Beste hamahiru eguneko lanuztera deitu du ELAk Bizkaiko zahar etxeetan

Apirilaren 21etik maiatzaren 3ra arte eginen dute greba. LABek eta CCOOk ere lanuzte gehiago iragarriak dituzte datozen asteetarako.

Bizkaiko zahar etxeetako langileak, iragan astean Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean eginiko agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko martxoaren 31
15:49
Entzun

ELA sindikatuak greba egun gehiago iragarri ditu Bizkaiko zahar etxeetan: apirilaren 21ean hasi, eta maiatzaren 3an bukatuko da lanuztea. «Patronalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sektorearen beharren aurrean erakutsitako utzikeria» salatu nahi du sindikatuak greba deialdiarekin, eta «egungo zaintza eredua betikotu» nahi izatea egotzi die.

Zehazki, ELAk adierazi du patronalak eta aldundiak entzungor egiten dietela sektoreko langileen lan premiei. Hainbat dira sindikatuaren eskaerak: langile gehiago kontratatzea, lan baldintzak zahar etxe publikoetako langileenekin berdintzea —egoitza gehienak pribatuak dira Bizkaian—, ordezkapenak lehenengo egunetik egitea, eta lanaldi osoko kontratu gehiago egitea. Soldata igotzeko ere eskatzen ari dira, erosahalmena berreskuratzeko.

Horrez gain, sindikatuak salatu du sexu arrakala agerian gelditzen dela sektore feminizatuetan: «Emakumeok behin eta berriz frogatu behar izaten dugu gai garela borrokatzeko zaintzaren sektoreko egoera eta gure lan baldintzak hobetzeko». Borroka hori «areagotuko» dutela gaineratu du ELAk, «lantokietan, eskualdeetan eta Bilboko kaleetan».

Orain arte, 39 greba egun egin dituzte Bizkaiko zahar etxeetan, ELAk deituta —martxoaren 15etik 24ra egin zuten azkena—. Apirilekoak eta maiatzekoak gehituta, 50 greba eguneko langa gaindituko dute zahar etxeetako beharginek. Horiez gain, baina, lanuzte gehiago iragarriak dituzte beste sindikatu batzuek ere. LABek, adibidez, bederatzi eguneko grebara deitu du zahar etxeetan: apirilaren 3tik 5era eta maitzaren 15etik 20ra. CCOOk deituta, berriz, hamar egunez utziko dute lana: apirilaren 13an eta 14an; maiatzaren 22an, 23an eta 24an; eta ekainaren 12tik 16ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.