Eutanasia

Hego Euskal Herrian 54 eutanasia egin dira azken bi urteotan

Eutanasia eskatu duten gehienek gaixotasun neurologikoak eta onkologikoak zituzten. Hamahiru eskari atzera bota dituzte Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako osasun sailetako berme batzordeek.

Otxando, Artundo eta Arcos, gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko martxoaren 30a
14:33
Entzun

Hego Euskal Herrian 54 eutanasia egin dira, hamahiru atzera bota dira, lau bertan behera utzi dituzte pazienteek eskatuta, eta zazpi paziente hil dira prozesuan. Hori da Hego Euskal Herriko balantzea Espainiako Kongresuak onartutako Eutanasia Legea indarrean dagoenetik —2021eko ekainaren 25etik—. Eutanasia eskariak egin dituzten gehienek gaixotasun neurologikoak eta onkologikoak zituzten, eta eutanasia gehienak pazienteen etxean egin dira Nafarroan. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban horrela izan zen 2021ean, baina, iaz, gehienak ospitaleetan egin ziren.

Nafarroan hamabost eutanasia egin dira, bost atzera bota dira, eta bi bertan behera utzi dituzte, pazienteek eskatuta. Gaur, Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko zuzendari nagusiak eta Maria Luisa Arcos eta Geno Otxando Osasun Departamentuko arduradunek azken bi urteotako datuen berri eman dute. Azaldu dute 2021ean bi eutanasia egin zirela, eta iaz, berriz, hamahiru.

Artundoren arabera, Espainiako Eutanasia Legea «bizitzaren amaierako arta osatzeko» tresna bat da. Nafarroan bertan ere arautu dute eutanasia, eta Heriotza Duinaren Behatokia sortu dute, arauak betetzen direla bermatzeko eta zainketa aringarrien estrategia zehazteko. Artundok nabarmendu du azken bi urteotan Nafarroan «berme guztiekin» egin direla eutanasiak.

Prozesuak batez beste 44 egun iraun duela ere azaldu dute, hau da, eskaria egitetik prozesua burutu arte hilabete eta erdi igaro dela gutxi gorabehera, araudiak zehazten duen moduan. Osasun Departamentuko Berme eta Ebaluazio Batzordeak bost eskari atzera bota ditu, eta beste bi bertan behera utzi dituzte pazienteek eskatuta.

Azaldu dute familia medikuak arduratu direla orokorrean paziente horien artaz. Adierazi dutenez, eutanasia legea indarrean sartu zenetik mila osasun langile inguru trebatu ditu Osasun Departamentuak alor horretan, eta buru osasuneko zenbait aditu txosten bat egiten ari dira, profesionalei azaltzeko nola jardutea komeni den prozesuko egoera jakin batzuetan.

Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako datuak Eusko Jaurlaritzak eman zituen urtarrilaren 31n, txosten baten bidez. Haren arabera, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban 39 eutanasia egin dira, zortzi atzera bota dira, bi bertan behera utzi dituzte —pazienteek eskatuta—, eta zazpi paziente hil dira prozesuan.

Txostenaren arabera, 2021ean hamabost eutanasia egin ziren, eta iaz, berriz, 24. Guztira 59 eskari jaso zituen Osakidetzak, baina Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren barruko Berme eta Ebaluazio Batzordeak zortzi atzera bota zituen. Eskaria egin zutenen adina, batez beste, 68 urte ingurukoa zen, txostenaren arabera. Lehen arretako medikuak izan dira, oro har, artaz arduratu direnak.

Eutanasia Legea

Espainiako Kongresuan duela bi urte onartutako Eutanasia Legeak —aurreko astean ontzat jo zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, Vox alderdi ultraeskuindarraren helegitea atzera botata— zehazten du nolakoa izan behar duen prozesuak Hego Euskal Herrian. Legezkoa da eutanasia egiteko eskatzea, eta, legeak zedarritutako irizpideen barruan, osasun sistemek eskaini beharreko zerbitzu bat da, bermatu beharrekoa. Berme eta Ebaluazio Batzordeak aztertzen ditu eskariak.

Ipar Euskal Herrian, berriz, debekatuta dago eutanasia. Hala ere, Frantziako Etika Batzordeak iazko irailean ondorioztatu zuen posible ikusten zuela «hiltzeko laguntza aktiboa». Egin zituen gomendioetan, ordea, «baldintza oso zorrotzak» jartzeko premia nabarmendu zuen. Lege bat egitekotan, beharrezkotzat jo zuen gaixoak «autonomoki, libreki eta errepikatuz» erabaki ahal izatea hiltzeko laguntza aktiboa edukitzea. Bestalde, herritarren arteko eztabaida bat behar dela esan zuen batzordeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.