Lan Sailak dio ez duela aintzat hartuko azaroaren 5a jai eguna izatea 2024ean

Emakundek berretsi egin du 2024ko azaroaren 5a jaieguna izateko proposamena, baina Lan Sailak erantzun du Emakundek «argumenturik gabe» baztertu duela Martxoaren 8aren aukera. 1933ko azaroaren 5ean emakumeek aurrenekoz bozkatu zutelako hautatu du egun hori Emakundek..

Olatz Silva Rodrigo.
2023ko martxoaren 31
12:19
Entzun

Emakundek gaur goizean hartu du erabakia: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datorren urteko azaroaren 5a jaieguna izateko proposamena berretsi du. Baina zaila izango da 2024an egun hori jai egun gisa sartzea lan egutegian, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak ez duelako proposamen hori aintzat hartuko; ez behintzat 2024. urterako. Horrela jakinarazi du Idoia Mendiaren sailak gaur arratsaldean. Emakunderi aurpegiratu dio maiatzaren 8aren aukera «argumenturik gabe» baztertu duela.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak berak jarri zuen mahai gainean efemeride feminista bat jaieguna izateko aukera, otsailean. 2024ko Martxoaren 8a jaieguna izatea proposatu zuen. Horren harira, Eusko Legebiltzarrak erabaki zuen Jaurlaritzari galdetuko ziola Martxoaren 8a jaiegun bilakatzeko egokitasunaz. Emakundek adierazi zuen aztertuko zuela, eta duela hamar egun adierazi zuen baztertu egin zuela Martxoaren 8a eta Azaroaren 25a jaiegun bilakatzeko aukera, egun horien «izaera aldarrikatzailea» babesteko. Hori dela eta, efemeride feministen zerrenda bat aurkeztu zuten, eta emakumeen elkarteek gaur arte izan dute egun bat proposatzeko aukera.

Gaur goizean egin du bilkura berezia Emakunderen Aholku batzordeak, eta bertan izan dira Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburua, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta emakumeen elkarteen ordezkariak. Duela hamar egun aurkeztutako efemeride feministen zerrenda aztertu dute, eta «aho batez» data hori berretsi dute. 1933ko azaroaren 5ean, emakumeek aurrenekoz bozkatu zuten Euskal Herrian.

Emakundek adierazi du «berehala» emango diola erabakiaren berri Lan Sailari, apirilaren erdialdera arte ezarritako alegazio epearen barruan. Baina Idoia Mendiaren taldetik erantzun dute berandu dela: egutegia zehazteko prozesuaren hasieran egin behar dira halako proposamenak, otsaila amaitu baino lehen, ondoren eragileei kontsulta egiteko, eta irail amaierarako egutegia prest izateko; ez dago horretarako astirik orain, Lan Sailaren arabera. Erantsi du Emakunderen iritzia ez dela «loteslea», eta haren argudioak «zehazgabeak» direla, efemeride feministei buruzko azterlan sakonagoa egitea gomendatu duelako: «Martxoaren 8a argudiorik gabe baztertzea erabaki du Emakundek, eta aitortu du elkarte feministekin egindako hausnarketa ez dela osoa. Hortaz, Lan Zuzendaritzak erabaki du barne bideetatik jarraitzea, eta dekretu proiektua Gobernu Kontseiluari aurkeztea».

Boto eskubidea aldarri

1933ko azaroaren 5ean, emakumeek lehen aldiz eman zuten botoa Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan, eta autonomia estatutua bozkatu zuten. Nafarroan ere urte horretan bozkatu zuten aurrenekoz, bi aste geroago, Espainiako hauteskundeetan. Emakumeen boto eskubidea Espainiako II. Errepublikak onartu zuen gorteetan, 1931n. Ipar Euskal Herrian, berriz, 1945eko apirilaren 25eko herriko etxeetako bozetan eman ahal izan zuten lehen aldiz botoa, urtebete lehenago onartu ostean.

Emakumeak lehen aldiz bozkatzen, 1933ko azaroaren 5ean, Eibarren. Indalecio Ojanguren

Azaroaren 5arekin batera, beste hamahiru egun eztabaidatu dituzte Emakunderen Aholku batzordean; besteak beste, otsailaren 18a. 2005eko egun horretan, Berdintasun Legea onartu zuten. Eta irailaren 4a izan da beste aukera bat: 1995eko irailaren 4an Emakumeen Nazioarteko IV. Konferentzia egin zuten, Pekinen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.