urteetan egin dutela ahaleginen bat eskolako eremuaz harago, euskara hobetzeko;%4,5ek adierazi dute egin nahi luketela.
Arabako Diputazioko Euskara zuzendari Lexuri Ugarte ere baikor solastatu da: «Argi dago euskarak lurraldean duen egoera oso ona dela, euskaldun hiztunen kopurua handitzeaz gain, gure hizkuntzaren osasunaren pertzepzioa nabarmen hobetu delako». Erabilerari dagokionez, inkestan parte hartu dutenen %84k esan dute beti gaztelaniaz hitz egiten dutela; %4k euskaraz gaztelaniaz bezainbeste; %2,7k beti euskaraz. Gainerakoak daude erdarazko joera gailentzen den kategoriatan.
Jarrera neurtze aldera, hainbat esaldiren gaineko iritzia eskatu dute inkestan. Esaldi orokorrenek lortu dute atxikimendu handiena. Goi-goian, honako bi esaldiak. Baga: Euskaldunen eta erdaldunen arteko errespetua bultzatu behar da. Biga: Euskara ez dakitenek ere euskararen normalizazioa babestu beharko lukete. Atxikimendu urriena jaso dutenak, hauexek. Baga: Euskararen aldeko neurriek erdaldunak diskriminatzen dituzte. Biga:Zenbait lanpostutarako euskara jakitea exijitu behar litzateke. Higa: Hobe da jendeak ingelesa ikastea euskara baino.
1.200 inkesta
Azterketa egiteko 1.200 inkesta baino gehiago egin dituzte; horietako 678 egin dituzte Arabako hiriburuan. Aintzat hartu duten unibertsoa dira 16 urtetik gorako Arabako herritarrak. Hor jasotako informazioaren bidez, euskara sustatzeko hurrengo planetan kontuan hartzeko informazio esanguratsua lortu nahi izan dute instituzio publikoek. Herritarren lagin adierazgarria aztertu nahi izan dute horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.