AEB-ak

Trump auzipetu dute, eroskeria egotzita

2016ko hauteskundeen atarian pornografian lan egiten duen aktore bati ordaintzea egozten diote presidente ohiari. «Jazarpen politikoaren biktima» dela salatu du buruzagi errepublikanoak.

Donald Trump, AEBetako presidente ohia, iazko uztaileko argazi batean. JUSTIN LANE, EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Gorka Berasategi Otamendi
2023ko martxoaren 31
10:15
Entzun

Lehen aldiz, AEBetako estatuburu ohi bat auzipetu dute. Atzo gertatu zen. New Yorkeko epaimahai batek Donald Trump presidente ohia auzipetzearen alde bozkatu zuen. 2016ko presidentetzarako hauteskunde kanpainarekin lotuta dago akusazioa. Salaketaren arabera, garai hartan, buruzagi errepublikanoak 120.000 euro ordaindu zizkion pornografian aritzen den Stormy Daniels aktoreari, ustez, hogei urte lehenago harremanak izan zituztela ez zabaltzearen truke; Trumpen orduko abokatu Michael Cohenen bitartez egin zuten ordainketa.

Dena den, oraindik ez dituzte argitara atera estatuburu ohiaren aurkako salaketaren xehetasunak. Datorren asteartean auzipetuko dute formalki, haren abokatuetako batek AFP agentziari aurreratu dionez. Bien bitartean, Kathy Hochul New Yorkeko gobernadoreak agindu die segurtasun indarrei prestatu daitezela «edonoiz» lanera deituak izateko, errepublikanoaren jarraitzaileek kaleak hartuko dituzten beldur baitira. Trumpek nazio mailako protestak egitera deitu zituen bere jarraitzaileak, joan den martxoaren 18an, handik egun gutxira atxilotuko egingo zutela iragarrita.

Epaimahaiaren erabakia txalotu egin du ordainketa egiteaz ustez arduratu zen abokatuak berak: «Gure nazioaren historian lehen aldiz, presidente bat auzipetu dute. Pozten nau jakiteak inor ez dagoela legearen gainetik. Gaurko akusazioa ez da kapitulu baten amaiera, hasiera baizik».

Juridikoki ez ezik, erabakiak politikoki ere eragingo dio Trumpi, 2024ko bozetarako hautagaitza aurkeztu baitzuen iazko azaroan, eta, haren kontrako epaiketa hauteskundeetarako kanpainan edo kanpainaurrean has daiteke. Ez da espero epaiketa urtebete barru baino lehenago hastea, eta presidentetzarako bozak 2024ko azaroaren 5ean dira egitekoak.

Manhattan barrutiko fiskalak, Alvin Braggek, jakinarazi du auzitegia «Trumpen gertukoekin» harremanetan dela hura ofizialki auzipetzeko prozedura martxan jartzeko. Presidente ohiak, ordea, salatu du «jazarpen politikoaren biktima» izan dela eta ohartarazi kolpea azkenean Joe Bidenek berak hartuko duela. «Gure mugimendua, gure alderdia, batuta eta sendo dago; lehenik Alvin Bragg garaituko dugu, eta jarraian, Joe Biden».

Demokratek ukatu egin dute inolako jazarpenik egin dela, eta nabarmendu dute Trumpek legea urratu badu «erantzun» egin beharko duela. «Ez da kanpoko presio politikorik egongo, ez inor beldurtzeko saiorik, ez erabakietan esku hartzekorik ere», adierazi du Kaliforniako ordezkari demokrata Adam Schiffek. Demokraten Senatuko taldearen buru Chuck Schumerrek, berriz, lasaitasuna eskatu du, presidente ohia auzipetzeak zurrunbiloa eragin dezakeela eta. «Trumpen kritikoak nahiz jarraitzaileak deitzen ditut prozesua modu baketsuan eta legearen arabera garatzen uztera».

Alderdi Errepublikanoan, presidente ohia babestu dute Ron Desantis Floridako gobernadoreak —2024ko bozetarako primarioetan Trumpen aurkaritzat jotzen dute askok— eta Mike Pence Trumpen gobernuan presidenteorde izandakoak. «Honek herrialdea zatitzeko baino ez du balioko», esan du Pencek. Desantisek salatu du botere judiziala «arma gisa» erabiltzen ari dela «agenda politiko bat sustatzeko», eta horrek «hankaz gora» jartzen duela zuzenbide estatua. Gaineratu du berak ez duela urratsik egingo Trumpen estradizioa errazteko —presidenteak Floridan zegoela jaso du auzipetzearen berri, Palm Beachen duen luxuzko etxean—.

Danielsi egindako ustezko ordainketaren auziaz gain, presidente ohiak baditu aurre egin beharreko erronka judizial gehiago. Beste auzi batean ere ikertzen ari dira, argitzeko ea 2020ko bozetan, Bidenek Trump garaitu zuenean, Georgia estatuko emaitzetan iruzur egiten ahalegindu zen. Bestalde, Justizia departamentuaren kontseilu berezi batek bi ikerketa ditu abian, iritzita Etxe Zuria utzi ostean Trumpek legez kanpo berekin eraman zituela zenbait dokumentu klasifikatu.

Halaber, Trumpek lortu du zenbait auzitatik zigorrik gabe irtetea. Etxe Zurian zela, Kongresuak bi ahalegin egin zituen impeachment prozesu bidez hura kargugabetzeko, baina ez zuen arrakastarik izan. Batean, 2016ko hauteskundeetan bere kanpainak Errusiarekin izan zituen loturengatik egin zioten epaiketa politikoa, eta, bigarrenean, Kapitolioaren kontrako erasoan izan zitzakeen erantzukizunengatik.

Trumpen enpresa bat bai, zigortu zuten joan den urtarrilean, iruzur fiskalagatik. Trump Organizationi 1,4 milioi euroko isuna jarri zion New Yorkeko epaitegi batek, zenbait gastu pertsonal ordaintzeagatik ogasunari deklaratu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.