Hauteskundeak

Hego Euskal Herriko foru erakundeak legealdia ixten ari dira

Azken osoko bilkurak egiten ari dira desegin aurretik, maiatzaren 28an hauteskundeak egin bitartean

Bizkaiko batzarkideak, azken osoko bilkuraren ostean. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
gotzon hermosilla
2023ko martxoaren 30a
11:49
Entzun

Udal hauteskundeekin batera, Nafarroako Parlamenturako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietarako bozak izango dira maiatzaren 28an, eta erakunde horiek azken pausoak ematen ari dira desegin aurretik. Nafarroako Parlamentuak, esaterako, gaur du azken osoko bilkura, eta bihar eguerdian luntx bat egingo dute legealdia amaitutzat emateko.

Arabako eta Bizkaiko batzar nagusietan atzo egin zuten azken osoko bilkura. Arabakoetan, taldeek aurkezturiko bost mozioak eztabaidatu eta bozkatu ostean, Batzar Nagusietako lehendakari Pedro Elosegik hitza hartu zuen, batzarkideei eta langileei agur esateko eta eskerrak emateko. Bizkaikoetan, berriz, Ana Otadui lehendakariak gauza bera egin zuen, eta bereziki gogoan hartu zituen hauteskundeetara aurkeztu ez eta, hortaz, aurrerantzean Batzar Nagusietan egongo ez diren batzarkideak. «Eskerrik asko; penen, ideologien eta desberdintasunen gainetik pertsonak daude», esan zien.

Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkuran, Unai Rementeria ahaldun nagusiak ere hitza hartu zuen; ez da hauteskundeetara aurkeztuko, eta, beraz, hauxe izan du azken agintaldia. Barkamena eskatu zuen, «sentimenduren baten kontra azaldu banaiz edo zauritu badut ekintza, erantzun edo berbaren batekin». Esan zuenez, bere asmoa beti izan da «eten barik hobetzea», eta «bizitza oparoa» opa zien Batzar Nagusietan topatutako «lagun eta ezagunei».

Gipuzkoako Batzar Nagusietan, berriz, martxoaren 8an egin zuten azken osoko bilkura. Ordukoan, Xabier Ezeizabarrena lehendakariak hitz egin zuen, eta, batzarkideei eta langileei eskerrak emateaz gain, erakundearen garrantzia nabarmendu zuen, Batzar Nagusietan eta bere garaiko Nafarroako Gorteetan «Euskal Herriko eskubide historikoen lehenengo aztarnak eta iturriak» finkatu zirelako: «Euskal Herriak zorionekoa izan nahi du Europan eta munduan. Beraz, egin dezagun bidea elkartuta. Agian mendi bide aldapatsua izango da. Baina, gaur egungo demokraziaren krisia gainditzeko, guztion ekarpenak beharko genituzke».

Erakundeok datorren astean desegingo dira, eta, hauteskundeen ostean erakunde berriak eratu bitartean, batzorde iraunkorrek hartuko dute horien gidaritza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.