Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Deustun, bikotekide ohia jipoitu eta hari su eman ostean
Emakumea oso larri dago Gurutzetako erietxean.

Bilbon, Deustua auzoko etxebizitza batean 63 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur Ertzaintzak, bikotekide ohia jipoitzea eta erretzea leporatuta. Emakumea oso larri dago Gurutzetako erietxean, eta haren bizitza arriskuan dagoela zabaldu dute.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, dei bat jaso dute bazkalostean, eta ohartarazi diete garrasiak entzun direla Deustuko etxebizitza batean. Poliziak hara heldu direnean, 58 urteko emakume bat topatu dute, kolpez zauriturik eta erredurekin. Biktimak berak esan die ertzainei bikotekide ohia zuela erasotzailea, eta gizonak arropa erre diola; bizilagun batek lagundu dio andreari sua itzaltzen. Gurutzetako ospitalera eraman dute emakumea, kolpeek eragindako zauriekin eta erredura larriekin; oso larri dagoela zabaldu dute hainbat hedabidek.
Erasoaren tokian bertan atxilotu dute gizona, eta polizia etxera eraman dute.
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxasok gaitzetsi egin du erasoa, sare sozialetan zabaldutako mezu batean, eta euskal gizarteari dei egin dio «eraso ikaragarri honen aurrean arbuio irmoena» adieraztera.

Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.