Euskalgintza

Kontseiluak bat egin du Ipar Euskal Herriko euskalgintzak apirilaren 22an egingo duen manifestazioarekin

Euskara «oso kinka larrian» dago Iparraldean, Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera. Euskararen aldeko politika «sendoak» martxan jartzea «hil edo bizikoa» dela nabarmendu du.

Euskalgintzaren Kontseiluko hainbat kide, Gasteizen. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko martxoaren 31
14:10
Entzun

Ipar Euskal Herriko euskalgintzak manifestazioa egingo du apirilaren 22an Baionan, eta Euskalgintzaren Kontseiluak gaur adierazi du bat egin duela deialdiarekin. «Euskal Herri osoko euskalgintzako eragileek Baionako kaleak betetzeko deia egiten diete euskaltzale guztiei eta, orokorrean, jendarte justuago baten alde dauden guztiei», adierazi du Kontseiluak, ohar baten bidez. Azterketak euskaraz! eta Euskarari trabarik ez! lelopean egingo dute Euskal Konfederazioak antolatutako manifestazioa, eta zinezko hizkuntza politika bat martxan jartzeko eta herri mugimenduko eragileei baliabideak emateko eskatuko dute, besteak beste.

Kontseiluak bat egin du Euskal Konfederazioak egindako diagnostikoarekin: «Brebeta euskaraz egitea ikasle, guraso eta langileen mobilizazioari esker lortu bada ere, oraindik ez da lortu baxoko azterketak euskaraz egin ahal izatea. Gainera, hizkuntza politika publikoak geldirik daude. Horren adibide da [EEP] Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua bikoizteko beharrari ez erantzun izana, hura adostu eta zazpi urtera. Horrela, euskal hedabidetako ordezkariek, helduen euskalduntzean aritzen diren langileek edota aisialdiari begirako elkarteek egoera guztiz prekarioan dihardutela salatu dute publikoki».

Bestalde, EEPk atzo zabaldutako VII. Inkesta Soziolinguistikoa ere izan du hizpide Kontseiluak. Ondorio nagusiak hauek dira: euskaldunen proportzioa gero eta apalagoa da gaur egun Ipar Euskal Herrian —51.500 euskaldun lirateke, hau da, herritarren %20,1—, eta euskaldun hartzaileak, euskara ulertu bai baina mintzatzeko gai ez direnak, %9,4 dira; erdaldunak, berriz, %70,5. «Emaitzek agerian utzi dute euskara oso kinka larrian dela Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Hau da, hil edo bizikoa dela euskararen aldeko politika publiko sendoak indarrean jartzea», Kontseiluaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.