Artea

Bilboko Guggenheim museoak Lynette Yiadom-Boakye artistaren obra sorta bat jarri du ikusgai

Artistak itxialdi garaian sortutako 70 artelan batu, eta hiru aretotan antolatu dituzte. Irailaren 10era arte egongo da zabalik.

Lekha Hileman komisarioa eta Lynette Yiadom-Boakye artista, Bilboko Guggenheim museoko 'Halako ilunabar bizirik' erakusketan, gaur goizean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko martxoaren 30a
17:50
Entzun

Zoriontasun, adiskidetasun zein bakardade uneetan irudikatutako pertsonaien erretratuak egiteagatik egin zen ezagun Lynette Yiadom-Boakye artista eta idazle britainiarra (Londres, 1977). Eta, hain zuzen, horixe islatzen dute Halako ilunabar bizirik erakusketako lanek. Artistak 2020 eta 2023 bitartean egindako 70 pintura eta marrazki baino gehiago bildu ditu Bilboko Guggenheim museoak, eta Lekha Hileman aritu da komisario lanetan. Irailaren 10era arte egongo da ikusgai bilduma, eta jarduera osagarriak ere izango dira.

Erakusketa bera hiru aretotan banatuta dago. «Ez dago segida jakin bat jarraitu beharrik, obrak ez daude kronologikoki antolatuta: bisitaria edozein aretotatik sar daiteke», aurreratu du artistak, erakusketara sartu aurretik. Hala ere, nabarmendu du «zailtasunak» izan dituela obrak kokatzeko orduan: «Sabaia oso altu dago, eta, espazioa antolatzeko orduan ere, zenbait kezka izan nituen». Artelanek baino gehiago, ordea, bi aretotako horma berdeek deitzen dute arretarik handiena. «Oso galeria konplexuak izan dira, eta kolore berdeak nolabaiteko zentzua eman die artelanei», kontatu du.

Erretratu guztietan fikziozko pertsonaiak erakusten ditu artistak: «Edonor izan daitezke; ez dira pertsona errealak, ez dute generorik». Hala ere, guztiek dute ezaugarri amankomun bat: pertsona beltzak bakarrik marrazten ditu artistak, nahita: «Hautu politiko bat da, zalantzarik gabe». Areto horietako batean sartzean, adibidez, The Raven In Rapture artelanarekin egingo du topo bisitariak. Gizabanako bat ageri da bertan, eta koloreen garrantzia azpimarratu du Hilemanek: «Morea da nagusi margolanean, baina gainerako kolore biziek ere laguntzen dute obrari dimentsioa ematen». Artistak hainbat teknika «trebezia handiz» lantzen dituela nabarmendu du komisarioak.

Hala ere, areto guztietan daude arreta ematen duten obra gehiago. Esate baterako, elkarren alboan ageri diren Seven Acres Up eta 8 am April artelanak. «Bi obra izan arren, bakarra dirudite. Elkarren artean konektatuta daude», azaldu du artistak. Obra bakoitzeko protagonistak etzanda ageri dira, eta elkarri begira daudela dirudi. Hala ere, erabilitako teknikak desberdinak dira bi kasuetan: «Lehenengoan, oihal gaineko olio pintura erabili dut; bigarrena, berriz, lihoaren gainean eginda dago».

Zenbait kasutan, animaliak ere azaltzen dira pertsonaiekin batera. Tartean, txoriak, azeriak eta katuak. «Pertsonez gainera, gustatzen zait bestelako izaki bizidunak ere agertzea», adierazi du artistak. A Nocturnal Intensity artelanean, adibidez, gizabanako bat ageri da katu bati muxu ematen.

Artista eta idazlea

Erakusketako obra guztiak itxialdi garaian egin zituen Yiadom-Boakyek: «Garai hartan bizi izan nuen bakardadeak eta ziurgabetasunak bide berriak esploratzeko aukera eman zidaten». Horren erakusgarri dira ikatz ziriz egindako marrazkiak: «Berehalakotasun sentsazioa ematen dute», artistaren esanetan. Nagusiki, mihisea eta lihoa erabili ditu euskarri gisa.

Era berean, artelan bakoitzari lasai begiratzeko gonbita egin die artistak ikusleei, eta izenburuak irakurtzeko eta horien inguruan hausnartzeko eskatu die: «Irudimena askatzeko aukera zabala da». Izan ere, artista ez ezik, idazlea ere bada Yiadom-Boakye, eta hori antzeman egiten da: izenburuak, artelanen azalpenak baino gehiago, horien lagungarri dira. «Margotu ezin dudanari buruz idazten dut, eta idatzi ezin dudana margotzen dut», azaldu du.

Besteak beste, literatura, poesia eta musika erabiltzen ditu artistak sortze lana errazteko. Kasurako, James Baldwin, Okwui Enwezor eta Toni Morrison dira haren erreferenteetako batzuk. Erakusketaren alboko irakurketa gelan egongo da horietako batzuen testuak irakurtzeko aukera. Horrekin batera, artistak berak idatzitako katalogo bat ere egongo da eskuragarri: Hegoaldera arraunean laguntzaren bila. Erakusketako esperientzia aberaste aldera, berriz, artistak propio bildutako erreprodukzio zerrenda bat jarri dute entzungai Spotify plataforman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.