Albistea entzun

Ekuador

Ekuadorko presidentea politikoki epaitzeko eskaria onartu du Konstituzionalak

Oposizioak gehiengoa du parlamentuan, eta, beraz, erraz lortuko lituzke zentsura mozio baterako behar dituen 92 botoak. Diru publikoa oker erabiltzea egozten diote presidenteari.

Ekuadorko presidente Guillermo Lasso, Santo Domingon, Dominikar Errepublikan, joan den ostiralean. /
Ekuadorko presidente Guillermo Lasso, Santo Domingon, Dominikar Errepublikan, joan den ostiralean. / Orlando Barria/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2023ko martxoak 30

Bi urte daramatza agintean Ekuadorko presidente Guillermo Lassok, eta beste bi geratzen zaizkio agintaldia amaitzeko. Baina, egoera asko aldatu ezean, ez dirudi legealdia osatzeko aukerarik izango duenik; izan ere, atzo Konstituzionalak tramiterako onartu zuen estatuburua politikoki epaitzeko eskaria. Presidentea ezin da auzitegietan epaitu hura agintean den bitartean; hori dela eta, parlamentua bera da erabakitzen duena estatuburuak oker jokatu ote duen. Hainbat lekukotza entzun ostean, gehiengoak —137 diputatutatik 92ren babesa behar dute— salaketa frogatutzat ematen badu, kargugabetu egingo lukete.

Itxura guztien arabera, oposizioak erraz lor dezake zentsura mozioa onartzeko beharrezko gehiengoa; izan ere, 104 diputatuk sostengatu zuten presidentearen aurkako salaketa, eta pentsatzekoa da horiek berek babestuko dutela kargugabetzea ere. Gainera, Lassok ez du jarraitzaile askorik politikarien artean. Hasieran bankari ohiaren alde agertu ziren eskuineko zenbait ordezkarik ere bizkarra eman diote.

Zehazki egozten diotena da hainbat enpresa publikoren ustelkeria sare baten erantzule politikoa izatea. Sare horrekin lotuta dago haren koinatua, Danilo Carrera, eta, salaketaren arabera, Lassok bazekien horren berri, eta ezkutatu egin zuen. Horrez gain, narkotrafikoarekin loturak zituen gertuko pertsona bat babestu izana ere leporatzen diote.

Dena den, Lassok badu oraindik ihesbiderik, heriotza gurutzatua deritzona baliatu dezake. Parlamentua desegitea ahalbidetuko lioke prozedura horrek. Hiru bide izango lituzke horretarako: salatzea parlamentuak bereak ez diren eskumenak hartu dituela bere gain; barne krisi larri bat izan dela argudiatuta desegitea; edo estatuburuak bultzatutako garapen plan bat oztopatzen duela argudiatzea. Hiru aukera horietatik lehenengoan soilik beharko luke Lassok Konstituzionalaren babesa; beste bietan, nahikoa da estatuburuaren beraren hitza. Hala, prozedura horren alde egitekotan ere, azken bi aukeretako bat baliatu beharko luke presidenteak, logikoki Konstituzionalak ez baitu Lassoren alde egingo, hura auzipetzea onartu baitu.

Era batera edo bestera, badirudi Lassok ez duela agintaldia amaituko. Izan ere, zentsura mozioak aurrera egiten badu, litekeena da gaur egungo presidenteorde Alfredo Borrerok hartzea haren tokia, legealdia amaitu bitartean. Ramiro Aguilar analista politikoak EFE berri agentziari azaldu dionez, litekeena da Borrerok bide aldaketa bat bultzatzea eta alde batera uztea Lassoren «politika neoliberalak", indarrak gizarte gaietan jarriz. «Oposizioari ere tokia egin beharko lioke gobernuan», adierazi du diputatu ohiak.

Lehen aldia

2008an konstituzioa onartu zutenetik, lehen aldia da estatuburu baten aurkako epaiketa politiko bat aurrera ateratzen dena. Konstituzionalak antzeko erabaki bat hartu behar izan zuen lehen eta azken aldia 2017an izan zen, Jorge Glas presidenteorde ohiaren kasuan. Orduan, ordea, Glas zigortu eta espetxeratu egin zuten, zentsura mozioak aurrera egin aurretik. Baina orduan fiskaltzak berak zabaldu zuen ikerketa bat Glasen aurka, Lassoren kasuan ez bezala.

Presidenteak salatu du bere aurkako prozedura «estatu kolpe bat» dela. «Oposizioa itsututa dago, eta ez ditu errespetatu nahi legeak ezartzen dituen lau urteak. Instituzionalitate demokratikoaren leihotik sartu nahi du, eta horrek kezka eta ezinegona sortzen ditu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidente ohi eta JxCko burua, azken udal hauteskundeetako kanpaina batean. ©Quique Garcia, EFE

Borrasek diputatu akta galdu du, eta Kataluniako parlamentuak presidente berria hautatuko du

Gorka Berasategi Otamendi

Ganberak osoko bilkura deitu du ekainaren 9rako, parlamentuko presidente ohiaren ordezkoa aukeratzeko.

 ©CENTRE DELAS

«Ez dute nahi Errusia politikoki kaos bat izatea»

Igor Susaeta

Iruditzen zaio AEBen nahia ez dela Moskuk militarki galtzea, baizik eta hura higatzea. Ohartarazi du gastu militarra handitzea gerrarako dei bat dela, eta NATOk horretarako prestatzea lehenesten duela.
Pertsona batzuk gaur Kieven, Errusiaren erasoaren ondorioz hildako zibiletako baten gorpuaren inguruan ©EFE

Hiru zibil hil dira Kieven, Errusiaren bonbardaketa baten ondorioz

Igor Susaeta

Aireko defentsa sistema gehiago eskatu dizkio Zelenskik Mendebaldeari. Moskuren arabera, Kiev Errusiako Belgorod eskualdeari eraso egiten ari da.

Hainbat pertsona AEBak eta Mexiko banatzen ditun hesiaren ondoan, zain. / ©Etienne Laurent, EFE

Virginiako gobernadoreak militarrak bidali ditu Mexikoko mugara

Arantxa Elizegi Egilegor

Texasko Gobernuak eskatu die buruzagi errepublikanoei bidal ditzatela guardia nazionalak AEBetako hegoaldeko mugara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.