KPI-a

Inflazioak behera egin du aurten lehenbizikoz

INEren datu aurreratuen arabera, bi puntu eta erdi baino gehiago jaitsi da. Argindarraren eta erregaien merkatzea izan da arrazoietako bat, iazko martxoan izandako gorakadaren aldean.

Elikagaiak dira gehien garestitu diren produktuak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Otaegi Leonet - Iñaut Matauko Rada
2023ko martxoaren 30a
09:55
Entzun

Urte hasierako goranzko joera atzean utzi du inflazioak. Iazko udan goia jo ostean —%10,7ra heldu zen uztailean—, urte amaiera arte apalduz joan zen, abenduko %5,6raino. 2023a hastearekin batera, bi hilabetez segidan gorantz egiten hasi zen, baina martxoarekin batera amaitu da hori.

Hego Euskal Herriko behin betiko datuak apiril erdialdean emango ditu INE Espainiako Estatistika Institutuak, baina Espainiako datu aurreratuak eman ditu gaur. Haren arabera, urte arteko tasak bi puntu eta erdi baino gehiago egin du behera martxoan, %3,3ra —aurreko hilabetean %6 izan zen inflazioa—. 2021eko abuztutik erregistratu den daturik apalena da; orduan ere, %3,3koa izan zen KPIa.

Azpiko inflazioa ere —energia eta elikagai freskoak ez ditu aintzat hartzen— koska bat beheratu da martxoan. Hamarren bat: %7,6tik %7,5era. Dena dela, euroa indarrean dagoenetik altuenen dago azpiko inflazioa.

INEren arabera, argindarra eta erregaiak merkatzea izan da inflazioa apaldu izanaren arrazoia, iazko martxoan izan zuten garestitzearekin alderatuz gero. Gaur egun, elikagaiak dira produkturik inflazionistenak: otsailean, duela urtebete baino %16,6 garestiago zeuden; aspaldiko daturik handiena da martxokoa.

Hala ere, urte arteko tasa denez, 2022ra atzera egin behar da aldaketak zertan datzan hobeto ikusteko. 2021ean progresiboki igotzen ari zen inflazioa, eta 2022ko otsailean %7,6ean zegoen jada KPIa Espainian. Otsailaren amaieran, baina, Errusiak Ukraina inbaditu zuen, eta martxoan inflazioak asko egin zuen gora, %9,8ra. Hori dela eta, 2022an jada prezioak bereziki garesti zeudenez, ulergarriagoa da 2023ko martxoan inflazioa horrenbestekoa ez izatea. Hala ere, bizitza iaz baino garestiago dago oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.