Euskalgintzak dei bateratua egin du apirilaren 22an Baionan manifestatzeko

Egiazko hizkuntza politika eta baliabideak aldarrikatuko dituzte. Frantziak euskarari ezartzen dizkion oztopoez gain, tokiko erakundeak ere kritikatu dituzte

Euskalgintzako eragileen agerraldia, atzo, Baionan. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Azterketak euskaraz! eta Euskarari trabarik ez! lelopean, manifestazioa eginen du Ipar Euskal Herriko euskalgintzak apirilaren 22an, Baionan. Zinezko hizkuntza politika bat martxan jartzeko eta herri mugimenduko eragileei baliabideak emateko eskatu dute agerraldian.

Frantziako Estatuak euskarari jartzen dizkion oztopoez gain, tokiko erakundeak ere «ez dira behar bezala erantzuten ari», Euskal Konfederazioaren iritziz: «Zer etorkizun du hizkuntza politikak berau biziarazten duten elkarteek behar bezala ibiltzeko baliabiderik ez badute?», galdetu du Sebastien Castetek. 2017ko lurralde hitzarmenaren harira EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua bikoiztea adostu zela oroitu dute, baina, deitoratu dutenez, ordutik ez da izan aitzinamendurik. «Hizkuntza politika da blokeatua dena. EEP tresna bat da, baina ez du baliabiderik bere lana egiteko», azaldu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.

Azterketak euskaraz egitearen aldarrikapena ezarri dute lehen lerroan euskalgintzako eragileek. Azken bi urteetan egoera «tinkatu» dela erran du Jorajuriak, eta Parisen isiltasuna deitoratu du. Irailean Parisen izan zen bilkuratik espero duten erantzuna aipatu du, ironiaz: «Laster, bihar, ondoko egunetan, hilabete bukaeran, urtea bukatu aitzin... gero hitzaren sinonimo guziak erabiltzen ari dira». Azken urteetan azterketen arloan izan diren gibel egiteak zerrendatu, eta erantzuna emana dutela iritzi dio Jorajuriak: «Erantzuna ezezkoa da». Erakunde publikoa sortu zenean azterketak euskaraz egitea EEPren hizkuntza proiektuaren helburu bat zela oroitarazi du Jorajuriak, baina erran du erakundearen «mugak» ukitzen dituztela: «Frantziako Hezkuntza Ministerioa EEPren kide da. Borroka honetan EEPko kide baten kontra ari gara». Mobilizazio «erraldoi» baterako garaia iritsi dela baieztatu du Seaskako lehendakariak, «Parisek entzun dezan Euskal Herriaren ahotsa».

Zailtasun sorta

Gainerako arloetan dituzten zailtasunak ere aipatu ditu Jorajuriak, izan irakasle postuak lortzeko urtero eraman behar duten borrokagatik, edo behar bereziak dituzten ikasleei harrera egiteko baliabide faltagatik. Horrez gain, Baionako suprefetura «inkisizioen bulegoa» bilakatu dela salatu du: «Azken bi urteotan, ikastolak diren herriko etxeek estatuko ordezkarien aginduak jaso dituzte ikastolen alokairuak azkarki igo ditzaten».

Frantziako administrazioaren oztopoak salatu dituzte sare publiko eta pribatuetako sail elebiduneko Biga Bai eta Euskal Haziak elkarteek ere: euskara hutsean ari diren ikasgelak irekitzeko trabak izateaz gain, horietako batzuk ixteko arriskuan direla deitoratu dute. «Haur bat aski da eskola frantses hutsean segurtatzeko, baina, euskaraz izan dadin, gurasoen, irakasleen, herriko etxeen eta ikuskaritzaren baimenak lortu behar dira». Urte guziz Frantziako Hezkuntza Ministerioak baliabideak txikitzen dituela deitoratu dute: «Azkenean zera ikusten dugu, euskararen eskaintza murrizten dela».

«Prekaritatea»

Alarma gorria piztu zuen AEK-k joan den urrian, eta ohartarazi zuen helduen euskalduntzean diharduten langileak «prekaritatean» bizi direla. Ordutik, EEPrekin harremanean dira helduen euskalduntzeari buruzko bide orria lantzeko. «Hamar urteko berantarekin dabil arrastaka», salatu du Ihintz Oliden AEK-ko koordinatzaileak. 30.000 klase ordu eskainiko ditu aurten AEK-k Ipar Euskal Herrian, 1.400 helduri euskara ikasi edo hobetzeko aukera emanez, baina lan horretarako ez dute diru laguntza «duinik» eskuratzen. «Euskararen geroa bermatzeko ezinbestean babestu eta bultzatu behar den arloa da helduen euskalduntzea».

Bizi duten egoera ekonomiko «larria» aipatu du Maddi Bordagarai Uda Lekuko koordinatzaileak ere. EEP eta elkargoaren laguntza teknikoa «ongi etorria» bada ere, diru baliabide eskasak deitoratu ditu. Hiru urteko diru partaidetza izenpetu zuten iaz EEPrekin; hau da, hiru urtez ez zaizkie baliabideak hobetuko. «Egiazko hizkuntza politika publiko baikor bat balitz, gaur egun ez genituzke bost aisialdi zentro euskaldun izanen, 22 baizik, eta arloko hitzarmen kolektiboak finkatzen duen gutxieneko lansaria emanen genieke gure langileei». 40 urte beteko ditu aurten Uda Lekuk, baina Bordagaraik erran du haren iraupena kolokan dagoela epe laburrean, egoera ekonomikoa dela eta.

Euskarak pairatzen duen diglosia egoera orokorra hedabideen arloan ere ikus daitekeela esplikatu du Ximun Karrere Euskal Hedabideetako ordezkariak. «Behar-beharrezkoa da frantses prentsari esleitzen zaion diru kopurua ematea euskarazko prentsari». Diru laguntzez gain, publizitate instituzionala ere aipatu du: «Zenbat diru sartzen da Sud Ouest-en, eta zenbat BERRIAn, Ipar Euskal Herriko Hitza-n edo Kazeta.eus-en?», galdetu du. Euskal prentsak diru baliabide bereziak behar dituela baieztatu du. «Ez ote du hizkuntza politikak diskriminatua den hizkuntza bat babestu behar?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.