Memoria historikoa

Anastasini zirkuko biktimak omenduko dituzte Larragan

Gutxienez zirkuko hamalau kide hil zituzten 1936an. Haien memoria zaintzeko ekitaldia eginen dute larunbatean.

Larragako Memoriaren Parkeko monumentua. ARAKEN MEMORIA
Isabel Jaurena.
2023ko martxoaren 30a
16:44
Entzun

Lodosa (Nafarroa). 1936ko uztailaren 18a. Han bildu ziren azkeneko aldiz Anastasini zirkuko 50 kideak. Izan ere, zenbait ikerketari esker, jakin da talde horretako gutxienez hamalau kide Larragan (Nafarroa) hil zituztela. Herriko haur batek aurkitu zituen gorpuak. Zirkuko biktima guztiei omenaldia eginen diete larunbatean, Larragako Memoriaren Parkean, 12:00etan.

Hildakoak omentzeko, hiru harriz osatutako monumentu bat inauguratuko dute. Harrietan, zizelkatutako irudiak ageri dira, eta erdian zirkuaren forma duen metalezko pieza bat kokatu dute. Pieza horiek guztiak eskuz egin dituzte Maravillas Lamberto eta Zurbau kolektiboek. Horrez gain, ekitaldian musika ere egonen da, baita zirku arloko zenbait kide ere. Hala nola Popi eta Zaratrako, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, eta Gure Zirkua.

Lodosako herritarren testigantzak izan dira ikerketa guztiaren oinarria. Horiei esker jakin da gorpuen berri. Hala ere, ez dago argi zer gertatu zen taldeko gainerako kideekin, baina badira zenbait hipotesi. Mendabiako La Caballera hobian, adibidez, 27 gorpu aurkitu zituzten 1970eko hamarkadan, eta horiek ere zirkuko kideak zirela pentsatzen da. Beraz, orotara, 40 pertsona inguru hil zituztela kalkulatzen da.

Ikerketen arabera, zirkuko artista nagusiak bizirik irten ziren, baina bai haiek eta bai zirkuko orkestra desagertuta daude. Horregatik, ekitaldiaren antolatzaileek ez dute nahi «krimen frankista» hori ahaztea; eraildako pertsona horien memoria zaindu nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.