Kolpean dena aldatu da. Iruñeko zuzendaritzako kide batek azken orduetan ezagutarazi dio Alfredo Morales Volkswageneko langileen batzordeko presidenteari auzitan dagoela bateriak muntatzeko lantokia Landabenen ezarri ahal izatea. Erabaki hori Iruñetik harago doala aipatu dio ere bai.
Langileen batzordearentzat oso garrantzitsua da auto elektrikoen baterien zeldak muntatuko dituen fabrika hori lantoki barruan egotea. Auto elektrikoranzko trantsizioa zaila izango dela jakinik ere, instalazio hori izango dutela ziurtatzeak 500 enplegu inguru bermatzen dituelako. Orain hori dena kolokan dago, eta 2027tik aurrerako langileen soberakinak handiagoak izan daitezke.
Horren berri emateko, langileen batzordeko bost sindikatuak (UGT, CCOO, ELA, LAB eta CGT) elkarrekin agertu dira prentsaurrekoan, eta ohartarazpen argi bat bidali diote Volkswageni, iritzi publikoari eta Nafarroako Gobernuari. «600 enplegu jokoan daude», adierazi du Alfredo Moralesek (UGT), eta Landaben inguruko hornidura parkean «sei bider handiagoa» izan daitekeela azaldu du.
Izan ere, 2027tik aurrera auto elektrikoak egiten hasten direnean, Landabenek 300.000 auto ibilgailu egiteko asmoa duela iragarri du. Hala, bateriak muntatzeko fabrikarik ez badago, muntaian 600 lanpostu arriskuan daudela uste dute sindikatuek. Batzordearen arabera, azken urteetan 350.000 ibilgailu egiteko produkzio ahalmena lortu ahal izateko, baldintzetan amore eman dute langileek, Lanaldian eta soldatetan akordioak lortu dituzte, eta orain VWek langileen esfortzu hori ez du kontuan izan: «Zer egin dugu gaizki? Ez dugu ulertzen nola VWen norbaitek auzitan jartzen duen bateria fabrika hori izatea», aipatu du Moralesek
Horregatik bilera eskatu dute talde barruan irizpide aldaketak zeri erantzun dion azaltzeko. «Azalpen bakarra da inbertsio hori ez dutela egin nahi eta hirugarren bati eman nahi diotela, diru hori aurrezteko». Kasu horretan, VWen Iruñeko fabrikarentzat «arriskutsua» dela deritzote: «Enplegua, teknologia, balio erantsia, formakuntza. Horma hauetatik kanpo ateratzen badute fabrika hori, ziurrenik ez dira hemengo soldatekin izango».
Nafarroako Gobernuak, gainera, sostengu publikoa eman dio inbertsio horri. Egun, VW barruan diren trenbide sarean aldaketak egin eta orube horretan jarri nahi zen fabrika hori. Gobernuak hitzartu zuen 40 milioi euro jarriko dituela obra hori finantzatzeko. ELAko Igor Peñalverrek azalpenak eskatu dizkio gobernuari: «Zer egiten ari den azaldu beharko digu. Gobernua zoru horien lizitazioa egiten egongo da, eta jakingo du nor dagoen zoru horiek eskuratu nahirik». Sindikatuek azaldu dutenez, Garapen Ekonomikoko kontseilariak du horren inguruko informazioa.
Nahasmen horretan, ezin da ahaztu testuinguru orokorra. Berez, VWen bateria fabrika Sagunton egongo da, eta haren zeldak muntatzeko fabrika eskuratu nahi du Iruñeak. LABeko Raul Portilloren arabera, Martorellgo SEATen fabrika dago atzean: «Ez gaude Seatekin lehian, baina uneotan SEAT erabakitzen ari da non egongo den bateriak muntatzeko fabrika hori. Nafarroako VWeko langileek, produktibitate, kalitate eta etekin ratio apartak eman ditu eta orain ezin da zalantzan jarri non jarriko den baterien fabrika hori».
Portilloren arabera, VWek Nafarroako Gobernuari exijitu dio diru laguntzak ematea: «Ezin dugu onartu gobernuari posizio politiko bat eskatzea eta ez jakitea fabrika hori Nafarroara etorriko ote den, nork egingo duen, zer lan hitzarmen izango duten langileek (kimikakoa, garraiokoa, industriakoa..) Dena eman dugu hemengo langileek eta orain multinazionalari dagokio gure esfortzua kontuan izatea».
Ez da oso ohikoa VWeko langileen batzordea elkarrekin agertzea, eta guztiek nabarmendu dute auzi horretan elkarrekin daudela. Portillok adierazi dio multinazionalari argazki hori ez dela gezurrezkoa. «Atzean sendotasun handia dago, ez dezatela pentsa ezerezean geratuko dela».
CGT Oscar Añorberen hitzetan, azken bi hamarkadatan Iruñean izan den bake soziala kolokan jar dezake zuzendaritzak. Oñarbek gogorarazi du langileek bere ekarpena egin dutela, eta lanaldian egindako moldaketen ondorioz, «13.600 autoren produkzioa, bi aste adinakoa, doan» egiten dutela gaineratu du. Orain bere partea bete dezala exijitu diote VWi. Moralesek gaineratu du egindako sakrifizioak produkzio ahalmena gehienezko ahalmenera iristeko egin dutela, urtean 350.000 auto eginez, enpleguari eusteko helburuarekin. Hori hautsiko balitz, lan baldintzak berrikusi behar direla uste du.
Trantsizio zaila
Garai zaila datorkio gainera VWeko fabrikrari. Auto elektrikoranzkoa trantsizioa «basamortuko zeharkaldia» izango zela bazekiten 2021eko irailetik, baina aste honetan jakin dute zeharkaldi horren luzera, eta zuzendaritzak emandako zifrekin «harrituta» agertuko direla gogorarazi dute.
Asteartean egindako bileran azaldu zien zuzendaritzak 2024an Poloak egiteari utzi zaiola, auto elektrikora egokitzeko egin behar diren obren hasieraren ondorioz. Hala, 2024an, produkzio jaitsiera «esanguratsua» izango da, eta 2025etik 2026ra erdialdera, are handiagoa, Euro 7 araudiaren egokitzapenak eta obrek behartuta. Lantokian espero zuten 2027tik aurrera fabrika normaltasuna berreskuratzea eta errekuntzako ibilgailuen eta auto elektrikoaren ekoizpenarekin enpleguari eustea.
Alabaina, bateria fabrika kolokan egoteak egoera errotik aldatu du. Kontuan eduki behar da trantsizio horren inguruko baldintzak negoziatzeke dituztela. Langileen batzordeak irmo esan du enplegua bermatzea izango dutela iparrorratz.